Kontzeptua

Lapurdiko ihauteriak

Eredu horrek iraun zuen, guti edo aski, 1950 urteetaraino. Gerla ondoan Lapurdik ezagutu zituen aldaketa sozio-ekonomiko azkarrek ihauteriak kutsatu zituen. 1950 urteetan oraindik indartsuak baziren ere, maska eta kaxkaroten ateraldiak hasi ziren xuhurtzen ondoko hamarkadan. Kanbon, jada 1939etik aintzina ez ziren gehiago atera behereko plazako kaxkarotak. 1950 urteetan Zan Pantzarren besta atxiki zuten gaineko plazan, hartza eta maskekin, bainan ez luzarako. Uztaritzen eta Ezpeletan ez zen etenaldirik izan, bainan aldaketak bai. Uztaritzen, 1968-1969an, ordu arte parropiari lotua zen taldeak Izartxo dantza taldeari utzi zion kaxkaroten egiteko ardura. Ohiduraren funtsak iraun zuen transmisio horri esker, bainan antolaketa eredua aldatu zen. Ordutik aintzina, adibidez, eskeko dirua ez zuten gehiago kaxkaroten artean partekatzen, bainan taldearen kutxan ezartzen. Ezpeletan, usaiak iraun zuen dantza taldearen bidez, bainan aldaketa ainitzekin. Hazparnen, kaxkaroten ateraldiak irregularrak ziren 1950-1960 urteetan. Ainhoan, Ahurtin, Milafrangan eta bertze zonbeit herritan, ohidurak aintzina segitu zuen bere ixilean, etenaldi batzuekin hor ere. Bitxiki, Besta Berriak bizi-bizirik zauzkaten Lapurdi garaieko herrietan (Itsasu, Luhuso, Makea, Lekorne, Gerezieta), ihauteriak ahuldu ziren. Herri horietan zuen ere Elizak eraginik haundiena, eta orduko apezek ez zuten gauza haundirik eginen ihauterien alde. 1970 urteetan, haur eske batzu egiten ziren han hemenka, pilota partida eta soinu zerbeit, bainan deus guti.