Kontzeptua

Piztuera-Igandea

Garizumak sinestun katolikoaren lurrekotasunarekiko garbiketa orokorra du oinarri, izpiritu-prestaketarako sasoia delarik, Pasioaren astean mailarik gorenera iritsiko dena. Norberaren penitentzia edo autodiziplina, barau zorrotza eta giza existentzia hutsalaren oroimena, ororen gain.

Bere aldetik, baitaratu eta barnebiltzeko joera, dolu erlijioso eta alaitasun-agerpen guztiak oro debekatzeko jarrera horrekiko kontrapuntua da Pazkoaren astea. Kanpaien soinua, Aintzarako joaldiak, berriro ere entzunik, bizitzak eguneroko erritmoa berreskuratzen du eta, honekin bat, etxe barruko edo kaleko ospakizunak eta tokian tokiko festak biziberrituta.

Gainera, Piztuera-igande horretan bertan, fededun katolikoek Pazkoaren liturgiari ekiten diote, berrogei egunak amaituta, Igokundearen osteguneko jaia (edo Kristo biziberrituaren zeruratzea) ospatzeko. Hamar egun geroago, Mendekoste-liturgia izenekoari ekinen zaio bete-betean, kolore gorria (suaren, odolaren eta erregetasunaren ikur) nagusi izanik eta Izpiritu Santuaren ustezko etorreraren adierazle.

Piztueraren Pazkoa edo Pazkoa loretsuaren ospakizuna da, funtsean, purutasun eta poztasunerako sasoia, hauen ezaugarri kolore zuria delarik, laborantzaren loratze eta umatze-garaiak paraleloan baitoaz, heriotzaz besteko betiereko bizitza badelako kontzeptu eta dogma katolikoekin.