Biografiak

Teodosio (edo Theodosio) de Goñi

San Miguel Aralarkoan (Nafarroa) dagoen santutegiarekin lotzen den pertsonaia ospetsua, haren sortzailea dela esan ohi baita. Hari lotutako elezaharrak garai barrokoan du jatorria (XVII. eta XVIII. mendeak). Hala ere, pertsonaia kokatzeko testuinguru historikora jotzen badugu (besteak beste, Francisco Navarro Villosladaren Amaya y los vascos en el siglo VIII -1879 -izeneko eleberrian agertzen da), VIII. mendera arte egin behar dugu atzera, arabiarrek Espainia konkistatu zuten garaia eta, gerora, Pirinioetako haranetan konkistaren aurrean izandako altxamendua gogoan hartuz.

Teodosio

Laburbilduz, Goñiko zaldunaren elezaharrak Goñin (Nafarroan, Andiako mendilerroaren alboan kokatutako haranean) jaiotako antzinako noble baten istorioa kontatzen du. Horren arabera, zaldunak gerrara jo zuen etxean emazte gaztea eta guraso zaharrak utziz. Behinola, borrokaldi batetik itzultzen ari zela, Errotabidea izeneko gunean, Goñi herritik hurbil, gerlariak ermitauz mozorrotutako deabru batekin egin zuen topo eta hark emazteak mirabearekin engainatzen zuela esan zion. Sumindurik, zalduna iluntzean iritsi zen etxera, eta bere ohean bi pertsona zeudela ikusita, hil egin zituen, bere gurasoak zirela ohartu gabe. Gerlaria kalera irten eta emaztea elizatik itzultzen ari zela ikusi zuen. Orduan ohartu zen egindakoaz. Ikaratuta eta damututa, Erromara bidaiatu zuen guraso-hiltzaileak, aita santuaren absoluzioa eskatzeko. Hark aberria, etxea eta emaztea utzi eta mendien bakardadean barna ia biluzik erromesaldia egitea jarri zion penitentzia modura, gorputzera atxikita zituen kateak hautsi arte. Azkenik, Aralar mendian apurtu ziren kateak. Dena den, horren aurretik Pagadi mendian, Goñi herritik hurbil, kate-maila bat hautsi zen mirariz. Bertan eraiki zuen Teodosiok San Miguelen ohorezko lehen tenplua, oraindik bertan ikus daitekeena.

Andiako mendilerroan kokatutako leku horretatik Goñiko zaldunak Aralarko mendilerrora jo zuen. Azkenik, han amaitu zen bere penitentzia. Tomas de Burguik (1774) 714. urtean kokatzen du gertaera hori, hots, gurasoak hil eta zazpi urtera. Amaiera hori oso ohikoa da erdi aroko elezaharretan. Mendi horretako zulo batean bizi zen herensuge bat agertu zen penitentearen bidean eta hura irensteko mehatxua bota zion. Orduan, Teodosiok San Miguel Arkanjeluari dei egin zion eta azken horrek libratu zuen piztiarengandik. Salbamenaren ondotik, Teodosiok San Migueleko santutegia eraikitzeko agindua eman zuen altueran eta han biziko zen bere emaztea zen Constanzarekin. Horrela "hura gurtzen zuten apaizentzat etxe eta etxebizitzak eraiki zituen" hil arte.

Teodosio