Kontzeptua

Nafarroako Inauteriak

Festa horietan egiten ziren dantzak une jakinetan dantzatzekoak ziren eta, orokorrean, mutil gazteek egitekoak. Horixe gertatzen zen Lantzeko Zortzikoarekin, Arano eta Goizuetako Zaragi Dantzarekin edo Aresoko Ingurutxo izenekoarekin. Luzaideko kasua oso berezia da, izan ere, tradizioekiko maitasuna handia da bertan, bereziki dantzarekikoa. Gerra zibila iritsi aurretik herri horretan Inauteriak ospatzen ziren ohiko egunetan. XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan ospakizun-data aldatu egin zen eta, ordutik, soilik Pazko-igandean ospatzen dira. Jautzak (Muxikoak, Hegi, Lapurtar motxak, etab.) eta bestelako dantza batzuk dira ospakizuneko izar. Modu horretan, dantza horiei lotutako identitatea baitaratu dute bertako biztanleek.

Zenbait zirkulutan, koreografia mota ezberdinak aipatzeko dantza eta dantzaldi izendapenak erabiltzen dira, bereizketarik gabe. Dena den, bi izendapen horien artean bada ezberdintasunik semantikari eta egiturari so: dantza autoktonoa, hura baitaratzen duen kulturak moldatutako dantzaldi inportatua. Biak agertzen ziren, eta dira, eskeetan eta "soltean" egindako dantzaldia eta "lotuan" egindakoa bereiz daitezke. Horietan baserrietako jabeek ere parte hartzen zuten, harremanezko elementu modura eta adiskidetasunaren erakusgarri.

Dantzaldi mota horiek funtsezkoak ziren igande eta jaiegunetako dantzagarri eta erromerietan. Horrez gain, Inauteri-igandean ere egiten ziren eta, zenbaitetan, Astearte-inauterian ere bai. Dantzaldia amaituta, otoitzaren burrunban edo illun ezkille entzuten zelarik, neskak etxera joan behar ziren. Mutilek laguntzen zieten etxera bidean eta behin etxean utzita, tabernara itzultzen ziren afaldu, dantzatu eta festa horietakoak egiteko.

Instrumentistak ezberdinak ziren herri edo zonaldearen arabera. Zenbaitetan gazte-elkarteek kontratatzen zituzten; beste batzuetan herrikoak izaten ziren. Leku batean pandero-jotzaileak alaitzen zuen giroa eta beste batean txistularia edo soinujolea izaten zen jendartea alaitzen zuena. Erdialdean eta hegoaldean gitarrek eta bandurriek ere ospe handia zuten: beste instrumentu batzuen laguntzarekin edo gabe, dibertimendua bermatuta zegoen.

Eta, azkenik, jokoak. Pikuaren jokoa, "piku-jokoa" oso hedatua zen Nafarroan eta baita beste hainbat lurraldetan ere; herri batzuetan erreferentea zen gainera: Heldu batek, gehienetan mozorrotuta, haurrak elkartzen zituen eta makila bat erakusten zuen lehortutako pikua zintzilik zuela. Haurrak hura ahoarekin harrapatzen saiatu behar ziren.

Beste adibide ere eman daitezke. Lehenengoa Luzaiden egiten den Atxe ta tupinak. Bertan bi mutil mozorrotu egiten dira, bata emakume arropaz jantzita eta bestea elorriaren adarrak jantzita. Helburua haiek eranztea da. Bakoitzak bere zirtzila du eskuetan, ahalegin betean diren gazteengandik defendatzeko erabiltzen duten porra modukoa.

Bigarrenik Oilar Jokua eta Oilasko Jokue aipatu behar dira, haur-joko bilakatu direnak. Joko hori egiteko oilar bat lurperatzen zen burua agerian zuela eta haurra hura ukitzen saiatu behar zen begiak itxita zituen bitartean. Gainera, musika baten soinua entzuten zen, haurraren orientagarri ala nahasgarri. Irabazleari hegaztia ematen zitzaion. Gauza bera gertatzen zen gazteen Antzara Jokue delakoarekin Betelu, Arribe, Lekunberri eta Azkaraten. Joko horretan antzarra zen lepotik zintzilik paratzen zena.