Kontzeptua

Nafarroako Inauteriak

Nafarroan urtarrilean eta otsailean egiten dira inauterietako ospakizunak. Era berean, festa-egutegiak hala agintzen duenean, martxoan ere egiten da ekitaldirik.

Urte hastapenetik, zehazki esatera, Errege Mago egunaren bezperatik, haurrak, zintzarriz hornituta, kalez kale eta baserriz baserri ibili ohi dira eskean, hainbat produktu bilduz (Altsasu, Arizkun edo Iturenen, adibidez). Hala, Garizuma iritsi artean, era eta esanahi anitzeko ekitaldi ugari antolatzen dira.

Inauteriak izendatzeko modu ugari daude, inguruko lurraldeetan epealdi hori izendatzeko erabiltzen diren izenekin zerikusia dutenak. Modu horretan, egunez eguneko errepasoa egingo dugu adibide hauek emanda:

  1. Ostegun Gizena izendatzeko: Gizakunde edo Gizakondo, Emakunde edo Emakondo, Ostegun Gizen eta Orakunde.
  2. Epealdi osoa izendatzeko: Iñautik, Iñotiak, Iyotegik, Iñautek, Ihoteak, Ihotek, Ihotik, Iyoteak, Igautreak, Ihautreak, Iñauteriak, Irauteak eta Karnabalak.
  3. Inauteri-igandea izendatzeko: Domeka Karnabala, Igande Iñautea, Zaldun Iñaute eguna, Zalduniote, Karnabal Astelehena edo Iñoteri eguna.
  4. Astelehen-inauteria izendatzeko: Astelenita, Asteleniote, Astelehen Ihaute, Karnabal Astelehena, edo Iyote Astelehena.
  5. Astearte-inauteria izendatzeko: Asteartita, Astearte Iñaute, Astearte Ihotea, Iñote eguna, Ihote bigarrena, Ihaute Asteartea, Iyoti hirugarrena, edo Astearte Iñautea.
  6. Errautsetako asteazkena izendatzeko: Asteazken Ahuste, Hauste eguna, edo Austerri eguna.

Iraganetik hona izan diren aldaketak argi geratzen dira ospakizun-egunetan, besteak beste. Adibide batera: Ituren eta Zubietan urtarrileko hirugarren edo laugarren igande, astelehen eta asteartez Joaldunak irteten dira. Ohitura hori une jakiren batean izandako aldaketa bati zor diogu.