Kontzeptua

Ikus-entzunezkoen alfabetizazioa

Audientzia ez ohi da pasiboa. Jasotzen duen informazioari zentzua egokitzeko, ahalegina egin behar izaten du gizakiak. Deskodifikazioak eta zentzuen aitormenak ez dira berezkoak, naturalak... ikasiak eta landuak baizik.

Dinamikoak dira interpretazio-prozesuak. Batzuetan, irizpide kolektiboak erabiltzen ditu kontsumitzaileak, ikusten duenari zentzua aitortzeko, alegia: bere ingurukoek praktikatzen duten deskodifikazio moduko bat darabil berak ere. Beste batzuetan, aldiz, irizpide propioak dira nagusi zentzuen aitormen horretan. Edozein kasutan ere, gaitasun hori sendotzen doa bai adinarekin bai eta formazio espezifikoarekin ere. Hots, ikasi eta landu egiten da.

Bizitzaren gainerako esparruetan legez, gizakiak hedabideen mezuak nola bereganatzen eta interpretatzen dituen ulertzeko, funtsezkoa da kontuan hartzea pertsonaren unean uneko egoera psikiko aldakorra, pertsonak berak bizi duen gizarte-egoera jakina, txertatua den kultura, eta duen heziketa-maila. Esan nahi baita, egoera desberdinetan, deskodifikazio eta interpretazio desberdinak gerta litezkeela, eta hala gertatzen dela normalean, produktu beraren aurrean.

HGH ikerketa-taldeak hedabideen kontsumoari buruz egindako ikerketa kualitatiboetan (eskoletan garatutako eztabaida-taldeak) ikusi duenez, adinari lotutako heldutasunarekin garatzen du hartzaileak, kontsumitzaileak mezu audiobisualak interpretatzeko gaitasuna. Hori batetik, eta, bestetik, formazio espezifikoarekin. Alegia, formazio espezifikorik gabeko gazte adinez helduagoak badu, eduki, gazteagoa denak baino gaitasun interpretatzaile garatuago. Halaber, ikus-entzunezkoetan trebatu den ikasle gaztetxoak badu, eduki, interpretazio-gaitasun bat, adinari ez legokiokeena.

Beraz, esperientziarekin lotuta agertzen da masa-kulturako ikurrak identifikatu eta ulertzeko gaitasuna. Adinak dakarren bizipenei lotuta dago gaitasuna. Bai eta heziketa espezifikoari ere. Aldagai biak elkarren osagarri dira. Honetara: adinez aurrera joan eta formazio espezifikoa jaso ahala, jantziagoa da gaztea ikus-entzunezkoen mezuak modu egokiago, beregainago eta kritikoago interpretatzeko, mundu deskriptibo edo denotatibo hutsetik, konnotatibo interpretatzailera jauzi egiteko.