Kontzeptua

Konbentzio Gerra Euskal Herrian

1789an, Iparraldeko 3 lurraldeetako ordezkariek Iraultzak eskaintzen zituen erreformak begi onez ikusten bazituzten ere, bereziki justizia eta fiskalitate erreformak, ez zeuden jada ados Iraultzak praktikan hartzen zuen itxurarekin. Horren adierazle dugu gerrarako erreklutamenduek edukitako arrakasta eskasa, desertzio kasuak eta Espainiaren aldeko jarrerak. Horrez gain, biztanleei gerrarako indar handia eskatzen zitzaien, gehienetan beraientzat ere ez zituzten elikagaiak eskatuz eta herrietan gosetea sortuz.

Hegoaldean, Espainia absolutistarekiko distantziak gero eta handiagoak ziren, foruen errespetua zalantzan baitzegoen. Euskal lurraldeetan Frantziar Iraultzak zekarren ideiak ongi ikusiak ziren inguru burges eta jakintsuetan eta Sociedada Vascongada de Amigos de Pais bezalako elkarteen bidez Iraultzaren ideia berriak barreiatzen ziren. Espainiak, horretan arrisku bat ikusten zuen bere erregimenerako.

Frantziar aldetik Pirinio Mendebaleko armada sortzen da 1793ko apirilaren 30ean. 8 000 soldadurekin hasi eta 70000rekin amaituko du. Espainiar aldetik Carlos IVak Ventura Caro jeneralaren manupean 22 000 soldadu jarriko ditu. Honi Saint Simon markesak zuzendutako errege legioa, Foru instituzioek Narroseko markesaren manupean jarritako 4 600 mutil eta Nafarroak jarritako 16 000 soldaduak gehitu behar zaizkio.

Gune militarrak Hendaia, Donibane Lohitzune, Senpere, Sara, Urruña, Donibane Garazi eta mendialdeko aranetan kokatuak zeuden Iparraldean eta San Martzial, Bera, Baztan eta Luzaiden Hegoaldean. Bertako biztanleri zibila guda erdian dago. Lehen une batean, Espainiak iniziatiba izango du Hendaia eta Saran sartuz. Espainiar ejertzitoak badu oraindik inperio kolonialaren indarra nahiz bere azkenetan egon. Baina azkar batean, ekainean, Frantziar armadak iniziatiba hartzen du Moncey jenerala buru duela eta 1794ko udaran Baztan eta Oiartzungo aranetan sartzen da. Abuztuan Donostia hartzen du zeinak ez duen inongo erresistentziarik jartzen eta 1795erako Ebroraino heltzen da.

1795ko uztailaren 22anean Frantziak bere nagusitasuna erakusten du eta Basileako bakea sinatzen dute bi herriek. Espainiak Katalunia eta Euskal Herriko lurraldeak berreskuratzen ditu eta Frantziak Santo Domingoko zati bat jasoko du.