Kontzeptua

Ikus-entzunezkoen alfabetizazioa

Ikus-entzunezko teknologien eta beroriek garraiatzen dituzten eduki sinbolikoen kontsumitzaile handiak dira 14 eta 18 urte bitarteko gazteak eta nerabeak; baita gure artean ere. Euskal Herriko neska-mutilek denbora asko eta diru dezente eskaintzen dizkiete teknologia komunikatzaile berriei.

2009-2010 ikasturtean egindako inkesta batek erakutsi duenez, jarrera kritiko argirik gabeko kontsumoa praktikatzen dute eskola-gazte horietako askok. Internet darabilte, telebista darabilte... ez beti jakinda zein mundutan barneratzen diren, ez beti jarrera eta ikuspuntu beregain batetik abiatuta horietara.

Euskal Herriko eskola-gazteak (14-18 urte bitartekoak) hartu zituen gogoan arestian aipatutako inkestak, guztira: 107.467 ikasle. Horietatik, 598 gaztek osatu zuten unibertso zabal horren lanerako lagin ordezkagarria. Ikerketa-eredu kuantitatibo klasikoetan oinarrituta burutu ziren laginketa, landa-lana bai eta datuen ustiapena ere.

Inkestaren emaitzek argi uzten dute zein den panorama: ikus-entzunezkoetan eta komunikazio-teknologia digitaletan abilezia erabiltzailea badute, eduki, gazteek; halere, gaitasun interpretatzaile beregaina falta zaie gehienei.

Oro har, Euskal Herriko eskola-gazteak ez dira gai ikus-entzunezkoen lengoaiaren funtsak deskribatzeko eta ez dakite zein baldintzen arabera funtzionatzen duen mintzaira horrek. Ez dute diskurtso egituratu propiorik begien aurrean dutena modu arrazoitu batean azaltzeko. Labur esanda, ez dute ezagutzen ikus-entzunezko lengoaiaren ez gramatika ezta erretorika ere.

Ikus-entzunezko produktua sortzeko eta banatzeko lan-errutinen eta bertan parte hartzen duten profesionalen eginkizunen gaineko ezagutza oso mugatua dute gazteek.

Ikus-entzunezkoek garraia ditzaketen ideologia-zantzuak eta giza nahiz gizarte-baloreak zerrendatzeko eta arrazoitzeko unean, maila ahuleko diskurtsoa erakusten dute.

Nerabeek eta gazteek ez dakite arrazoitzen kontsumitzen dituzten edukien dimentsio estetikoa.