Kontzeptua

Matxinadak

Espekulazioa arazo iraunkorra izan zen euskal lurraldeetan, baita haragiaren kasuan ere. Horixe bera izan zen 1755ko matxinadaren arrazoia. XVIII. mendeko berrogeigarren hamarkadatik aurrera abelgorri haragiaren esportazioa areagotu egin zen Gipuzkoa eta Bizkaiatik Araba eta Gaztelarantz. Esportazio hori bakarrik inflazio garaian debekatzen zen (1695ean, 1702an, 1709an, 1712an, 1714an, 1740an, 1741ean, 1742an, 1752an eta 1754an adibidez). Gipuzkoa birsaltzaileen praktikekin bukatzen saiatu zen 1755an nekazariei probintziako merkatuetan saltzera eta bertako hornitzaileen eroslehentasuna errespetatzera behartuz. Gainera probintziako erakundeek merkatuen aldizkakotasuna ezarri zuten, leku bateko abereak inguruko herrietara eramatea debekatu zuten eta tasazio moduko salneurri sistema sortu zuten tokian tokiko erakundeen papera indartuz, neurri hauen guztien aplikazioa zaindu behar zutenak. Baina nekazariek eta jabe txikiek, abereen jabeak zirenak eta espekulatzaileei egindako salmentei esker ezinbesteko irabazi osagarriak zituztenak, ez zituzten neurri hauek onartu. Espekulatzaileek zuzenean baserrietara joaten ziren erosketak egitera eta horrela saltzaileek ez zizkieten garraio gastuak gehitzen. Gainera birzaltzaileari egindako salmenta seguruagoa zen, nahiz eta prezioak baxuagoak izan, ez baitzituzten beste saltzaileen konpetentzia eta zilegizko hornitzaileen esijentziak pairatzen. Nekazariek likidezia behar zuten eta ez zuten pentsatzen edo ezin zuten itxoin prezioak duinak izan arte, abereen mantenua garestia baitzen eta uztarekin edozein arazoa izanez gero bere esperantza guztiak bertan behera gera baitzitezkeen.

1754ko udaberrian Gipuzkoak, bere kabuz eta Gaztelako Kontseiluaren baimenik gabe, abelgorrien esportazioa debekatu eta merkatuetan saltzera behartu zuen. Horren ondorioz zenbait tratalari atxilotuak eta nekazariak legez kanpoko salmenta egiteaz akusatuak izan ziren. 1754 eta 1755 bitarteko negu latzen ondorioz -hormak eta elurte gogorrak gertatu ziren- arbi eta belar uztak oso txarrak izan ziren nekazariak beren abereen mantenurik gabe utziz eta abererak saltzera behartuz. Esportazioaren ateak itxita zeudela, nekazariek probintziako merkatuetan saldu behar izan zituzten beren abereak, baina konpetentzia oso altua zenez askok saldu gabe geratu ziren eta baita amiltzeko zorian, batik bat Deba arroan. Egia esan hornitzaileek nahiago zuten abereak Frantzian erosi, horrela kanpora ateratzeko, espekulatzeko eta irabazi hobeak ateratzeko aukera izaten zuten. Horregatik askok, naiz eta legez kanpo, bertako merkatuetan ezin zituztela saldu eta nekez mantendu zitezkeela ikusita, probintziatik kanpo saltzera ausartu ziren.

Praktika hauek ekiditearren erakundeek zenbait neurri hartu zituzten. 1754ko abuztuaren 20an arautegi baten ondorioz, Segura eta Ordizian astero astelehen eta ostegunetan ospatzen ziren merkatuak hamabost egunean behin, astelehenero, ospatzera pasatu ziren. Probintziako hornitzaileei bietara joatea behartzen zitzaien, birsalmenta debekatuz. Herri bakoitzeko saltzaileek bertako hornitzaileei saldu nahi izanez gero hauek erosi behar zizkieten; hornitzaile asko egonez gero, behartuenek lehentasuna zuten. Herria hornitzeko sobratuz gero saltzaileek gehienez sei kilometrotara eraman zezaketen, betiere Gipuzkoako mugetan. Baimenik gabe probintziatik ateratako edozein abere atxilotua eta saldua izango zen edo jabeak salaketaren gastuak eta isuna ordaindu beharko zituen. Baina arautegia ez zen errespetatua izan eta iruzurrak iraun zuen. Egia esan dekretu horiek espekulazioa eta kontrabandoa indartu egin zituzten. 1755ko martxoaren 21ean Gipuzkoako Aldundiak Arabatik, Errioxatik edo beste edozein lurraldetik Frantziara abereak erostera zetoztenei, bueltan zeramaten ganaduaren erreferentzi zehatza eska ziezaien ohartarazi zitzaion Ateratze Alkateari. Gauza bera egin behar zuen Gipuzkoako hornitzaileekin eta nekazaritzan erabiltzeko abereak erosten zituztenekin. Ateratzeak Probintziak emandako baimenarekin egin zitezkeen bakarrik. Baina azkenean Urola eta Deba arroetako nekazariek Gasteizera eraman zituzten bere abereak. Bergarako azokan ezin izan zituzten saldu eta. 1755ko udaberrian, salaketen aurrean, Gipuzkoako Aldundiaren dekretuen eraginkortasun ezaz eta arazoaren benetazko garrantziaz jabetu zen, batik bat Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta era Bergaran. Salaketek, Deba eta Urola arroetako auzoek Oñatitik eta Leintz-Gatzagako alkatearen baimenarekin abereak Gasteiz aldera ateratzen zituztela goraipatzen zuten. Nekazariak eurek izan ziren erakundeei eskatu zietenak, Gipuzkoako hornitzaileei Frantziatik edo beste edozein lekutik abelgorriak ekartzen debekatzea, merkatu eta azoketara joaten behartuz. Hain zuzen ere, probintziako abelgorrien gunerik nagusiena izanda, nekazariek beste azoka aske bat Arrasaten jartzea eskatzen zuten, astean behin. Horrela, Gipuzkoan azoka askeak lau izango ziren: 1742tik aritzen ziren Bergara eta Segura -gero desagertuko zen Tolosarekin batera-, 1752tik abian jarritako Ordizia, eta Arrasate.

1755ean asaldatutako herriak 1718an asaldatutako berdinak izan ziren. Gauzak nola zihoazten ikusita Elgoibarren ospatutako Batzar Nagusiek atzera egitea erabaki zuten, eta epe batez ateratzearen debekua bertan behera uztea. Aipatu dekretuek kontsumitzaileak babestu nahi zituzten espekulatzaileen praktiken aurrean, baina ahaztu zitzaien Araba zein Nafarroako mugetan bizi ziren nekazariak haragia esportatzeko askatasunetik bizi zirela. Dekretuen aurkako higikundea Bergaran eta inguruko herrietan hasi zen lehenik, han azaldu baitziren lehenengo iragarkiak, eta Deba eta Urola bailaretako beste hamabi herrietara zabaldu zen gero: Zegama, Ormaiztegi, Segura, Idizabal, Ataun, Ordizia eta Berastegi, hegoaldetik muga Araban eta Nafarroan zuten herriak hain zuzen ere, eta geroago Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate gehitu zitzaizkien, Arabarekin muga zutenak.

Matxinadaren eragile eta bultzatzaileak landako jabe txikiak eta maizterrak izan ziren, gero herri xehea bildu zitzaiela, Batzar Nagusien dekretuen gaitzespena adierazteko eta, hein batean, aginpidea monopolioan hartua zuten agintari eta landako jauntxoen aurka egiteko. Autore batzuen aburutan, tokian tokiko eta eskualdeko ekonomien eskema zurrun ahusteko ekonomia aske edo liberal baten aldeko aldarrikapen inkontzientea izan zen. Agintariek berehala erantzun zuten gudaroste bat osatuz eta herri matxinatuak ia erresistentziarik gabe hartuz. Beraz, ia hasi baino lehen matxinada errotik zapaldua izan zen. Dekretuak ezereztatzea lortu zuten, baina asaldatuetariko asko isunak eta ondasunen bahiketarekin izan ziren zigortuak. Egia esan bakea segituan berrezarri zen, baina benetazko arazoari ez zitzaion momentuz irtenbiderik aurkitu, hurrengo matxinadaren haziak ereinez.