Kontzeptua

Konbentzio Gerra Euskal Herrian

Konbentzio gerra, 1793-1795 urteen bitartean Frantziak Espainiarekin edukitako gerrari deitzen zaio. Euskal Herria gerra horren erdigunean kokatzen da.

Frantzia, Iraultzan murgilduta zegoen, eta 1792ko abuztuaren 10ean erregea bere funtzioetatik kendu ostean, Batzar Legegileak Konstituzio berri bat eratzeko beharra ikusi zuen Monarkiaren abolizioaren ondorengo egoera kudeatzeko. Batzar horri, Konbentzioa deitzen zaio. 1793ko ekainaren 2rarte Girondinoen eskutan egon zen eta Erregearen heriotza bozkatu zuen besteak beste. Ondoren, Robespierrek hartu zuen agintea eta Izualdia jarri zuen martxan Iraultzaren ideiak egonkortu eta ideia kontrairaultzaile oro baztertzeko asmoz. Garai horretan, exekuzio eta kartzelaratze andana izango da. 1794ko uztailaren 27an (9 thermidor) Robespierre exekutatua da eta izualdiaren amaiera izango da. Euskal Herrian Frantzia eta Espainak hartuko dituzten neurri politikoen ondorioak pairatuko dira.

Erregearen gillotinatzearen ondorioz Europako erresumak eta Frantziatik ihes egindako nobleek Frantziari gerra deklaratzen diote lehen koalizioa osatuz. 1793ko martxoaren 7an Frantziak gerra deklaratzen dio Espainiari eta Espainiak martxoaren 23an. Gerra guneak Euskal Herria eta Katalunia dira.