Erakundeak

Nafarroako Gobernua

Beste autonomi erkidegoetan bezala, Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta kontseilariek ere badute estatutu propio edo erregimen berezi bat, zertarako eta duten goi karguari dagokion duintasuna emateko, esleitu zaizkien erakundeei lotutako xedeak betetzen laguntzeko eta, erantzukizun jakin batzuk eskatu nahi zaizkienean, hainbat berme bereziren itzala eskaintzeko. Hobekuntzak agintzen duenez, Nafarroako Gobernua arautzeari buruzko foru legeak jasoko du estatu pertsonal horren arauketa (NFEBHLOko 25. art.).

Nafarroako Gobernuko kideei, lehenik, ohorezko eta protokolozko eskubideak errekonozitzen zaizkie. Zehazki, maiatzaren 19ko 7/2008 Foru Legearen arabera, Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta kontseilariek "jaun edo andre txit garaia" tratamendua ofiziala izateari utzi diote, hain zuzen ere 2005eko otsailaren 18ko Ministro Kontseiluaren Erabakiarekin bat egiteko, azken horren arabera Estatuko Gobernuko kideen eta bertako goi karguen tratamendu ofiziala Jaun/Andre izango baita, segidan karguaren izena jarriz. Nafarroako Gobernuko lehendakariak eskubidea du bereizgarri gisa Nafarroako bandera eta ezkutua erabiltzeko eta bere kargua dela-eta dagozkion ohoreak jasotzeko. Halaber, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio Foru Komunitatean egiten diren ekitaldi ofizialetan buru izatea agertzen denean, salbu eta lege mailako arau bat dela-eta ekitaldian buru izatea Estatuaren goragoko ordezkari bati baldin badagokio. Nafarroako Gobernuko kontseilariek, kargua utzitakoan eta bizi diren artean, Foru Komunitateko ekitaldi ofizialetan erregelamendu bidez protokoloan ezartzen zaien tokia izanen dute (NGFLko 33, 37.1, 43 eta 47.1 artk.).

Bigarrenik, izaera ekonomikoko eskubideak errekonozitzen zaizkie Nafarroako Gobernuko lehendakariari eta kontseilariei. Lansariak, gardentasuna egon dadin, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean finkatuko dira, espresuki eta zenbatekoa adierazita (NGFLko 35 eta 45. artk.). Halaber, kargua utzitakoan, erabakitzen diren kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izanen dute haiek (NGFLko 37.2 eta 47.2 artk.).

Hirugarrenik, Nafarroako Gobernuko kideen bateraezintasunak foru lege baten bidez ezarriko dira, beren funtzioak ahalik eta hoberen bete ditzaten. Lehendakariak, kontseilariek eta gainerako goi karguek erabateko dedikazioan beteko dituzte beren eginkizunak eta ezin izanen dira batera aritu, ezta ordezko edo ahaldun baten bidez ere, beste edozein lanpostu, kargu, ordezkaritza, lanbide edo jardueratan, publiko zein pribatu izan, beraien gain edo besteren kontura, eta, halaber, ez dute beste lansaririk jasoko administrazio publikoetako edo horiei lotutako edo menpeko entitateetako aurrekontuen kargura, ezta jarduera pribatu batetik zuzenean edo zeharka datorren beste saririk ere. Beste alde batetik, Lehendakariak hautatua izateko ezinbesteko baldintza gisa foru parlamentariaren akta izatea eta Kongresuko diputatuaren akta aldi berean edukitzea Konstituzioak ez du onartzen (EKko 67. art.).

Bukatzeko, foru berezia aurreikusten da. Lehendakariaren eta gainerako kontseilarien erantzukizun kriminala, Auzitegi Goreneko behar den sailean exijituko da behar izanez gero (NFEBHLOko 27. art.).