Dantza

Makil Dantzak

Makil dantzen melodiak trukagarriak dira. Batzuek oso erritmo erraza dutenez, hainbat melodiarekin erabil daitezke, erritmoa eta neurria bat etorriz gero, noski. Ez dute musika "dantzaten", erritmoa baizik. Batzuetan, festa hastear zegoela eta musikariak heldu berriak zirela, azken orduko moldaketak egin behar izaten zituzten, eta moldaketa horiek ohitura bihurtu ziren azkenik. Beste batzuetan, dantza berri bat ikasi eta sarbidea ematen zioten, tokian tokiko herriaren izaerarekin uztartzeko eta errepertorioa aberasteko. Badirudi, beraz, eraldaketak eta maileguak orokorrak izan direla bai denboran bai espazioan, eta fenomeno hori, gainera, folklore guztietan gertatu dela, neurri handiagoan edo txikiagoan, norbere dantzatzeko modu tradizionalei eusteko grinaren arabera.

Cortesko San Mikelen Dance-ko balsa eta jota, musika izenekin bat datorren arren, makil dantzak dira izatez. Lauretatik ikusgarriena jota da. Mudantza osoa bukatutakoan, dantzariek postuak trukatu eta errepikatu egiten dute, bakoitza zortzi postuetatik pasatu arte. Jardunbide hori ohikoa da zortzi laguneko dantzetan, makilekin nahiz makilarik gabe arituta ere. Erritmoa bizi-bizia da, eta gaitarien eta makilarien artean halako lehia antzeko bat sortzen da, ezkutukoa, azkarrago nor arituko. Jota hiru minututan bukatzea lorpentzat hartzen da.

Cachucha izeneko dantza, erritmo ternarioduna, kriskitinekin egiten zuten berez, eta XIX. mendean zehar Andaluziatik kanpo hedatu zen. Franziska Fanny Elssler dantzari austriarrak sustatzen lagundu zuen, 1836an bere El diablo cojuelo (deabru herrena) ballet-ikuskizunean sartu ondoren. Otsagin, makil dantza bati ez ezik, dantzarien txapelari ere esaten diote cachuca. Era berean, halaxe deitzen diote, besteak beste, emakumeek buruan eramaten duten txapelari (Cascanten) eta ardo-zahatoaren muturrean erroskatzen den azta-tapoiari (Iruñea). Azken horren itxurak Otsagiko dantzarien txapela dakarkigu gogora, izan ere. Bestalde, Errege Akademiaren Hiztegian honako adiera hau azaltzen da hizpide dugun terminoari buruz: "txapel antzeko bat".

Modorro izeneko Otsagiko dantzaren mugimendurik adierazgarriena makilekin lurra jotzea da. Dantzari guztiak, musikarekin bat, belaunikatu, makilekin lurra jo eta altxatu egiten dira behin eta berriz. Hortik omen dator izena: dantzariek, makilekin lurra kolpekatuz horrenbeste buelta emanez, modorra izeneko gaitza duten animalien antzera jarduten dutelako. Errege Akademiaren Hiztegiaren arabera, modorro hitzaren esanahia hauxe da: modorra edo oso lo astuna duena. Dena den, zentinelek gaueko bigarren laurdenari -prima eta modorrilla zeritzen laurdenen artekoari- modorro deitzen zioten. Albaitaritzan, ardiengan sortzen den nahasmendu edo zorabioa, burmuinean sartutako har-larba jakin batzuen arrautzek eragindakoa, izendatzeko erabiltzen dute termino hori. Ardiei dagokienez, beraz, modorro hitzak gaixotasuna adierazten du, hots, ardia erdi lotan edo lelotuta dagoela, eta Nafarroako erdialdean, Erronkarin eta Zaraitzun erabiltzen dute. Zerbait nekeza, monotonoa edo aspergarria dela adierazteko ere erabiltzen da modorro hitza. Egin dezagun azken oharra: euskaraz, gauzak lurrera eroritakoan sortzen den zalapartari burrunba esaten zaio, eta dantza horretan makilek elkar jotzerakoan ateratzen duten hotsari ere burrunba deitzen zioten. Ziurrenik, dantzariak hasiko ziren izen hori erabiltzen. Caro Barojak, Otsagiko dantzak aztertzen hasi zenean, hipotesi bat azaldu zuen: hasieran, folklore-egutegiko beste garai batean dantzatzen zirela, jorraiarekin edo aitzurrarekin egindako nekazaritza-lanak irudikatzen baitzituzten. Modorro dantzan makila-joaldien zikloan egiten den erritmo-hausturak nekazaritza-lanen edo landareen garapenaren erritmoa adierazten duela gaineratu zuen.

Aipatutakoez gain, gaur egun tinko diraute Durangoaldeko dantzari dantzako zikloaren makil dantzek, Oñatiko Gorpuztiko errepertoriokoek, Lapurdiko inauterietakoek, zagi-dantzak edo zaragi-dantzak Bizkaitik Nafarroaraino, eta Mutrikuko, Debako, Antzuolako eta Berastegiko makil dantzek. Lizartzan ere makil dantzak egiten dituzte inauterietako dantza-zikloan. Berako makil dantzek egitura erraza dute, egokia mutikoen erritmo- eta erritu-iniziaziorako. Hamabi atal ditu, eta azkena zagi-dantza da, Goizuetakoaren antzekoa. Ondoko lurraldeko, Lapurdiko, dantzekin dituzte loturak.