Erakundeak

Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuaren osaera ez du erregulatzen Hobekuntzak; haren Lehendakaria bakarrik aipatzen du. Nafarroako Gobernuaren osaera, izendapena eta kargu-uztea zehaztu, NFEBHLOko 25. artikuluan aurreikusitako Foru Legearen zeregina izan da.

Nafarroako Gobernua organo konplexua da, bere baitan beste organoak bereizten baitira, besteak beste Nafarroako Gobernuaren Lehendakaria eta Kontseilariak. Hala Lehendakariak, nola Kontseilariek, kide gisa, izate bikoitza dute: batetik, Nafarroako Gobernuaren kide dira eta, bestetik, pertsona bakarreko organo dira, ahalmen eta eskumen berezien titular. Aipatu denez, organoak hirutan bereiztea, Nafarroako Gobernuaren funtzionamendua hiru oinarrizko printzipio hauetan jartzearekin bat dator: elkargo-printzipioa, lehendakaritzazko zuzendaritza-printzipioa eta sail-printzipioa. Foru-legediak, gainera, hainbat organo edo laguntza emateko administrazio-unitate ezarri ditu.

Nafarroako Gobernua, izaeraz, elkargo-organoa da, Lehendakariak eta Kontseilariek osatua (NGFLko 4. art.). Aldian-aldian izanen ditu bilkurak, lehendakariak aldez aurretik deituak; bilkurarako deiari gai-zerrenda erantsiko zaio. Halaber, izan ditzake bilkurak lehendakariak erabakitzen duenean edo presako arrazoirik bada; orduan, ez da beharrezkoa izanen gai-zerrenda igortzea (NGFLko 8. art.). Baliozko erabakiak hartu ahal izateko, ezinbestekoa da bilkuran lehendakaria edo legez haren ordezkoa dena egotea, eta gutxienez kontseilarien erdiak. Eztabaidak isilpekoak dira, sekretuak, eta gobernuko kide guztiak daude sekretuari eustera behartuak, baita kargua utzi eta gero ere. Elkargo-organo denez, bere borondatea eratzeko, modu paritarioan parte hartzen dute kideek: "Nafarroako Gobernuaren erabakiak, behar den eztabaida eta azterketarekin hartuak, gobernu osoaren nahiaren adierazgarri dira eta gobernuko kide guztiak daude behartuta haiek betetzera (NGFLko 10.1 art.).

Nafarroako Gobernuaren erabakia, formari dagokionez, izan daiteke legegintzako foru dekretu, foru dekretu edo erabaki (NGFLko 12. art.). Nafarroako Parlamentuaren legegintzako delegazioaren arabera arauak onesten diztuten erabakiek legegintzako foru dekretuaren forma hartuko dute. Beste hauek, aldiz, foru dekretuaren forma hartuko dute: gobernuak erregelamendu-ahalmena erabiliz onesten dituen xedapen orokorrek, Gobernuak onesten edo ematen dituen ohore eta goraipamenek, eta lege mailako xedapen batek aginduta forma juridiko hori izan behar duten ebazpenek. Gainerakoetan, erabakien forma hartuko dute.

Hobekuntzaren 29. artikuluak arautzen du Gobernuko lehendakaria aukeratzeko prozedura; xedapen hura 1/2001 Lege Organikoak, martxoaren 26koak, aldatu zuen. Lehendakaria parlamentuak hautatuko du bere kideen artetik eta Erregek izendatuko. Parlamentuko lehendakariak, talde politikoekin aldez aurretik kontsulta eginda, Gobernuko lehendakari izateko hautagai bat proposatuko du. Hautagaiak bere programa aurkeztuko dio Parlamentuari. Hautatua izateko, hautagaiak, lehenbiziko bozketan erabateko gehiengoa lortu beharko du edo hogeita lau orduren buruan egindako bigarren bozketan gehiengo soila lortu beharko du. Gehiengo hori ere lortzen ez badu, hautagaia arbuiatutzat hartu eta proposamen berriak izapidetuko dira. Lehenbiziko bozketatik hogeita hamar egun natural iragan eta hautagairik bat ere hautatu ez bada, Parlamentua deseginen da eta berehala hauteskundeak deituko dira.

Lehendakaria izendatzea Erregeari dagokio, errege dekretu bidez, izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da (NGFLko 24. art.).

Kontseilarien gainetik, izaera politiko nagusia eman nahi izan dio lehendakariari foru legediak., Elkargo-organo baten lehendakaritza soilak dituenetatik harantzago doaz Nafarroako Gobernuaren lehendakariak dituen eskurantzak eta eskumenak. Lehendakaria, Nafarroako Gobernuko kideen artean, ezinbestez, legitimazio demokratiko bikoitza duen kide bakarra da: legitimazio demokratiko zuzena, Nafarroako herriak aukeratutako foru-parlamentaria baita; eta Nafarroako Parlamentuak aukeratu izatetik eratorritako legitimazioa. Lehendakariak dituen eskurantzetatik, hauek dira azpimarragarrienak (NGFLko 30. art.):

  1. Foru Komunitatearen ordezkari gorena izatea, baita Estatuak Nafarroan duen ordezkari arrunta ere;

  2. bere programa politikoari jarraikiz, gobernuaren egintzaren jarraibide nagusiak ezartzea, gobernuaren lana zuzendu eta koordinatzea eta Gobernua ordezkatzea;
  3. Erregearen izenean Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeak promulgatzea;
  4. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako deia egitea eta, bere erantzukizunpean, Nafarroako Parlamentua behar baino lehenago desegitea eta hauteskunde berrietarako deia egitea;
  5. Nafarroako Parlamentuari konfiantza eskaera aurkeztea;
  6. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren departamentuak sortu, aldatu, batu eta kentzea, eta bakoitzaren izena eta eskumen-esparrua zehaztea;
  7. Kontseilariak izendatu eta kargutik kentzea, baita, beharrik baldin badago, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta eleduna ere.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak, bere erabakiak efektu juridikoa izan dezaten, lehendakariaren foru dekretu bidez hartuko ditu (NGFLko 32. art.).

Nafarroako Gobernuko lehendakariak honakoak direla-eta utziko du kargua: heriotza; karguan aritzea galarazten dion ezintasun fisiko edo psikikoren bat; dimisioa; konfiantza eskaeran galtzaile ateratzea; zentsura mozioa onestea; Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egitea; karguan aritzeko ezgaitasuna dakarren epai judizial irmoa egotea (NGFLko 27. art.). Lehendakariak dimisioa aurkezten badu, konfiantza eskaeran galtzaile ateratzen bada, zentsura mozioa onesten bada, edo Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin ondoren, kargua utzi duen lehendakariak jardunean jarraituko du Nafarroako Gobernuko lehendakari berria karguaz jabetu arte. Jarduneko lehendakariak Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagozkion eskurantza guztiak erabili ahalko ditu, salbu eta kontseilariak izendatu eta kargutik kentzea, departamentuak sortu, aldatu edo kentzea, eta konfiantza eskaera aurkeztea; bestetik, ezin izanen zaio zentsura moziorik aurkeztu (NGFLko 28. art.). Lehendakariaren ordez ari denak, lehendakariaren ohore eta tratamendu berberak izateko eskubidea izanen du, eta haren eginkizun eta eskumenak erabili ahalko ditu, salbu eta konfiantza eskaera aurkeztearekin, Nafarroako Parlamentua desegitearekin eta Nafarroako Gobernuko kideak kargutik kentzearekin zerikusia dutenak; jarduneko lehendakariaren kasuan bezala, ezin izanen zaio zentsura moziorik aurkeztu (NGFLko 29.2 art.).

Nafarroako Gobernuko lehendakari hauek izan dira: Gabriel URRALBURU TAINTA (PSOE-PSN: 1984-1991), Juan Cruz ALLI ARANGUREN (UPN: 1991-1995), Javier OTANO CID (PSOE-PSN: 1995-1996) y Miguel SANZ SESMA (UPN: 1996-gaurdaino).

Izen hori, "kontseilariak", Hobekuntzan ez da agertzen; haren ordez, izen historikoa erabiltzen du: "Foru Diputatuak" (30, 31 eta 33. artk.) edo "Foru Diputazioko kideak" (27. art.). Legedi berriak, ordea, nahiago izan du beste izen hauek erabiltzea: "Nafarroako Gobernuko kontseilariak" edo "kontseilariak" besterik gabe (vid. NGFLko 39 eta hh. artk.).

Kontseilariak, Nafarroako Gobernuko kideak dira eta, aldi berean, Foru Komunitateko administrazioan esleitu zai(zki)en departamentu(eta)ko titular (NGFLko 39. art.). Modu horretara, dirudienez, "karterarik gabeko" kontseilariaren figura saihestu nahi izan du foru legediak.

Hobekuntzako 29. artikuluaren arabera Nafarroako Gobernuko lehendakaria izendatu eta gero, Kontseilariak izendatzen ditu libreki eta, nahi izanez gero, haien artean, lehendakariorde bat edo gehiago (NGFLko 5 eta 40.1 artk.). Hau da, lehendakariorde "hutsik" ez dago berez: hala nahi izanez gero, lehendakariorde bat edo gehiago egonen dira baina, aldi berean, departamentu bat edo gehiagoren titularitatea duten kontseilariak izanen dira. Bat baino gehiago badira, haien ordena zehaztuko du lehendakariak. Lehendakariordeek, Nafarroako Gobernuko lehendakariak esleitzen edo ematen dizkien eginkizunez eta departamentuetako titular diren aldetik dagozkienez gainera, lehendakariaren ordez arituko dira, hierarkiari segituz, foru legeetan araututako kasuetan (NGFLko 38. art.).

Nafarroako Gobernuko kontseilarien xedapen orokorrek eta ebazpen administratiboek foru aginduaren forma dute (NGFLko 42. art.).

Gobernuari buruzko Foru Legeak, Nafarroako Gobernuari eta bere kideei laguntzeko eta sostengua emateko organo hauek arautu ditu:

  1. Nafarroako Gobernuko eledunaren Bulegoa Nafarroako Gobernuko eledunari laguntzeko organoa da. Lehendakariak gobernuko eleduna izendatzen ahal du, eta kargu hori ez dio nahitaez kontseilari bati eman behar (NGFLko 15 eta 16. artk.).
  2. Nafarroako Gobernuko Idazkaritza, Nafarroako Gobernuan Idazkari denari laguntzeko organoa da. Nafarroako Gobernuko Idazkaritza lehendakaritzako gaien eskumena dagokion departamentuko kontseilari denaren esku egonen da (NGFLko 17. art.).
  3. Koordinazio Batzordea, Gobernuak bere bilkuretan eztabaidatu behar dituen gaiak aztertzeko ardura duen kide anitzeko organoa da, inolako erabakirik hartzeko eskumenik gabe baina (NGFLko 18. 1art.);
  4. Kabineteak gobernuko kideei laguntza politikoa, teknikoa eta administratiboa emateko unitateak dira; bertako kideak libreki izendatuko edo kargutik kenduko dituzte, behin-behineko langile diren heinean (NGFLko 19. art.).