Kontzeptua

Lapurdiko ihauteriak

Nahiz politikoki 1789 aintzin Lapurditik berex izan, Baionan dira ardiesten eskualde hartako ihauterietako aipamenik zaharrenak. Artxibotan aipu dira ihauterietako behi lasterrak 1289an eta masken hunenbertze debeku (1577 eta 1584, bertzeak bertze). 1591an, Jacques de Maury Baionako apezpikuak kondenatu zituen ihauterietan ateratzen ziren maskak bai eta Zan Pantzarrak. Gisa hortako debekuak aurki ditaizke ondoko mendeetan.

Josteta guziak ez ziren debekatuak. Munduaren uzkaltze bat bezenbat, ihauteriek egitura ordenatu bat segitzen zuten. Kaxkaroten etxe-kurridak, jauntzi eder eta bisaia agerian, masken zirtzilkeriak beino hobekixago ikusten zituzten agintariek. Mgr Daguerre, Larresoroko seminario ttipiaren sortzaileak, 1730-1750 inguruan onartzen zituen tokiko dantzak: dantza jauziak, dantza luzea eta moriska (danse moresque) deitu kaxkarot martxaren arbasoa. Ihauteriz, Daguerrek onartzen zuen Larresoroko gazteak, beren jauntzi ederrak soinean, joan zitezen 40 orenetako elizkizunetarat, palto haundi batzu jauntzirik ahatik, eta mezatik ateratzean moriska eman zezaten, tamborin soinuz. Josteta sano horiek baimenduz, zion Daguerren biografoak (Duvoisin, 1861: 356), apezak gazteria bertze kalte batzuengandik beiratzen zuen.

Agintari zibiko-erlijioso eta gazteriaren artean beti izan da tirabira ihauterien inguruan. Hazparnen, 1804an, auzapezak jakinik kartier desberdinetako gazteriek ihauteri undarrean "maskarada", "kabalkada", "kaxkarot dantza" eta "farces" batzu apailatzekotan zirela, josteta horiek baimendu zituen bainan denak arratseko 7tan gelditzekotan (Ipuy et al., 1997). Mota bereko baimen mugatu edo debeku frango aurki ditaizke Uztaritze, Donibane-Lohitzune, Bidarte edo Urruñako artxibotan.