Biografiak

Teodosio (edo Theodosio) de Goñi

Joan den mendearen erdialdera arte, Goñiko zaldunaren pasartea elezaharraren eta errealitatearen artean kokatzen zen. Hori horrela zen, neurri batean, zenbait elizgizonek haren iraganeko existentziari buruzko balizko "datu historiko" batzuk kaleratu zituztelako zehaztasun gehiegirik gabe, esate baterako, arestian aipatutako frai Tomas de Burguik (1774). Gaur egun, ordea, antropologia sinbolikoaren aurrerapenari esker, Teodosio de Goñiren pertsonaia dagokion planoan kokatzen da: mitoan...; hala ere, bide batez esangarri da, horrek ez duela interesa itzalarazten.

Teodosio

Caro Barojaren (1969) azterketari jarraiki, Levi Straussen eragina zuena, argi ikusten da elezahar horrek beste kontakizun klasiko batzuekin duen antzekotasuna (besteak beste, Edipo, Sofocleseko errege), izan ere, antzinako pasadizo horietan gertaera bera agertzen da (guraso-hilketa), beste aldaera batzuekin hornituta. Frazerren iritziz (La rama dorada izeneko lanaren egilea) elezahar klasiko hura egokitu egingo zen ideologia kristaura (Judas Iscariote) eta, ondoren, erromesaldiaren bideetan zehar hedatuko zen. Berez, guraso-hiltzailearen kasua San Albano, San Gregorio eta San Julianen legendazko istorioetan ere agertzen da, intzestuz lagunduta edo gabe.

Horrela bada, badirudi mitoa Teodosioren pertsonaiarengana eramateko moduak, lehenik eta behin, Done Jakue bidearekin duela lotura. Ez da ahaztu behar Goñi herrixka bi Done Jakue ibilbide handiren artean lekutzen dela: Hegoaldetik Gares-Lizarra bidea eta, iparraldetik, Bordele-Astorga. Horrela uler daiteke mitoak Andiako mendilerroaren magalean paratzen den herriarekin duen lotura, non antzeko elezaharrak aurki daitezkeen San Julianekin lotuta (ikus, Ororbia y Vidaurreta).

Teodosio

Burgui aitak zalantzazko lekukotzetan oinarrituz esandakoaren arabera, Teodosio de Goñi herri hartakoa zen, non Larrañaren-etxea izeneko etxea baitzuen. Zenbait dokumentutan jasotzen denez, gerora, 1517an, Nafarroako erregeordeak etxe horren kategoria aldatu eta jauregi edo jauretxe bilakatu zen, San Miguel jauregi izena hartuta. Halaber, Goñiko jauregi zahar bat ere aipatzen da, itxura batean Teodosioren aitaren jabetzakoa. Gaur egun herrian eraikin horietako bakarra ez badago ere, oraindik Goñiko zalduna inguralde horretako gune batzuekin lotzen duten lekukotzak eta tokiko elezaharrak mantentzen dira. Horien artean, aipagarri dira Errotabidea (deabrua agertu zen lekua), Larrañaren etxea izeneko etxea hartzen zuen orubea (jauregiaren ohorezko hilarri bat mantentzen da bertan) eta San Miguel izeneko ermita Pagadi mendian.