Dantza

Makil Dantzak

Makil dantzen osagai batek interes autonomoa eta osagarria sorrarazi ohi du: dantzariek erabiltzen dituzten makilen tipologia-azterketak, alegia, lotura estua baitu bai dantza motarekin bai tokian tokiko ekosistemarekin. Datuen arabera, hainbat material eta itxura aurkituko ditugu sinbolismoz betetako erreminta horietan. Pirinioen eremuan edo aurrealdeko inguruan, akaziazko edo ezpelezko makilak erabiltzen dituzte. Dantzariek oso gogoko dituzte lehenengoak, soinu ederra dutelako, eta ezpelak, berriz, magia- eta erritu-edukia eransten du, hainbat tradizio erlijioso eta profanotan agerian geratzen den bezala. Erriberan, zurbeltza edo artea erabiltzen dute, baina gorosti- eta haritz-egurrak ere oso hedatuta daude. Makilek 35-50 cm-ko luzera izaten dute, eta 3-5 cm-ko diametroa. Torneatu edo arbastatu egiten dituzte. Makila batzuen muturra sokatxo batek zeharkatzen du, dantzariek eskumuturretan lotzeko, eta sokatxo horietan, gainera, artilezko borla apaingarriak ere ezartzen dituzte zenbaitetan.