Erakundeak

Nafarroako Gobernua

Parlamentu-sisteman gobernu-erakundeari ematen zaizkion funtzio tipikoak egikaritzen Nafarroako Gobernuak. Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko Foru Legearen 7. artikuluak zerrenda luzean adierazten ditu Gobernuaren eskurantzak. Hauek dira haren funtzio nagusienak:

  1. Nafarroako Gobernuak "Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren politika orokorra ezarri eta gidatzen" du (NGFLko 2. art.). Esapide horrek, Gobernu-erakunde bati dagokion funtzio tipikoa adierazten du: "zuzendaritza politikoaren funtzioa".
  2. Nafarroako Gobernuak funtzio exekutiboa egikaritzen du. Hobekuntzak, 14/2004 Foru Legeak ematen duen antolamendu labur eta zorrotzago baten bidez, funtzio hura betetzeko Gobernuak bere esku dituen baliabide edo ahalmenak ezartzen ditu: erregelamenduak emateko ahalmena, izaera orokorreko xedapenak aplikatzeko helburuz administrazio-egintzak emateko ahalmena, eta ahalmen ikuskatzailea gai administratibo eta ekonomiko-administratiboetan, judizialaren aitzin (NFEBHLOko 23.1 art.). Erregelamenduak emateko ahalmena, lege-mailako arauak betearaztera zuzentzeaz gain, erregelamendu independenteak egiteko ere bada.
  3. Gobernu-erakunde batean ohikoak diren legegintzako funtzioak egikaritzen ditu Gobernuak. Funtzio horiek Hobekuntzak jasotzen ditu. Alde batetik, legegintza-ekimen orokorra du, Komunitatearen eskumenekoa den edozein gaiari buruz lege-proiektuak egiteko (NFEBHLOko 19.1 art.); eta aurrekontuei buruzko legearen proiektuari dagokionez, berriz, ekimen horretan monopolioa du (NFEBHLOko 18.1 art.). Beste alde batetik, legegintzarako ahalmen eskuordetua baliatuz, legegintzako dekretuak emana ahal izango ditu (NFEBHLOko 21. art.).
  4. Nafarroako Gobernuari badagokio ere Hobekuntza aldatzeko ekimena edo hitzarmen ekonomikoak Estatuarekin izenpetzeko eskuduntza. Gobernu zentralarekin negoziatutako berrikuntza-proposamena edo Nafarroako eta Espainiako botere exekutiboek izenpetutako hitzarmen ekonomikoak Nafarroako Parlamentura eta Gorte orokorretara igorriko dira lege arruntaren bidez onets ditzaten (NFEBHLOko 45.4 eta 71. artk.).
  5. Nafarroako Gobernuak "Nafarroako foru araubidearen osotasunaren defentsa bereziki zainduko du, eta Parlamentuari eman beharko dio gerta litekeen edozein kontraforuren berri" (NFEBHLOko 24. art.). Foru-erregimenaren aurkako urraketak aipatzeko erabili ohi izan da "kontraforu" terminoa. Hala eta guztiz ere, aipatutako xedapen horrek izaera juridikoa baino politikoa gehiago du. Alde batetik, Hobekuntzak dituen helburuen artean hau jasotzen da: "Konstituzio-batasunarekin bateragarriak diren ahalmen eta eskumen guztiak Nafarroako Foru Araubidearen barnean sartzea" (NFEBHLOko 3.1 art.). Beste alde batetik, "kontraforu" izan daitezkeen gaiei buruzko eztabaidak ebazteko, Konstituzio-ordenamenduan aurreikusitako jurisdikzio-bideetara jo beharra dago gaur egun (nagusiki, eskuduntza-gatazka eta konstituzio-kontrakotasun helegitea); bestalde, hala azpimarratzen du Hobekuntzak berak ere bere 36. artikuluan. Azken batean, autonomia duen ezein entitatek bere autonomiaren defentsarako ordenamendu juridikoaren barruan egikaritu dezakeen funtzioa da, besterik gabe.