Kontzeptua

Nafarroako Inauteriak

Izaera eta ekitaldia aparteko bi kapitulutan bereizten dira. Horiek osatzen dute alderdi garrantzitsuenetako bat, Inauterien sona indartzen dutenak.

Alde batetik mozorroa daukagu. Karikatura eta antzezpena ezinbesteko elementuak dira hala bakarkako partaidetzan nola partaidetza kolektiboan.

Mozorro eta mozorrotuak izendatzeko erabiltzen diren izenen zerrenda oso luzea da, izan ere, herri edota zonalde bakoitzak bere modua baitaratu du. Horrela, gaztelaniazko izendapenak ditugu: "carátulas", "cascabobos", "cipoteros", "escaratuleros", "máscaras" eta "mascaritas".

Edota euskarazkoak, bitxiak bezain arraroak direnak. Gainera, gorputzeko elementu eta osagarriei buruzko izendapenak eta haietako aldaerak ere baditugu: joaldunak, landarrak, mamoxarroak, maskak, maskarak, mitxilargak, momotxorroak, mozorroak, mozorro beltzak eta mozorro zurik, mozorrotuak, mutxurrutako, muttuak, muxixarkoak, ñañarroak, palokiak, torikoak, txantxoak, txatarrak, txatxoak, zamar jantziak, zarratrakoak eta zomorroak.

Haurrek probokatu egiten zituzten mozorrodun edota katamalodun horiek, hainbat lelo oihukatuta. Adibide modura, Bidagontz herrixkan antzina aldarrikatzen zena ekarriko dugu hona:

"Zipotero matxuteroecha pedos al puchero.

Narraza, narrazallena la tripa de calabaza.

Triko, triko, trakono me pillarás el saconi tampoco el capazo."

 

(Idatzizko iturria: Erronkarribarreko Ihauteriak)

Mozorrotzeak katamalo bat jartzea esanahi zuen neurri handi batean, batez ere, gerra zibilaren aurretik. Bakunenak oihal eta trapuak izaten ziren, kartoizkoak edota, are, letoizkoak; beste zenbait horretara bideratutako dendetan eskuratzen ziren. Ezagutua izan gabe ibiltzeko jartzen zen mozorroa eta baita zenbait bihurrikeria egiteko ere. Azken hori mutilen kontua izaten zen.

Mozorroaren gaineko osagaiak emakumezkoen jantziak erabiliz osatzen zen, nabarmentzeko moduan jarriak berariaz. Janzkera hori mutilek hautatzen bazuten, trabestismoa irudikatzen zen. Xelebrekeria, nabarmenkeria eta, agian, zentsurarekiko ukoa nahasten ziren, alde batetik, arreta emateko asmoz. Baina, beste alde batetik, mozorroaren barnekoa ezagutua ez izateko asmoa era bazegoen.

Artilez, zintzarriz, kanpaitxoz eta kaskabiloz hornitutako mozorrodun edo katamalodunak aurki genitzakeen haurdun, apaiz eta moja janzten zirenekin batera. Hori herri askotan gerta zitekeen. Hala ere, jantzi bereziak ere baziren, denboraren poderioz sendotu direnak: Ituren eta Zubietako joaldunak; Lantzeko txatxoak, Cintruenigoko zarramuskeroak; Tuterako zipoteroak; Lesakako zaku zaharrak; edo Arizkun eta beste hainbat herritan agertu ohi den hartza.



Halaber, segizio berezi samar bat aipa dezakegu, gehienbat dantzariz osatzen dena. Luzaiden Bolantak izendatzen dira horiek, Zapurrak, Gorriak eta zaldizkoak lagunduta irteten direnak.

Badira hezur-haragizko pertsonak, badira bizigabeak eta baita bizidun artifizialak ere. Panpinak ez dira oharkabean pasa herri-pentsamoldean eta epaitu, sententziatu eta exekutatu egin izan dira. Ihabarren Aitezarkoa irten ohi zen Astearte-inauterian, hots, asto baten gainean eseritako panpina. Hura zen parodiako elementu nagusia eta bertan Landarrak (mozorrotua) ere parte hartzen zuen. Azken horrek egur-zati bat eramaten zuen esku artean, Ninia izendatzen zena: mozorrotuek hura harrapatu nahirik ibiltzen ziren eta lapurtutako egurra lurrera botatzen zuten. Horren ondorioz, jabea aieneka hasten zen soinu kirrinkaria eginez.

Ihabarren erabiltzen zen panpinaren parekoa erabiltzen zen Hiriberri-Arakilen, Aittitxarko izenez ezagutzen zena. Halaber, beste hainbat herritan ere atera ohi zen panpina tokiko hizkuntza-aldaera hartuta; esate baterako, Irañetan Atxon Zarkua izendatzen zen, Arizalan Judas eta Arbizun Aittun haundia edo Amiñ txikia.

Aparteko aipamena behar du Miel Otxin erraldoi ezagunak, zeina, bestalde, Lantzeko Inauterietako pertsonaia nagusia den. Aipatu Inauteriak Nafarroako Interes Kulturaleko Ondare Ez-Material gisa deklaratu izan dira. Inguruko herriak izupean zituen bidelapur baten elezaharra testuinguru paregabea da Astearte-inauterian egiten den erreketarako. Horrez gain, aipagarria da Xigantia Luzaidekoa, kalez kaleko ibilaldian dantzen doinuak agintzen duen erritmora astintzen dena eta goizean pilotalekuan egiten den antzezpenean protagonista dena.