Kontzeptua

Piztuera-Igandea

Kristauaren unibertsoan, jaiotza, heriotza eta piztueraren kontzeptuak dira bere filosofia erlijiosoaren oinarrizko zutabe eta harroin. Jesukristo emakume gizatiar baten sabelaren bitartez jaio zen betiereko bizitzara, gizakion modura hilez eta gizateria osoari bekatuak barkatuz, jainkozko bizitza berrira berpiztu eta birjaiotzeko. Jesus Jainko bihurtzen da kristauen komunitateko kideen artean betiko bizitzeko.

Gizatalde katolikoek, urterik urte, gizaki egin zen Jainkoaren kronologia oroitu eta berreraikitzen dute, jainkotiarren eremura igon ahal izateko gurutzean hil behar izan zuelarik. Honetara, bere jarraitzaile guztiei (izpirituaren gardentasunari ezker eta egindako bekatuen damu errepikariaren bidez) azken epaiketari begirako betiereko bizitza zerutarrera iristeko aukera eman zien. Hortik datorkie Pazkoaren misterioa birgogoratzeko beharra, gertakari loriatsu eta berebiziko alaitasunerako zio bilakatzeko premia, azken amaiera izaten baita gogoangarria edo, bestela esanda, berpizkunde edo piztueraren pasartea (sinesbide erlijioso honen sinestunei adierazten dien guztia aintzat hartuta).

Hortaz, ebanjelioek narratutako gertakariak ekartzen ditu gogora sinestunen komunitateak. Horrela Hilobi Santuaren zaintzan ari ziren jagoleak zorabioan galdu zuten sena eta, orduko argiaren indarrak itsututa, soldaduak lurrera erori ziren txundituta, geroago, senera bihurtuta, bertatik bertara egiaztatu zutelarik Kristoren gorpua desagertua zela. Geroago, mugarritzat jo izan da Jesus biziberrituaren eta bere amaren elkarretaratzea, berori baita doluaren amaieraren gertakizun sinbolikoa (gizakion heriotza den heinean) eta gizaki jainkotiar gisa bizitzara bueltatzeak eragindako pozaren lekuko. Alderdi hau agerian daramate Enkontru izeneko prozesio klasikoek. Honez gain, sasoi berezia da emakumeen izaerari begira, andreek hartzen baitute eginkizun lehenetsia.