Kontzeptua

Lapurdiko ihauteriak

1970 hamarkada undarrean, ikerle eta dantzari belaunaldi berri batek nahi izan zituen ihauteriak arra-abiarazi Lapurdin. Lapurtarrak elkartea sortu zuten Baionan, eta han eta hemen berriz hasi ziren kaxkaroten apailatzen, batez ere Uztaritzeko ihauteria eredutzat hartuz. Uztaritzekoa Lapurdiko ihauteria bihurtu zen euskal folklorearen munduan. T. Truffaut, C. Iruretagoyena, B. Betelu, Begiraleak taldea eta bertze hainbat elkarte eta jende izan ziren arra-abiatze horren eragile. Lapurdiko herri gehienetan berriz hasi ziren eske eta Zan Pantzarretan, edo tokiko usaiaren intxindiak arrapiztuz, edo, orroitzapen eskasez, zerbeit berri sortuz. Hazparnen 1979etik aintzina, etenaldia laburra izanki eta, kaxkarot zaharrengandik berriz eskuratu zituzten tokiko jauntzi eta dantzak.

Euskaltzale munduak begi onez ikusi zuen ihauterien arrapiztea. Ihauterietako erritoak berriz irakurriak ziren tokiko "euskal kultura"-ren seinale bezala, eta Zan Pantzarren auziak salaketa soziopolitiko bihurtu ziren. Mundu euskaltzaleak nahiago zituen Zan Pantzarrak eta hartzak Besta Berrietako militarismo eta frantses nazional-katolizismoaren arrastoak beino. Toki batzutan, ihauteria "euskal kultura" bilakarazte prozesu hori aski urrun joan zen: kostaldean bereziki, nahas-mahas sartu zituzten tokiko maska eta kaxkarotak, Ituren-Zubietako joaldunen epigono batzu, Lantzeko ihauterietako arropak, eta "mitologia"-tik hartu sorgin, lamin eta bertze, "euskal" ihauteriaren eredu sinkretiko bat asmatuz.

Kaxkaroten itzuliek bertze funtzio bat beteko zuten ere, batez ere 1990 urteetarik aintzina, urbanizazioa hedatuko zelarik. Egongi berrien gorakada, laborantxaren gibelakada, "presentziaren ekonomia" baten hedatzea zela eta, Lapurdin sortu zen herri nortasunaren inguruko arrangura berri bat. Herriak ez ziren gehiago parez-pareko harremanen esparru. Anonimotasun berri bat sortu zen, bere alderdi baikor eta ezezkorrekin. Herri zonbeitetan, desberdintasun sozial eta kulturalak hasi ziren barnatzen herritar zahar eta berrien artean. Testuinguru berri hortan, dantzari multxo batek auzoen itzuliaren egiteak erran nahi berri bat hartu zuen: parez-pareko harremana berriz sortzea, belaunaldien arteko lotura finkatzea, euskeraren arrangura plazaratzea, herritar berriekin elkarbizitzea. Emaitzak desberdinak ziren herriz-herri (Truffaut, 2005, 2011) (Itçaina, 2004). Zan Pantzarren auziak dudamuda horien lekuko bilakatu ziren.

Ihauteriak gaur egun sekulan beino gehiago betetzen du bere betiko funtzioa: plaza publikoko forum bat izaitea, molde arin eta satiriko batean, bainan forum bat halere, indibidualismo eta zerradura garai hauetan sekulan beino garrantziago dena.