Kontzeptua

Oroimen historikoa

Oroimen historikoa, bere iraganaren arrastoa ez galtzeko gizarte talde batek egiten duen ahalegina da, talde horrek eraiki duen bere iragan horren irudikapena mantenduz eta datozen belaunaldiei helaraziz. Gaztelania eta euskarazko erabileran eta nagusiki gaur egungo euskal eta espainiar testuinguruari dagokionez, sarritan giza talde horrek egiten duen ahalegin hori iragana berreskuratzeko saiakera bezala azaldu ohi da, iragan hori nolabait galduta edo ahaztuta balego bezala.

Zentzu horretan, oroimen historikoa askotan oroimen kolektiboarekin nahastu izan da; hau da, talde baten identitate sentimenduak sostengatzen duten bizitako edo jaso eta mitifikaturiko oroitzapen multzoarekin. Hala ere, bi kontzeptu hauek ez dira nahastu behar.

Oroimen historikoa definitzerakoan zera esan daiteke beraz:

  1. Oroimen historikoa eraikuntza prozesu baten emaitza da, non talde batek bere iraganaren irudi bat sortzen duen. Hau da, gizakiek aktiboki eta selektiboki eraikitzen edo sortzen dute beren oroimena, gauza batzuk gogoratuz eta beste batzuk ahaztuz edota isilduz. Zentzu horretan oroitzapenaren lana, norberak edo taldeak egiten duen lan aktiboa da. Horretarako, hainbat prozesu desberdin jar daitezke martxan: oroitzapena, isiltasuna, ahanztura, mitifikazioa... Hauen bitartez oroimenak iragana aldatu egiten du, gaurko egunean baliagarri zaion iragan imajinatua eraikitzeko.
  2. Horrexegatik ere aldakorra da oroimena (gaurko egoeraren arabera begiratzen da iraganera, eta iragan horretatik gertaera desberdinak ekartzen dira gogora; gaur egungo egoera aldatzen den heinean, iraganarekin egiten diren loturak ere horren arabera aldatuko dira).
  3. Oroimen historikoa ez da beraz iragana bera, eta ez da horrekin nahastu behar, baizik eta iragan horrekin lotura bat egiteko saiakera, iragan horretatik hainbat gertaera eta prozesu oroitzeko (konmemoratzeko) saiakera.
  4. Oroimen historikoa ez da ezta ere historia. Nahiz eta bien arteko harremana estua izan, bi hauek bereizi behar dira. Santos Juliá historigileari jarraituz, lehenengoa gogoratzea bezala ulertu behar den bitartean, bigarrena ezagutza zientifiko prozesu batekin lotu behar da. Historia, iraganaren ezagutza zientifikoan oinarritzen den heinean, akumulatiboa da; oroimena aldiz, egoera politikoaren gora-beren arabera aldakorra da. Historian ezagutza zientifikoaren prozedurak eta objetibotasuna funtsezkoak diren bitartean, oroimenak orainaren arabera aukeratu egiten ditu gogoratu eta ahaztu nahi dituen gertaerak, beti ere oraina legitimatzeko eta birgaitzeko helburua bait du. Oroimenak badu iraganarekin nolabaiteko harreman afektibo bat, historiari ukatzen zaiona. Santos Juliá-rentzat, beraz, historia eta oroimenaren artean dagoen harremana gatazkatsua da. Ez dugu zergatik bat etorri behar Juliá-k ematen dituen argumentu hauekin, baina argi dago bi kontzeptu hauek bereizi behar ditugula.
  5. Oraina eta iragana konektatzen ditu oroimenak. Oroimena, baita oroimen historikoa ere, oraina eta iraganaren artean loturak ezartzeko saiakera da. Oroimena beti orainean sortzen edo eraikitzen da, baina iraganari begira dago, bertatik zerbait berreskuratzeko asmoarekin. Iraganari begirada hori gaurko egunetik eta orainean kezkatzen gaituzten gai horietatik egina dago, eta horrek begirada hori baldintzatzen du. Iragana eta orainaren artean bi norabideak jarraitzen dituen elkarrekikotasun harreman bat sortzen da (iraganetik orainera eta orainetik iraganera).
  6. Anitza da, ez dago oroimen bakar bat, baizik eta talde desberdinek eta momentu desberdinetan oroimen desberdinak landuko dituzte.

Baina nola gauzatzen da gizarte jakin batean iraganarekin loturak egiteko saiakera hau? Horretarako bitarteko ezberdinak daude eta azken urteetan asko ikertu da gizarte desberdinetan oroitzapen jarduera hauek betetzen duten paperaren inguruan. Jarduera horien artean aurkitzen ditugu: festa eta konmemorazioak, monumentuak, museoak baita oroimen lekuak ere. Azken hauek Pierre Norak lieux de mémoire bezala definiturikoak dira; hau da, iraganarekin lotura bat adierazten duten kultur fenomenoak, belaunaldietan zehar bidaiatzen den oroimenean esanahi sinboliko berezi batez beterik daudenak eta taldearentzako talde bezala identifikatzea laguntzen duen esanahi konkretu bat dutenak.