Kontzeptua

Matxinadak

Bilboko Hiriaren eta Bizkaiko Jaurreriko herri xehearen arteko tirabirak aspaldikoak ziren, baina 1792an berotu egin ziren. Urte horretan Jose Ramon Aldama diputatuak, Bilboko merkataritzan zuen nagusigoa indartzeko, Mundakan beste kai bat eraikitzeko proposamena egin zuen. Baina proiektua ez zen azkenean gauzatu, Konbentzioko gerra hastear zegoelako. Gerra hura bukatu eta gutxira, 1801ean Dimako eskribaua zen Simon Bernardo de Zamakolak berriro planteatu zuen ideia hura, baina oraingoan Abanto elizatean. Proiektuaren aldeko eta kontrakoen arteko tirabirak areagotu egin ziren. Aldekoen artean Bilbotik kanpo interesak zituzten maiorazko eta jauntxoak aurkitzen ditugu. Kontrakoen artean, berriz, Bilboko indar ekonomikoak: kontsulatua, jabeak, merkatariak, erliztarrak. Gauzek okerrera egin zuten Godoyk Zamakolaren alde egin eta Abanton Bakearen portua eraikitzeko baimena eman zuenean Errege Dekretu baten bidez.

1804ko Batzar Nagusietan gauzak aldatu egin ziren, Bakearen portuaren proiektua egiteko baimenaren ordainetan, Aldundiak Godoyri soldadutza plan bat agindu ziola zurrumurrua zabaldu zenean; hori foruen aurkakoa zen eta, Bilboko interesek bultzatuta, izugarrizko kaltea egin zion Bakearen portuaren proiektuari. Lehenbizi Begoña eta Abantoko bizilagunak eta gero Jaurerri osoko biztanleak asaldatu ziren, jaurerriko armategiak eraso, korrejidorea, diputatu nagusia, sindikuak eta aurkitu zituzten guztiak atxilotu eta Batzar Nagusi berri bat ospatzera behartu zituzten. Batzar horretan soldadutza plana indargetu eta dohantza batez ordezkatu zen. Zamakolak Arratia inguruko herrien babesarekin jarraitu bazuen ere, Jaurerriko beste lekuetan bilau izatera pasatu zen. Dena den, Abantoko portuaren proiektua ez zen erabat gelditu Napoleonen okupazioa arte. Matxinadaren ondorioak latzak izan ziren bai Bilborentzat bai Bizkaia osoarentzat. Hasteko 380 zigor epaiak eman ziren, erbesteratzeak, kartzelaratzeak, isunak, ondasun bahiketak, e.a. Errege gudarosteak Jaurerrian sartu ziren, foru errejimena aldi baterako etenda utzirik. Gudaroste horiek sortutako gastuak -bost milioi eta erdi errealekoak- Bizkaiak berak ordaindu zituen. Indultua 1807an iritsi zen azkenik.

Esan bezala, matxinada hauek guztiek euskal gizartearen apurketa eragin zuten, bi talde eta kontzepzio ezberdinak osatuz: foru aldatzearen aldekoak eta foruak bere horretan mantentzearen aldekoak; zetozten urteetan karlisten eta liberalen, edo beltza eta zurien taldeak osatuko zituztenak eta euskal lurraldeak gerra zibilean murgilduko zituztenak.