Kontzeptua

Oroimen historikoa

Espainiar testuinguruari dagokionez, bi jarrera bereiz ditzakegu oroimen historikoa kontzeptuarekiko. Alde batetik kontzeptu honen erabilera egiten dutenak -Julio Aróstegui edota Josefina Cuesta historigileen hausnarketa kritikoak dira hauen adibide- eta bestetik kontzeptu honen erabilera gaitzetsi dutenak. Santos Juliá historigilea izango litzateke azken hauen adibide nagusienetakoa. Bere ustez, oroimena bakarkako gauza da eta beraz oroimen historikoa edo oroimen kolektiboa bezalako kontzeptuekin arazoak dauzka. Santos Juliáren arabera ezin da oroimen historiko bati buruz hitz-egin, oroimena anitza bait da, gizaki bakoitzak bait du oroitzapenerako ahalmena. Bere ustez, oroimena gauza bat da eta historia beste bat, guztiz desberdinak. Honetan, Santos Juliák bat egiten du gizarte zientzietan eman diren azalpenekin. Oroimen historikoari buruz hitz egitean historiaren erabilerari buruz -askotan helburu politikoekin- arituko ginateke, non oroimen historikoa jarrera politiko desberdinen arteko borrokagune bihurtzen den.