Dantza

Makil Dantzak

Gizonezkoen erritu-dantza ugaritan erabiltzen dira makilak, eta ikertzaile asko saiatu dira horren zergatia argitzen. James Frazer izan zen lehenengoa, egungo errituak bizitza eta natura ernaberritzea helburu zuten antzinako errege-sakrifizioen aztarnak direla esan baitzuen, eta, iritzi horretatik abiatuta, makil dantzen jatorria Neolitikoan kokatzen dute egun. Labar-pinturetan oinarrituz, makil dantzak nekazaritza garatzearekin batera sortu zirela diote, lurraren emankortasunari eta ugalkortasunari lotutako nekazaritza-erritu babesle edo sustatzaileen ondorioz. Goldea asmatu aurretik, makilak erabiltzen zituzten haziak ereiteko. Nekazariak, makila eskuetan, lurra landatzen zuen, mugiaraziz eta kolpekatuz, eta ahalegin horren saria landarea loratzea izaten zen. Horregatik, ez da harritzekoa makilak objektu sagaratu bihurtu izana, ama lurrean barneratzen den faloa irudikatuz.

Izan ere, erritu-dantza askotan dantzariek lurra jotzen dute makilekin, eta espirituak neguko loalditik esnatzeko ekintza omen da hori. Makilek elkar jotzerakoan ateratzen duten zaratak, berriz, Lurreko espirituak erakartzen ditu, haziari ernetzen lagun diezaioten. Halaxe egiten dute Muskildako Ama Birjinaren dantzariek, garai batean Murchantekoek egiten zuten bezala. Halaber, ildo berekoak dira Erriberan berreskuratutako makil dantzak, Ablitasko Errosarioko Ama Birjinari 1996an eskainitakoa adibidez, eta hiri-festetan berreskuratutakoak, hala nola, Iruñeko 1998ko inauterietako Infantikoen Dantzak.

Ustezko jatorri nekazari, magiko eta erritual horrez gain -zaila da egiaztatzea-, bada oso hedatuta dagoen beste ikuspegi bat: bandoen arteko borrokak irudikatzen dituzten dantza gerrariak direla jatorriz. Baina folkloristek ez dute onartzen hipotesi hori. Dena den, makil dantza guztiak ez dira gerra-jokoak, litekeena baita makilak eskuen luzapena izatea, besterik gabe, hasieran norbere makilak elkar jotzen baititu dantzariak. Ondorioz, antzinako dantzariek esku-oinekin ematen zituzten kolpeak irudikatuko lituzkete makilek. Zentzu berean, ontzat ematen da makil dantzetako erritu jakin batzuk, gerra-mitologiari baino gehiago, nekazaritza-mitologiari loturik daudela aldarrikatzen duen ustea.

Oso zaila da dantzen antzinatasuna eta eboluzioa zehaztea, morfologia oinarri hartuta. Musika-analogiaren arabera, badirudi egitura soilenak eta mudantzarik errazenak -norberaren eta aldamenekoaren makilak eta lurra kolpekatzea- direla guztietan zaharrenak. Dance (makil dantzaren izena Aragoin) edo makil dantza batzuetan, atalik errazenak hasieran egiten dituzte eta konplexuenak, txirikordekin edo arku-dantzekin batera, bukaeran. Hori taktika hutsa izango da agian, ikuskizunen munduan oso ohikoa baita emanaldietan arian-arian aritzea, gero eta gehiago eskainiz, eta ikusgarriena bukaerarako uztea. Baina litekeena da, era berean, antzinatasunaren arabera jardutea, lehenbizi atalik zaharrenak eta gero berrienak dantzatuz. Azken hipotesi hori berresten dute emanaldien bukaeran eskaini ohi diren hemezortzigarren mendeko zinta- eta arku-dantzek eta jota-musikari jarraiki egiten diren makil dantzek. Azken horiek, berriagoak eta ikusgarriagoak, dantza-zikloen amaieran dantzatzen dituzte beti. Horrela, bada, oso antzinako makil dantza arkaiko batzuk geroago sortutakoekin edo moldatutakoekin batera eskaintzen dira, bigarrenek ehunka urteko antzinatasuna izan arren. Azkenik, hainbat dantzatan nabarmena da konponketa apaingarriak egin direla berriki, batzuetan ezinbestez, musika-aldaketen ondorioz.