Kontzeptua

Lapurdiko ihauteriak

XIX. mendearen erditik aintzina badakigu guti edo aski ihauteriak nola iragaiten ziren Lapurdin. Baionak bazuen bere hiri eredu berezia: idi gizenak, maskak, auzo herrietako kaxkaroten bisita, Zan Pantzarren erretzea eta Errobira botatzea. Ihauterian euskal eta gaskoin kulturak nahasten ziren Baionan. Lapurdiko herri guzietan maskak ibiltzen ziren eske, eta herri gehienetan kaxkarotak dantzan ari ziren. Etxez-etxe pasatzen baita ere buhameak, batez ere xerri-hiltzeetako undarren biltzeko. Kaxkaroten talde osatuena Uztaritzen aurki zitaiken, Lapurdiko hiri nagusi zaharrean. XX. mende hastapena arte, Uztaritzeko auzo desberdinek (Purgu, Heraitze, Arruntza) bazuten bakotxak beren dantzari tropa (Dassance, 1927; Guilcher, 1984; Truffaut, 2005, 2011).

Maskak ez ziren herritik edo auzotik ateratzen. Kaxkarotak aldiz, batez ere herri gotorretakoak, eske ibiltzen ziren berdin herrian eta herritik kanpo. Ezpeleta, Hazparne, Uztaritze, eta garai batez Milafranga eta Donibane Lohitzuneko kaxkarotek aspaldidanik bazuten Baionarat eske joaiteko usaia. Makeako kaxkarotak Hazparnen ibiltzen ziren, Ezpeletarrak Itsasun, eta abar. Gehienetan, ihauterietako azken egunetan, bakotxak bere herrian egiten zuen eskea. Dena Haustez bururatzen zen Zan Pantzarrekin. Kanbon adibidez, behereko plazako kaxkarotak joaiten ziren lehenik mezarat, hautsen hartzerat, eta erretorarekin askaiten ziren. Gero eske ibiltzen ziren herrian, eta arratsalde apalean behereko plazan jujatua zen Zan Pantzar, dantzari, maska, doluko minduri eta bertsulariekin. Tiroz hiltzen zuten. Ezpeletan orroit dira Hauste eguneko giro bitxiaz: Zan Pantzar soinu erdoil eta karranka batekin laguntzen zuten karrikan barna, eta ez kaxkaroten soinu ederrarekin. Hazparnen, kaxkarot eta behi lasterrekin airosten zituzten ihauteriak.

Ihauteria ezkontze sasoina izanki, alegiazko jaun eta andere esposak aurki zitaizken masken artean. Halaber, Lapurdi barnekaldeko herri gehienetan, hartza eta bere erakuslea ibiltzen ziren maskekin. Garai hartako eztei horietarik zonbeit -bereziki arraezkontzak- gaizki ikusten bazituen gazteriak, ihauteria tobera, galarrots edo kabalkada estakuru bihur zitaiken. Astolasterrak eginen ziren halaber senar-emazteak samurtzen baziren. Ihauterietarik kanpo ere egiten ziren zigor satiriko horiek.

Eredu xahar horren betebehar nagusietarik bat zen herriko espazioaren kurritzea. Etxez-etxe ibiliz, gazteriak herriaren mugak sinbolikoki markatzen zituen. Bisitatua zen etxe bakotxarekin harreman (hartu-eman) bat sortzen zuten : eske kantua eta dantza, kausera, diru edo trago baten ordainez. Komunitate baten partaidetza sendimendua indartzen zuen erritualak, bai eta belaunaldien arteko lotura. Etxea esparru publiko bihurtzen zen erritualaren denboran. Azkenik, ezkontzekoak ziren mutikoek zuten beren burua aurkezten etxeetan eta plazan, leinuen arteko uztartze on baten mentura izkutuarekin. Uztaritzeko kaxkarotek papoan zerabiltzaten arrebak, amak edo izebak prestatu joiak sinbolika hortan sartzen zirela badirudi.