Kontzeptua

Oroimen historikoa

Oroimena eta oroimen historikoa kontzeptuak gaur egun ohizko terminologia bihurtu dira, ez bakarrik gizarte zientzietan, baizik eta komunikabideetan eta hizkuntza arruntean, hauen esanahia beti argi ez badago ere.

Definizio teorikoak alde batera utzita, oroimena eta oroimen historikoa kontzeptuen erabilerak, badu espainiar eta euskal testuinguruan esanahi zehatz bat: gaur egungo kontestuan, Gerra Zibila eta Francoren diktadura garaiari erreferentzia egiten die batez ere oroimen historikoa kontzeptuak. Zehazkiago, gerra galdu eta ondorioz ahaztuak eta isilduak izan ziren horien ikuspuntutik begiratutako iraganari egiten dio erreferentzia. Zentzu horretan, oroimen historikoa kontzeptua berreskurapen hitzari oso estuki lotua azaltzen da: ohizkoena da "oroimen historikoaren berreskurapena" hitzak elkarrekin ikustea. Hau da, oroimen historikoa nagusiki, oroimen berreskurapen prozesu bat bezala ulertzen da, eta honekin aditzera eman nahi da iraganean ahaztu eta isiltasunera kondenatuak izan ziren haien iraganaren interpretazioa berreskuratzea. Honek ahaztu eta isilduriko historia baten existentzia aditzera ematen du, baztertua egon dena, askotan gizabanako edo taldeen oroitzapenetan gelditu dena historia ofiziala beste bide batzuetatik zihoalako; isilduriko oroimen historiko hori da gaur egun pixkanaka azaleratzen ari dena, historigileek bere ikerketen objetu bihurtu dutelako. Honekin bat egingo luke euskal kontestuan oroimen historikoaren inguruan bere lana garatu duen Mikel Errazkin gizarte- eta kultur-antropologoak erabili izan duen definizioak: "bizitza txikiez osatutako mosaikoa da oroimen historikoa".

Gizarte talde baten oroimenean mantendu diren gertakizunak berreskuratzea eta historiaren parte egitea izango luke helburu azken urteetan espainiar eta euskal gizartean sortu den oroimen historikoaren berreskurapen mugimenduak. Mugimendu hau bat etorriko litzateke historiografia berriarekin, espainiar eta euskal iraganean azaldu gabe gelditu ziren hainbat gertakizun ezagutu eta ulertzeko helburuan. Beraz kontzeptu honek nolabaiteko errebindikazio izaera badu: baztertua, ahaztua, isildua gelditu den historiaren parte hori berreskuratzearena (zentzu horretan erabiltzen dira: garaituen oroimena, errepresioaren oroimena, erbestearen oroimena, oroimen errepublikarra... bezalako espresioak).

Seguraski oroimen eta oroimen historikoaren esanahi honek pizten du halako eztabaida gaur egun, batez ere bere erabilerak aditzera ematen duenagatik: orain arte nagusitu den iraganaren erabilera politikoa salatzen du. Oroimen historikoa kontzeptua gaur egungo iraganaren inguruko eztabaidaren ardatz bihurtu da: adostu gabeko iragan bati erreferentzia egiten diolako, eta iraganaren interpretazioari dagokionez kontsensu falta hori zuzenean salatzen duelako. Baina arazoa ez da kontzeptua bera, baizik eta euskal eta espainiar testuinguruan dagoen egoera, kontzeptuaren definizioa eta erabilera bera zaildu egiten dituena.

Oroimen historikoaren inguruko polemika arlo guztietara zabaldu da: gizartean dagoen polemikaren islada dira komunikabideetan eta politika munduan garatu diren eztabaidak, baita gizarte zientzietan azaleratu direnak ere.