Dantza

Makil Dantzak

Euskal dantza ugarien artean, makil dantzak ditugu, aspaldikoak oso. Izan ere, Euskal Herriko udal nagusietako artxiboetan, jada XVI. mendeko agirietan horrelako dantza motei buruzko aipamenak jasotzen dira. Aipatutako agirien arabera, Aro Modernoan Iruñean dantza landu eta ikusgarri horiek egiten ziren San Fermin jaietan, eta hainbat tokitako dantza-maisuak eta -taldeak kontratatzen zituzten: sarritan Agoitzekoak, Erriberakoak eta Nafarroako Erresuma zaharraren mugez bestaldeko udaletakoak. XVII. mendean, Bizkaiko udalerri eta elizateetan ere trokeo-dantzak egiten zituzten, makilak eskuetan, zortzi eta hamabi dantzari bitarteko taldeek, kapitaina buru zutela. Makil dantzetan era askotako irudiak osa daitezkeenez, mudantzetan egindako berrikuntzek sortzen zuten ikusminik handiena. Errioxan, makilak elkar jotzeko moduetan, dantza-maisuaren zuzendaritzapean eta erantzukizunpean berrikuntzak sortzeko, sartzeko eta kentzeko tradizioari bere horretan eutsi zaio. Dantzaren xehetasun bakoitza zehatz-mehatz eta ezin zorrotzago mantendu arren, errepertorioetako berrikuntzak pozik hartzen dituzte ikusleek.

Oro har, zortzi dantzari aritzen dira, lau laguneko bi ilaratan. Horixe da, izan ere, eskemarik ohikoena eta ezaugarriena. Dena den, aipatutako eskematik abiatuta, lagun gehiagok ere egin dezakete dantzan, betiere kopurua lauren anizkoitza baldin bada. Horrela, hamabi laguneko taldeak aurkituko ditugu (Beran), eta badirudi gure geografia-eremutik kanpo hamasei edo hogei dantzarik ere egiten dituztela makil dantzak. XVI. eta XVII. mendeetako ordainagiri batzuetan zehazten denez, bederatzi edo hamahiru laguneko taldeak ziren ohikoenak, hau da, zortzi edo hamabi dantzari eta kapitaina.

Funtsean makil dantza guztiak multzo berekoak diren arren, morfologiari dagokionez, desberdinak dira. Bi eratako dantzak daude: makila bakarrarekin egiten direnak, eta tamaina txikiagoko bi makilarekin egiten direnak. Bestalde, makilaz hotsa ateratzeko oinarrizko bi modu daude: dantzari bakoitzak bere bi makilak kolpekatzea edo elkarren makilak kolpekatzea. Batzuen iritziz, lehen jardunbidea aspaldikoagoa da, beheragoko zibilizazio batekoa, nonbait. Oso hedatuta zegoela uste dute. Bigarren jardunbidea, berriz, zibilizazio berriago bati omen dagokio. Euskal Herriko makil dantzen talde egituran, bigarren jardunbidea da nagusi, baina horrek ez du esan nahi bestelako konbinaziorik egiten ez denik, normalean dantzariak lehenbizi bakarka aritzen baitira, norbere makilak elkar joz, eta talde dantza egiten dute gero, edo alderantziz, alegia, talde dantza bukatutakoan aritzen dira bakarka.

Koreografia-mugimendu horien atzean, ezaugarri duten psikomotrizitate-ideiari erabat loturik, erritmoaren kontzeptua dago. Melodia erritmoa baino beranduago sortu zen, baturak berezkoa baitu erritmoa, eta gizakiak aise antzeman dezake, naturaren aldizkako eraldaketei arretaz erreparatuz gero. Dantzak bezala, jatorrizko erritmo-eskemak soilak izango ziren ziurrenik.

Ikuspegi teknikotik, gutxienez lau dantzari behar dira mudantzarik ohikoenak egiteko. Makil dantzetako irudi batzuk konbinatu egiten dira, eta errepikatu ere bai, nahiko sarri. Nabarmenenak hauexek dira: dantzari bakoitzak bere bi makilak kolpekatzen ditu, elkar joz artazien tankeran edo goikoarekin behekoaren gain talka eginez; dantzari bakoitzak eta bere aldamenekoak elkarren makilak, bakarra edo biak, kolpekatzen dituzte; edo gauza bera egiten dute ilaran aurrean zein atzean kokatutako dantzariarekin. Noizbehinka, kolpe-trukea diagonalean gauzatzen du dantzariak, aurrez aurre daukan dantzariaren ondokoarekin. Horretarako, laukoteko beste bikoteak postuak aldatzen ditu, makilak azpitik edo gainetik kolpekatuz, laurek elkarren kontra tupust egin gabe. Zenbaitetan, irudi bera osatzerakoan, txandaka, dantzari bakoitzak makila batekin goiko aldetik eta bestearekin beheko aldetik kolpekatzen ditu aurrez aurre duen dantzariaren makilak, eta barrutik kanporantz, errebesean, aldamenekoarenak. Bikote bat, elkarren makilak kolpekatuz, aldameneko bikoteak osatutako arkuaren azpitik pasatzen da. Aipatutako arkua makilekin goitik joz osatzen dute bi dantzarik. Arku azpitik doan bikoteak, ilararen ertzeko muturrera heldutakoan, aurrez aurre ezarri eta laurogeita hamar graduko biraketa egiten du beste alderantz. Muturretako dantzariek erloju-orratzen noranzko berean biratzen dute erdikoen inguruan, eta erdikoek, aldiz, kontrako noranzkoan ematen dituzte birak, gurutzatzerakoan elkarren makilak joz.

Aipatutako irudirik ohikoenei beste hainbat gehitzen zaizkie: lurraren kontra, hanka azpitik edo bizkar atzetik emandako kolpeak, eta beste eboluzio osagarri asko, batzuk bereziak benetan, hala nola, norbere makila hanka artean ezartzea, beste dantzariak jo dezan. Azken hori Berako makil dantza mota batean egiten dute, eta Errioxan eta Yebra de Basa herrian ere bai. Bertan, izen berezia du ekintza horrek: el pichadero.

Ablitasko lehen makil dantzari balsa deitzen diote: makila bakarrarekin eta bi makilekin batera kolpeak emanez hasten dira, eta, gero, ohiko eran gurutzatzen dute elkar. Baina ondoren, talde osoak gurutzaketa bitxia eta deigarria egiten du, sigi-saga eran. Azkenik, lau laguneko bi multzo osatuz, hasierako postuetan kokatzen dira berriz dantzariak, baina gurutzatuta, eta hori ere aldagai berritzailea da. Bigarren makil dantza ikusgarria da: dantzariak, izugarri azkar, norbere makilak eta beste bi lagunenak kolpekatzen dituzte, eskuinarekin kanpotik barrurako eta ezkerrarekin barrutik kanporako mugimendua eginez. Gainera, goitik, behetik eta gurutzatuta ere kolpekatzen dituzte makilak.

Juan Antonio Urbeltzek adierazi zuenez, Otsagin dantzarien arteko gurutzaketa ezkerraldeko eskuaren aldetik egiten da, erloju-orratzen biraketa-noranzko berean. Hori salbuespena da, inguruko gainerako dantzetan kontrako noranzkoan egiten baitute gurutzaketa. Egile berak duela gutxi honako azalpen hauek eman ditu gaiaz: Ezkerraldeko ezohiko biraketa horren ustezko helburua dantzaria ezkutuan geratzea da, basoan balego bezala, handik barrutik erasoa eta amarru eta tranpen segada prestatzeko. Zuhurtasuna adierazten du, beraz. Zirika izeneko mudantzak, Otsagiko dantzen ezaugarri bitxi eta bereizgarriak, zirikatzeko asmoa uzten du agerian, izenak berak adierazten digunez. Dantzariek zirikatu egiten dute elkar, gurutzatu edo postuz aldatu aurretik. Iribarrenek zirikaren beste esanahi bat dakarkigu gogora: Enperadore izeneko makil dantzaren beso-mugimendu bereziaren izena izateaz gain, Iruñean esku-pilotako dejadei ere halaxe esaten diete.