Monarkia eta noblezia

Bonaparte, Napoleon

Napoleon I.a Frantziakoa.

Militar eta politiko frantsesa, Ajaccion (Korsika) jaioa 1769an. Santa Elena uhartean hil zen 1821ean.

Frantziako Iraultzak iraun zuen bitartean karrera militarra egin zuen, eta behin gobernu errepublikarra ezarrita zegoenean, estatu kolpea eman zuen 1799an; horren ondoren, Errepublikako Lehen Kontsul izendatu zuten. 1802an, biziarteko kontsul izendatu zuten, eta, 1804an, bere burua "Frantsesen enperadore" bilakatu zen.

Napoleonek jarraitu egin zuen armada errepublikarrak Europako zenbait puntutan hasita zuen gerrarekin, eta hedatze politika jarraitu zuen; Espainia ere bere konkista planetan sartu zuen. Garai hartan, Espainia gainbehera zetorren monarkia absolutu baten mende zegoen; Karlos IV.a errege borboitarrak, bere balidoa zen Manuel Godoyren esanak aintzat hartuz, horren esku utzi zituen gobernu auziak. Koroak egoera ekonomiko larria bizi zuen eta, gainera, erregearen seme zaharrena konspiratzen ari zen erregea bere lekutik kendu eta boterea hartzeko.

Napoleon egoera horretaz baliatu zen, eta Baionatik Espainiako tronua inbaditzeko eta okupatzeko planak egin zituen; hiri horretan bizi izan zen, hain zuzen ere, hiru hilabete baino gehiagoz 1808an.

Azkenik, 1813an kanporatu zuten armada frantsesa Espainiatik, eta, bestalde, Frantziaren kontra aliatutako herrialde europarrak borrokak irabazten hasi ziren. Herrialde aliatuen armadek Frantzia inbaditu zuten, eta 1814ko martxoan Parisen sartu ziren. Handik egun gutxira, Napoleonek abdikatu egin zuen Fontainebleaun, eta Elba uhartera joatera behartu zuten.

Alabaina, erbestealdiak ez zuen luze iraun. Hurrengo urtean, Napoleonek boterea berreskuratu zuen Frantzian, eta konkista ekintza militarrei ekin zien berriro. Urte horretan bertan, 1815ean, aliatuek garaitu zuten Waterloon, eta Santa Elena uhartera erbesteratu zuten. Uharte horretan hil zen 1821ean.

Napoleonen armadak Europan zehar zituen gatazken artean, enperadoreak bere estrategia politiko-militarra etsai nagusia isolatzeko helburuarekin prestatu zuen, hau da, Ingalaterra isolatzera.

Horretarako, herrialde horrek Portugalekin zuen komunikazioa moztu behar zuen, hori baitzen haren aliatu nagusietako bat. Napoleonek, lehendik ere Godoyrekin akordioak hitzartuta zituenez, lortu zuen balidoak baimena ematea frantziar tropek Espainia gurutza zezaten Portugal inbaditzeko. Baimen horren truke, Napoleonek Algarben erresuma bat emango ziola agindu zion (Fontainebleauko Ituna, 1807).

Tropa frantsesak penintsulan sartzen hasi ziren 1808. urtearen hasieran, baina urte horretako martxoan, enperadorearen planak kili-kolo jarri ziren, balidoa erori egin baitzen politikoki Aranjuezko matxinadaren ondorioz; tronurako ondorengoak berak, Fernandok, zuzendu zuen matxinada. Gertakari horien ondoren, enperadoreak planak aldatu behar izan zituen, eta Espainian dinastiaz aldatzea erabaki zuen.

Napoleon Baionara heldu zen 1808ko apirilaren 14an, eta egun gutxira Marracq gazteluan jarri zen bizitzen.

Apirila horretako hurrengo egunetan Karlos IV.a erregea eta haren emazte Maria Luisa eta Fernando VII.a, aita tronutik kendu zuena, heldu ziren Baionara. Napoleonek hara joateko deialdia egin zien, haien arteko gatazkan bitartekotza-lanak egingo zituen aitzakian; alabaina, haren benetako xedea zen biek tronua uztea. Artean, Espainian herri-altxamenduak egon ziren; herria frantziar armadak herrialdea okupatzeko asmoa zuela ohartu zen, eta maiatzaren 2an tropa inbaditzaileen kontra altxatu zen Madrilen. Enperadoreak egun batzuk geroago izan zuen gertakari horien berri.

Maiatzaren hasiera aldera, Napoleonek Fernandok koroari uko egitea lortu zuen, haren aitaren mesedetan, baina ez zekien aitak ordurako enperadoreari berari eskubideak utzi zizkiola. Hilabete horretako 10aren eta 12aren artean, Fernando VII.a eta infanteak Baionatik irten ziren Valencay aldera, eta Karlos IV.a eta Maria Luisa Fontainebleaura abiatu ziren.

Napoleonen asmoa zen haren anaia Jose, Napoliko erregea, izendatzea Espainiako errege, eta, erabaki hori berresteko, handikien bilera bai deitu zuen ekainaren 15erako Baionan. Bilera horri Baionako Batzar deitu zitzaion gerora, eta deialdia 1808ko maiatzaren 24an argitaratu zen Gaceta de Madrid egunkarian. 150 bat pertsonari egin zien deialdia, baina horietako asko ez ziren bertaratu, ez baitzeuden gobernu frantsestuaren alde. Bileran, aurrez Napoleonek eta Maretek idatzitako konstituzio bat onartu zuten, bertaratuen testuari egindako iradokizun batzuk ere jasotzen zituena. Konstituzioak, Baionako Konstituzioa izenez ezagutzen denak, sistema politiko berri bat ezartzen zuen Espainian, askatasun jakin batzuk onartzen zituena, hala nola, inprenta-askatasuna, norbanakoen askatasuna, berdintasuna, etab. Askatasun horiek onartzeak pribilegio, foru eta zerga-desberdintasun batzuk kentzea zekarren.

Uztailaren 7an amaitu zen bilera-prozesua, eta egun horretan bertan zin egin zion Jose Bonapartek konstituzioari; uztailaren 9an errege berria Baionatik irten zen Espainiara bidean. Egun batzuk beranduago, Napoleonek hiri utzi eta Paurako bidea hartu zuen.

Espainian, okupazio frantsesaren kontra altxatu zen herria. Frantziarrak ez zeuden ohituta espainiarren taktika militarrera, hau da, gerrilla-gerrara, eta euren tropetan galera handiak eragiten ari ziren. Hori horrela, Napoleonek penintsulara joan behar izan zuen operazioak zuzentzeko; 1808ko azaroaren hasiera aldera, Napoleonek Bidasoa ibaia gurutzatu zuen. 240.000 bat gizonez osatutako armada zeraman eta egun gutxitan Gasteizera heldu zen. Mesetan behera jarraitu zuen hegoalderantz, eta, une horretatik aurrera, frantziar tropak batailak irabazten hasi ziren ohiko armada espainiarraren eta errefortzu ingelesen kontra. 1809ko urtarrilean, enperadorea, Espainiako egoera kontrolpean zuela pentsatuta, penintsulatik irten zen, Parisera dei egin baitzioten.

Napoleon Bonapartek, iraultzan hasitako ideia politikoak sendotzeaz gain, berrantolaketa plana gauzatu nahi izan zuen, euskal lurraldeak ere barne hartzen zituen plana alegia. Penintsulako euskal probintziak sartu ziren aurretik ere Konbentzio Gerraren garaian Frantzia berrantolatzeko egindako plan batzuetan. Hala eta guztiz ere, euskal probintzietako, eta, oro har, Espainiako lurraldeko politika eta administrazioa berrantolatzeko plan horiek hurrengo urteetan zehar mugatu ziren.

Frantziarrek eraso baino lehenago Godoyk Napoleonekin egindako negoziazioetan, enperadoreak azaldu zuen Pasaiako Portua beretu nahi zuela. Napoleonen hurbileko pertsona batzuek azaldu zioten balio estrategiko eta potentzial logistiko handia zuela. Balidoak ezezko biribila eman zion, baina ondorengo urteetan, portu horretan esku hartzeko plan bat egiten hasi ziren enperadorearen ingeniariak, eta franko-kopuru jakin bat erabiltzen zuten urtero proiektu horretarako. 1807an, Katalunia, Aragoi, Nafarroa eta euskal probintziak espainiar erresumatik bereiztea eta lurralde horiek beretzea proposatu zuen. "Pirinioez Haraindiko Herrialde" izango zen mugaketa sortu berri horren izena.

Ordenamendu-proiektuak harago joan ziren. 1808. urtearen hasieran, Joseph Dominique Garat abokatu eta politikari frantziarrak, iraultzan zehar bi aldiz justizia-ministro izan zenak, proposamen bat egin zion Napoleoni: hegoaldeko hiru euskal probintziek, iparraldeko bik eta Nafarroako erresumak osatutako entitate bat sortzea. "Fenizia Berri" izango zen entitate horren izena.

Beste alde batetik, Baionako Konstituzioan ez zen aipatu euskal probintziak bateratzeko proiektua, baina bai euskal foruen estatus berezia. Horiek lehenengo Gorte Nagusien deialdian aztertuko zirela erabaki zen, baina, gerra-egoera zela eta, ezin izan ziren gorteak bildu.

1808ko uztailean Frantziar armada Bailenen garaitua izan ostean, euskal probintzietan lehenengo altxamendu-ahaleginak egin ziren frantsesen kontra, baina matxinadei eutsi zieten haiek, eta modu iraunkorrean okupatu zituzten euskal probintziak.

1810eko otsailaren 8ko dekretuaren bidez, lau gobernutan antolatu zen "Pirinioez Haraindiko Herrialdea": Kataluniako gobernua, Aragoiko gobernua, Nafarroakoa eta Bizkaiko gobernua, euskal probintziek osatzen zutena. Lurralde horiek bere inperioan sartzeko ideiarekin jarraitzen zuen Napoleonek, eta, horrek haren anaia Joseri eragiten zion galeraren ordainetan, Portugal eskaini zion. Lurralde horiek beretzeko asmoa mantentzen zuenez enperadoreak, euskal probintzien berezitasun politikoak eta administratiboak azpimarratzen zituen azterketa bat egin zuen.

1811n, Fenizia Berria eratzeko proiektua aurkeztu zion Garatek Bassanori, enperadorearen kanpo-harremanetarako ministroari. Alabaina, une horretan Napoleon buru-belarri sartuta zegoen Errusiako kanpaina militarrean, eta 1812an zaildu egin zen Espainiako gerra. Espainiar tropak eta ingelesen eta portugaldarren armada posizioak irabazten joan ziren Jose I.aren armadaren kontra, eta, azkenik, errege hura eta frantsesak kanporatzea lortu zuten 1813an.

  • AGUDO HUICI, Rosa Maria. "La Nueva Fenicia. Proyecto de unión bajo Napoleón. Joseph Dominique Garat. Su deuda con el pueblo vasco". Muga 5. urtea, 26. zbk. (1983), 36-55 orr.
  • ARTOLA GALLEGO, Miguel. Los afrancesados. Madril: Turner, 1976.
  • AYMES, Jean-René. La Guerra de la Independencia en España (1808-1814). Madril: Siglo XXI, 2008.
  • DUCERE, Edouard. Napoléon à Bayonne. Biarritz: J&D Editions, 1994.
  • DUCERE, Edouard. Dictionnaire historique de Bayonne. Baiona, 1911-1915. 2. ale.
  • EGIBAR URRUTIA, Lartaun de. "El sistema napoleónico en el espacio vasco: Del ordenamiento foral a un nuevo régimen ". Historia constitucional, 9. zbk. (2008). [Kontsulta data: 2011ko ekainak 17].
  • ERCE EGUARAS, Juan. Navarra bajo Napoleón. El caso de Estella. Tafalla: Altaffaylla, 2005.
  • FERNANDEZ SARASOLA, Ignacio. "La forma de gobierno en la Constitución de Bayona ". Historia constitucional, 9. zbk. (2008). [Kontsulta data: 2011ko ekainak 17].
  • FERANDEZ SARASOLA, Ignacio. "La primera constitución española: el estatuto de Bayona ". Revista de derecho. División de Ciencias Jurídicas de la Universidad del Norte 26. zbk. (2006), 89-109. orr. [Kontsulta data: 2011ko ekainak 17].
  • FERNANDEZ SEBASTIAN, Javier. La génesis del fuerismo. Prensa e ideas políticas en la crisis del Antiguo Régimen (País Vasco, 1750-1840). Madril: Siglo XXI, 1991.
  • MERCADER RIBA, Juan. Jose Bonaparte, Rey de España (1808-1813). Estructura del Estado Español Bonapartista. Madril: CSIC, 1983.
  • MIRANDA RUBIO, Francisco. La Guerra de la Independencia en Navarra. La acción del Estado. Iruñea: Vianako Printzea Erakundea-CSIC, 1977.
  • MONREAL ZIA, Gregorio. "Los Fueros Vascos en la Junta de Bayona de 1808". RIEV 4. zbk. (2009), 255-276. orr. [Kontsulta data: 2011ko ekainak 17].
  • MORENO ALONSO, Manuel. Napoleón. La aventura de España. Madril: Sílex, 2004.
  • PONTET, Josette (zuz.). Napoléon, Bayonne et l'Espagne. Actes du colloque organisé par la Société de Sciences, Lettres et Arts de Bayonne. Editions Honoré Champion, 2011.