Kontzeptua

Piztuera-Igandea

Mendeetan zehar, pilatutako gertakari ebanjeliko eta ikonografikoen sekuentziazioa dugu Aste Santua, analfabetismo-maila handiko populazioari dotrina irakasteko xedeaz. Honengatik ez da harritzekoa, Piztueraren domeka honekin zuzenean edo ez erlazionaturik, zenbait tradizio eta ohitura aurkitzea.

Honetara, ez da zaila aipatutako jai-egun honetako berezko gertakarien kronologian txertatzen den hainbat ohitura, Loriazko larunbatetik abiatuta, Pazkoaren bezpera deritzogunetik abiatuta, liturgi aro berriari edo Piztueraren Pazkoari hasiera ematen diotenak. Beste ohitura batzuk, ordez, modu anakronikoan aurkezten dira eta ausaz sortzen dira data hauen inguruan. Eta, azkenik, beste era bateko usadio eta ohitura herrikoi batzuk berez doaz narrazio ebanjelikoen bilakaera logikoari loturik.

Honela gertatzen da Loriazko larunbatean, Alesbes herriko alabardariekin. Ostiral Santuan egindako "Zazpi Hitzen" ospakizunean, antzerako ekintza burutzen dute Erriberriko eta San Martin Unx-eko alabardariek, edo Piztuera-igandea, Hondarribiko erromatar tropa, tximistak jo legez, erortzen denean bezala, Loriazko larunbatean ere ikus daitekeen herri-ekitaldi batean.

Adierazi den moduan, adierazpenik zaratatsuena elizako kanpaiek eginikoa da (ordura arte doluak mutututa egon direnak, zuraren soinu zakarrak ordezkatuta), ordutik aitzina eta bereziki Piztuera-igandeko elkarretaratzearen unean, ama eta bere semea elkartzeko une horretantxe, berebiziko bozkario, erabateko poz bilakatuko dena.

Horregatik, hamaika tokitan (Lekeitio, Gesaltza Añana, Tutera, Cabanillas, Urduña, eta abar) ospatzen da Enkontruaren prozesioa, non Jesukristo gurutzatuaren eta Ama Birjina doluz jantziaren irudiak ibilbide eta kale ezberdinetatik abiatu eta toki zehatz batean elkartzen diren. Bertan, haur-aingeru edo pertsona zehatz batek kendu egingo dio lutoa Ama Birjinari eta gainezka egiten dute pozak eta alaitasunak (kanpai errepika, musika bizi-biziak jo, irudiok bizkor eta alaiki eraman, aldarriak, txaloak edo kantuak eta beste).

Aldi berean, bai bezperan (Tuterako itzulipurdia) edo prozesio honekin batera, Arabako hegoaldean (Gesaltza Añanan, Samaniego, Moreta, Eltziego eta abar) eta Nafarroan (Lizarra edo Cabanillas) Judasen irudiko panpina egin ohi zen eta egiten da (bai eta Judesa bere emaztearena ere). Txotxongilooi irainak esan ohi zaizkie traidoreak bailiren eta urtean jazotako gaitz eta zoritxar guztien errua dutelakoan. Astindu, inarrosi eta narraz eraman ostean, amaieran harrikatu edo erreko dituzte.

Bizkaiaren sartaldeko haranetako neska gazteek (Karrantza eta Lanestosa hiribildukoek) eta Lakuntzako andreek Jesukristoren Piztueraren omenez dihardute kantuan. Lehenengoen kasuan, larunbat eta igandean zehar egin ei duten eskarizko ibilbidean barrena, doluaren amaierari buruzko kantuan aritzen dira:

Oh, que Sábado de Pascua
Oh, que Domingo de flores
Oh, que Sábado de Pascua
ha amanecido señores.

Quítale el manto de luto
a la princesa María
quítale el manto de luto
y ponle el de la alegría.

Gainera, egun seinalatua da, herri-adimenaren argitara, arropa berriak janzteko eta, gure kultur ingurunearen barruan, une egokia aita-ama bitxiek pazko-ogia edo hiru puntako ogi klasikoa seme-alaba besoetakoei eman diezaieten. Ohitura hau zabala zen oso Garazi inguruan eta morrodoa zeritzoten bertan, Bidasoaren ubidean adar opil esaten diote, Baztanen aitatxi edo amatxi-opil, Oiartzunen San Markos-ogia, Aramaion karapio diote eta Arratia eta Busturialdean mokotza edo morrokotsa.Beste garai batzuetan, egun honetan abiatzen zen herri-josteta ludikoen, dantzaldi publikoen eta ezkontzen sasoia, Hausterre-egunean abiatutako Garizumak ezabatu edo debekatu izan dituenak. Herri eta hirietako eguneroko bizimodua normaltasunera itzultzen da, giza bizitzaren beraren esanguraren inguruko hausnartze-aldia edo agindu katolikoen urteroko errepikapena amaituta.