Kontzeptua

Ikus-entzunezkoen alfabetizazioa

Joan den mendeko 80-90 hamarkadetan, ikus-entzunezko tailerrak jarri ziren martxan hainbat ikastetxetan. Gehienek ez zuten gehiegi iraun. Hezkuntza sistemak berak ez zion aparteko tokirik eskaini curriculumean eta garatu ziren esperientziak irakasle batzuek euren kabuz landutakoak izan ziren.

2000. urtean, aldiz, IKTak bultzatzeko, Premia Plana onartu zen. "Eskola 2.0" programa onartu zuen Eusko Jaurlaritzak 2009. urtean. Urtebete geroago, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasgelak digitalizatu egin ziren: Ikasle bat ordenagailu bat programa abian jarri zen. Dena den, ordura arte egindako inbertsioetan eta landutako esperientzietan ikuspuntu teknizista nagusitu zen; sormen artistikoa nahiz gailuen erabilera kritikoa apenas landu ziren.

Hala ere, badira gogoangarri diren zenbait esperientzia. Honakoak, adibidez:

Amara Berri Sistema. 1979an jaio zen esperientzia hau, Donostiako izen bereko ikastetxe publikoan. Euskal Herriko hogei bat eskolatan ezarrita dago, Lehen Hezkuntzako ikasleei eskainia. Lan kooperatiboa, motibazioa eta sormena jorratzea du helburu. Ikasleek beraiek egunero osatu, elikatu eta editatzen dituzte euren kazeta, irratsaioa, bideo/telebista emanaldia eta txikiwebgunea.

BIGEren "Familia, telebista eta Internet". Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Elkarteak abian jarritako programa da, 2003. urtean. Bere helburuak: telebistako programak, publizitatea eta Interneteko irudiak eskolan bertan aztertu eta, irudien bitartez, beraien narrazio propioak sortzea. Ikasleez gain, gurasoak eta irakasleak inplikatzen ditu programak.

Getxoko San Nikolasko "Globalab" esperientzia eta Ordiziako Jakintzako "IKTeroak". Teknologia berriek eta sare sozialek garrantzi handia dute bi ikastola horietan. Lan kooperatiboa eta gertuko errealitateari lotutako egitasmoak dira nagusi, bietan.

Etorkizunari begira, ezinbestekoa da mota horretako egitasmoak garatzea, baita ikuspuntu kritikoa berorietan txertatzea ere.