Kontzeptua

Oroimen historikoa

Orain dela 50 bat urte oroimenaren gaia historigileentzako ezezaguna bazen, modazko ikerketa objetu bat izatera pasatu da azken hamarkadetan. Azken urteetan oroimenaren inguruko ikerketak asko ugaritu dira gizarte zientzietan, eta gaur egun "oroimenaren inflazioa" bizi dugula esan daiteke. Hau, hainbat autorek "oroimenaren beharra" delakoarekin lotu izan dute; hau da, gaur egungo gizartean ematen ari diren aldaketa azkarrek identitate berriak sostengatuko dituzten sustraiak bilatzeko tendentzia bat ekarri dutela dirudi. Bestalde, historigileek XX mende amaiera markatu duten hainbat gertakizunen garrantzia aipatzen dute iraganarekiko jarrera hau azaltzeko: Gerra Hotzaren amaiera eta Europa ekialdeko eredu komunisten gainbeherak, baita Hego Amerikan zeuden hainbat diktaduren amaierak, eta Afrika Hegoaldeko apartheid delakoaren amaierak prozesu demokratiko berriak ireki ditu herrialde askotan. Prozesu hauen parte garrantzitsua izan da eredu demokratiko berri horiek bere iraganaren aurrean hartu duten jarrera (iraganaren berrikuspena, kalteordain politikak, egiaren komisioak, etab.). Azken aldi honetan mendebaldeko gizarteen kultura eta politika munduaren kezka nagusi bat bihurtu den oroimenak Espainian ere Gerra Zibila eta diktaduraren garaiak nolabait argi berri baten pean begiratzea eragin du.

Hala ere, oroimenari buruzko hausnarketak ez dira berriak gizarte zientzietan. XX. mende hasieratik, historigile eta soziologo ugarik adierazi dute oroimenagatik interesa beren ikerketetan. 1920. hamarkadan hasi zen Maurice Halbwachs historia eta oroimenaren arteko harremanetaz kezkatzen, eta oroimenari buruz ikertzen duten zientzilarien ikerketen oinarrian aurkitzen dugu oraindik ere bere lana. Baina agian Pierre Nora historigileak 1980 hamarkadatik aurrera garatu zuen lana da arlo honetan ezagunena eta eragin gehien izan duena. Berak garatu zuen lieux de mémoire -hemen oroimen leku bezala itzuli dudana- kontzeptu arrakastatsua. Pierre Norak 1977-78 ikasturtean Gaurko denboraren historia (historia del tiempo presente) arloari buruz irakasterakoan erabili zuen oroimena kontzeptu hau lehenengoz, eta ondoren Nouvelle Histoire-en argitaratu zituen gai honen inguruko lehen lanak 1978 urtean.

1988 urtean Paul Thompson-ek The voices of the Past argitaratu zuen Bretainia Handian. 1980 hamarkada horretan, ahozko historiaren arrakastari lotuta, aurreko hamarkadetako gertakizunek historigileen interesa erakarri zuten eta pixkanaka historigileak iturri idatzi eta ahozko iturrien arteko bereizketaz kezkatzera eraman zituen; bizitako historia eta idatzitako historiaren bereizketa alegia. Handik aurrera, historigileen artean funtsezkoa bilakatu da historia eta oroimenaren artean bereiztea: historia iraganeko gertakizunen ezagutza zientifikoa den bitartean, oroimena eraikuntza soziala da, gertakizunak bizi zituztenek eta hauen ondorengoek jasotako oroimena. Bereizketa hau denontzat nahiko argi badago ere, historia eta oroimenaren arteko harremanak zehazterakoan iritzi aniztasun handia dago oraindik.