Kontzeptua

Nafarroako Inauteriak

 

Nafarroako etnografiaren historian inauteriekin lotutako ekitaldi eta elementu ugari gorde dira. Hori da, hain zuzen, lurralde horretan jaialdi horrek izan duen garrantzia adierazten duena.

Aniztasuna horren froga argia da. Iparraldetik hegoaldera epealdi horretako egun bakoitza ospatzeko hamaika modu zeuden. Hala, ospakizun batetik bestera alde nabariak zeuden. Bestalde, aniztasun horrek herri-kultura aberastu egiten du.

Bakarkako partaidetza izaten bazen ere, sentimendu kolektiboa zen nagusi: gosearen itzalpean igarotzen ziren egunak arintzeko eskeak; zalaparta eta neurrigabekeria Garizuma iritsi aurretik; bazkari eta afari bapoak; eta festari amaiera emateko panpinaren erreketa "Sardina-ehorzketa" ekitaldiaren barruan.

Ikerketa eta literatura arloan, Nafarroari dagokionez, oso gutxi izan dira data horietako berezko tradizioak jaso dituzten pertsonak. Horrenbestez, beste batzuen artean, Juan Garmendia antropologo ezagunak egindako lana hartuko dugu aintzat. Hark ahozko tradizioaren ondare bikaina jaso zuen bere garaian, hainbat herrik oinarritzat hartu dutena ospakizun horiek berreskuratzeko orduan.