Kontzeptua

Hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza

Hizkuntza politika eta plangintza, arlo akademiko gisa, XX. mendearen bigarren erdialdean garatu zen, batez ere hizkuntza plangintzaren izenarekin, hainbat faktorek eraginda (Boix i Fuster eta Vila i Moreno, 1998).

Alde batetik, Afrika eta Asiako herrialde askoren deskolonizazio prozesua gertatzen ari zen eta estatu asko sortzen ari ziren. Horren ondorioz, estatu berri horiek hizkuntzaren inguruko erabakiak hartu behar zituzten eta ez zen lan erraza; izan ere, europarrek ezarritako mugak errespetatu zituzten eta muga horien barruan hizkuntza desberdinetako herriak geratzen ziren. Gehienetan, sekula idatzi ez ziren hizkuntzak hitz egiten zituzten eta ez zuten elkar ulertzeko lingua francarik. Gainera, independentziarako prozesu gehienak metropolian gauzatu ziren, edo behintzat kolonizatzaileen hizkuntzetan hezitako eliteek gidatu zituzten. Egoera horretan, estatu askok kolonizatzaileen hizkuntzarekin jarraitzea erabaki zuten (batez ere frantsesa edo ingelesa) bi argudio erabilita: alde batetik hizkuntza hori talde etniko batena ere ez zenez, taldeen arteko desberdintasunak saihesten ziren eta beste aldetik, mendebaldearekiko eta modernotasunarekiko loturei eusteko bidea errazten zuen. Beste estatu batzuek, berriz, bertako hizkuntzaren bat aukeratu zuten bizitza publikoaren funtzionamendurako. Tanzanian, adibidez, swahilia aukeratu zuten, ordurako lingua franca gisa erabiltzen zutelako bertako herri askok merkataritzarako, edo Magrebeko herrialdeetan arabiera zuen tradizio handiagatik.

Beste alde batetik, immigraziotik jaiotako gutxiengoen egonezin eta aldarrikapenengatik ere (finlandiarrak Suedian eta hispanoak AEBetan) hainbat herrialdetan hizkuntza politikari buruzko erabakiak hartu behar izan ziren.

Gainera, hainbat herrialdetan asko ari zen handitzen hizkuntzaren egoeraren inguruko kezka garai hartan, mugimendu nazionalistak indartzen ari ziren heinean. Quebec-en, adibidez, frantsesdunak gehiengoa izan arren, ingelesa gailentzen ari zen eta frantsesa gero eta egoera arriskutsuagoan zegoen; Belgikan, berriz, frantsesa zen hizkuntza nagusia hainbat eremutan, baita nederlanderaz egiten zuten biztanleak gehiengoa ziren Flandriako eskualdean ere.

Horrek guztiak, azterketa eta jakintza alor berri honetara erakarri zituen zenbait aditu eta ikertzaile. Goian aipatutako gaiei azken hamarkadetan beste interesgune bat gehitu zaie ingelesaren mundu mailako hedapenari eta, horrekin batera, desagertzen ari diren hizkuntza kopuru handiari buruzkoa.

Bi joera egon dira hizkuntza politika eta plangintza aztertu eta lantzearen inguruan (Boix i Fuster eta Vila i Moreno, 1998) arlo zientifiko-akademikoan zein arlo aplikatuan:

Eredu teknokratikoa: batez ere Ipar Amerikako gune anglofonoan garatu zen. Batez ere, hizkuntzaren balio instrumentalari ematen zitoten garrantzia. Lan asko egin zuten garabidean ziren herrialdeetan. Hizkuntzarekin lotutako gai guztiak gobernuen eta adituen esku egon behar zirela uste zuten, hizkuntzen inguruko erabakiak irizpide "objektiboetan" oinarrituta hartu ahal izateko. Eredu honi jarraitzen ziotenek ez zioten begiratzen horren guztiaren ostean zeuden alderdi sozial, historiko, politiko eta ideologikoei. Goitik beherako ikuspegia zuten, herritarren parte hartzea kontuan hartzen ez zuena, alegia. Euren lanaren alorra adierazteko, batez ere "hizkuntza plangintza" (language planning) terminoa erabili zuten eta horrek eragina izan du geroztik alor honetara beste ikuspegi batetik hurbildu direnek erabili izan duten terminologian.

Eredu parte hartzailea: aurreko ikuspegiarekin ados ez zeuden adituak hasi ziren modu honetan lanean. Adibidez, Quebec-en, ikuspegi desberdinarekin zihardutela nabarmentzeko, terminologia ere desberdina erabili zuten. Hala, "hizkuntza kudeaketa" (aménagement linguistique) terminoa erabiltzen hasi ziren. Beste horrenbeste gertatu zen Katalunian ere, baina han "hizkuntza normalizazioa" (normalització lingüística) terminoa erabiltzeari ekin zioten. Bi lurraldeetan antzeko ikuspegia erabiltzen hasi ziren, behetik gorakoa, herritarren parte hartzea lehenesten zuena, gizarteko eragile guztiek dutelako zeresana hizkuntzaren inguruko erabakietan. Hain zuzen ere, horregatik ematen zioten, adibidez Katalunian, garrantzi handia jendea antolatuta egoteari euren lurraldeko hizkuntza gutxiagotua berrindartzeko helburua zutenek.

Hizkuntza politikak arrakasta izan dezan, ikuspegi bien arteko oreka lortzea ezinbestekoa da; izan ere, gobernuak herritarren parte hartzerik gabe zaila izango du bide demokratikoen bidez nahi dituen aldaketak lortzea hizkuntzen inguruan; baina, era berean, gizarte zibileko erakundeei ere, agintarien elkarlanik gabe, oso zaila egingo zaie hizkuntza aurrera ateratzeko dituzten helburuak lortzea eta lorpenei iraunaraztea.

Estatu guztiek dute hizkuntza politikaren bat, nahiz eta sarritan ez egon idatzita eta ez izan esplizitua. Horrelakoetan, hizkuntza politika inplizitua dela esaten da. Adibidez, Erresuma Batuak edo Amerikako Estatu Batuek ez dute hizkuntza ofizialik legez ezarrita, baina ingelesez jarduten dute (dena den, AEBetan, maila federalean hori gertatu arren, 20 estatu inguruk ingelesa dute hizkuntza ofizial bakartzat eta gero eta eztabaida handiagoa dago gaiaren inguruan). Beste zenbait estatuk (Frantziakoak edo Espainiakoak, tartean), berriz, euren hizkuntza nazionala zein den idatzita daukate, sarritan lege arau nagusia duten konstituzioan.

Hizkuntza politika, hau da, hizkuntzari buruzko erabakiak hartzea, oso lotuta dago lurralde bakoitzeko hiztunen hizkuntza kulturarekin, alegia, hiztunek hizkuntzarekin zerikusia duten kontuetarako erabiltzen dituzten ideia, balio, sinesmen, jarrera, aurreiritzi, mito eta gainerako kultur bagajearekin (Schiffman, 2006). Beraz, hizkuntza politikatzat ez da hartu behar soilik esplizitua, idatzizkoa, de jure eta goitik beherako hizkuntzari buruzko erabakiak hartzea. Oso garrantzitsua da inplizitua, idatzi gabea, ezkutukoa edo-eta gaiaren inguruan dauden ideia ez ofizialak kontuan hartzea hizkuntza politikaren emaitzan sekulako eragina izan dezaketelako. Maiz, hizkuntza politika agerikoa gisa hartu da, eta ezkutuan geratzen diren hizkuntzari buruzko ideia kulturalak ez dira kontuan hartu. Beste askotan, gaiaren inguruan sortu diren mitoekin jokatu da; hain zuzen ere hizkuntza kultura horren ondorioz sortu diren mitoekin. Adibidez, Indian hamabost urteko epea jarri zuten 1950eko konstituzioan ingelesaren ordez hindi hizkuntza egiteko Indiako hizkuntza nagusia. Epea iritsi zenean, tamil hiztunek horren aurka egin zuten oso gogor eta horren arrazoi nagusia izan zen lurraldean hizkuntzari buruz zegoen kultura: euren hizkuntza garbiena zela uste zuten (besteak beste literatur tradizio oso luzea duelako), eta tamil hizkuntza "zikintzen" zuenetariko bat hindia zela pentsatzen zuten.

Hizkuntza aniztasunaren antolamendu juridikoari buruzko arloa oraindik berri samarra bada ere, zenbait aurrerapen egin dira Europar Batasunean, Quebec-en eta Katalunian, besteak beste. Horren ondorioz, hasi dira finkatzen hizkuntza zuzenbideko zenbait printzipio (Boix i Fuster eta Vila i Moreno, 1998):

Lurraldetasun printzipioa. Printzipio honen arabera herritar guztiei hizkuntzaren aldetik tratamendu berbera eskaintzen zaie bizi diren lurraldearen arabera, bakoitzaren ezaugarri pertsonalak edo sozialak kontuan hartu gabe. Horren oinarria da historikoki lurralde horretan hizkuntza komunitate bat egon dela; horrenbestez, hizkuntza hori izan behar da lurralde horretan nagusi eta kanpotik iristen direnak hizkuntza horretara integratu behar dira. Printzipio honi jarraituta hizkuntza aniztasuna arautzen den lekuetan, estatua hizkuntza-erregimen desberdina duten lurraldeetan antolatu daitezke. Hala egin zuten, adibidez, Suitzan, Finlandian edo Espainian; horietan guztietan estatua hainbat lurraldetan banatu zuten eta lurralde bakoitzari bere hizkuntza politika eman zioten. Lurralde bakoitzean, gainera, hizkuntza bakarra edo gehiago egon daitezke.

Pertsonaltasun printzipioa. Hizkuntza politika lurralde osoan berdina da, baina pertsonaren zenbait ezaugarriren arabera (jatorria, etnia, ama hizkuntza eta abar) bermatzen zaio hizkuntza bat erabili ahal izango duela edo zerbitzuak eskaintzen zaizkio hizkuntza horretan. Aurreko printzipioarekin batera ere aplikatu daiteke, hau da, lehendabizi lurraldearen arabera eta gero pertsonaren arabera.

Funtzionaltasun printzipioa (Bastardas i Boada, 2000). Honen oinarria da biztanle elebidun edo eleaniztunen artean hizkuntzaren funtzioak hierarkiarik gabe bana daitezkeela. Adibidez, Luxenburgon aplikatzen da printzipio hau eta pertsona bakoitzak nahi duen hizkuntzan bete ditzake funtzio guztiak.

Egoeraren arabera, estrategia desberdinak erabili dituzte hizkuntzen aldeko eragileek. Hala, Quebec-en frantsesdunek lurraldetasun printzipioa ezartzeko eskatzen zuten eta frantsesdunak gutxiengoa diren lurraldeetan, berriz, pertsonaltasun printzipioa ezartzeko eskatzen zuten, frantsesaren erabilera ahalik eta neurririk handienean bermatzeko.

Hizkuntza politika zehazteko eredu desberdinak daude onartzen den hizkuntza kopuruari begiratuta. Hemen muturrak nabarmentzen badira ere, continuum bateko osagaitzat dituzte egileek (Boix i Fuster eta Vila i Moreno, 1998):

Eredu elebakarra. Politika honen aldekoek hizkuntza aniztasuna arazo gisa ikusi izan dute, aurrerapenaren oztopo gisa eta nazioaren osotasunaren eta batasunaren mehatxu moduan. Horregatik hizkuntza nazional bakarra bultzatu dute estatu bakoitzarentzat. Eredu hau nagusia izan da azken mendeetan batez ere nazio-estatuak garatzen hasi zirenetik. Frantziako Iraultzak eragin handia izan zuen arestian aipatu den moduan. Eredu elebakar hau, dena den, bi motatakoa izan daiteke gutxienez. Eredu elebakar erradikala da epe laburrean biztanle guztiak elebakar bihurtu nahi dituena; adibidez, Alemania nazian koakzio fisikoa erabili zuten zenbait gutxiengo nazional germanizatzeko; alegia, zuzenean suntsitu ez zituzten gutxiengoen aurka. Eredu hori izan du nagusi Espainiako Estatuak esate baterako Francoren diktadurapean XX. mendean. Bada eredu elebakar honen beste aldaera liberalagoa ere, epe luzeagora eta bitarteko leunagoekin jokatzen duena, esate baterako Britainia Handikoa edo Ameriketako Estatu Batuetakoa. Herrialde horietan erabiltzen diren argumentuak hizkuntza bakarra erabiltzeko utilitaristak dira, eraginkortasuna da estatu batek zein hizkuntza erabili hautatzeko behar duen irizpidea. Beti ere, jokabide horren atzean ingelesaren nagusitasuna dago; izan ere, nagusitasun hori kolokan ikusi dutenean (adibidez, etorkin hispanoen eraginiz AEBetako zenbait estatutan) diskurtsoa arras aldatu dute eta gero eta erradikalagoa egin dute.

Eredu eleaniztuna. Estatuan hizkuntza bat baino gehiago egotea onartzen du eredu honen arabera zehazten den hizkuntza politikak. Eredu honetan ere gradu desberdinak egon daitezke. Alde batetik, kontrol eredua dago (McRae, 1994). Kontrol ereduak estatu barruko lurralde autonomoetan baimentzen du eleaniztasuna, baina segimendu zorrotza egiten dio, ez dadin hizkuntza nagusia zalantzan jarri (eredu hau dago ezarrita, adibidez, frisierarekin Herbeheretan). Hala, gatazka sortzen da maila desberdinetako erakundeen artean hizkuntza politikaren inguruan. Esate baterako, Espainia mailako erakundeetatik jarraipena egiten zaio gaztelania ez den beste hizkuntzaren bat duten lurraldeetan egiten den hizkuntza politikari. Esate baterako, udaletan ordenantzen bidez edo autonomia erkidegoetako organoetan legeen bidez hizkuntza gutxituen inguruan hartutako erabaki politikoen aurka egin izan dute azken hamarkadetan. Eredu honen beste aldaera bat kontsentsuzkoa da. Kontsentsuzko ereduan estatua osatzen duten hizkuntza komunitate guztiei eskubide eta betebehar berberak aitortzen zaizkie; adibidez, finlandiarrei eta suediarrei Finlandian, kantoien araberako hizkuntzen antolamenduarekin lau hizkuntz ofizialetako hiztunei Suitzan edo flandriarrei eta frantsesdunei Belgikan. Kontsentsuzko eredu honetara bi bidetatik iritsi daiteke: estatuaren hasieratik talde guztiak berdintasunez tratatu direlako (Suitzako kasuan) edo egoerak horretara eraman dituelako (Belgikako kasuan lehen frantsesdunak ziren nagusi).

Aurreko sailkapenez gain, hizkuntza politika bat zer nolakoa den aztertzeko faktore hauek erabil daitezke (Cooper, 1989):

Eragileak. Hauxe da alderik nabarmenena goian azaldu diren parte hartzeko ereduen eta eredu teknokrataren artean; gaur egun estatu-nazioek gero eta askatasun txikiagoa dute euren hizkuntza politika erabakitzeko; izan ere, integrazio politiko eta ekonomiaren ondorioz, estatuaz goragoko erakundeak sortu dira eta gero eta indar handiagoa dute (Europar Batasuna, Mercosur...).

Populazio xedea. Agintariek ezarritako arauak herritar guztientzat izan daitezke. Adibidez, Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluak herritar guztientzat ezartzen du gaztelania ezagutzeko beharra eta erabiltzeko eskubidea. Baina gerta liteke hizkuntza politika herritar batzuentzat bakarrik izatea. XX. mende hasierako Palestinan, esate baterako, hebraiera biziberritzeko ahaleginek soilik judutarrak zituzten helburu.

Lortu nahi diren helburuak. Bi izan ohi dira gehien erabiltzen diren helburuak: lurralde bat hizkuntzaren alderditik bateratzea, gainerako hizkuntzak desagerrarazita (hauxe izan da, hain zuzen ere, duela gutxi arte hizkuntza politika gehienek zuten azken helburua, eredu elebakarraren barruan); edo hizkuntza ordezkapenari aurre egitea eta hizkuntza gutxiagotuak indartzea (helburu hau gero eta gehiago erabiltzen ari da azken hamarkadetan).

Baldintzak. Eragin nahi den gizartearen ezaugarriak hartu behar dira kontuan. Faktore koiunturalak une zehatz batekin lotuta daude: egoera ekonomikoa, hauteskunde emaitzak edo eskaintza teknologikoa. Faktore estrukturalak epe luzeagorakoak dira: sistema ekonomikoa, kokapen geografikoa eta abar (adibidez, katalanez egiten den herrialdeetan turismo handia dago Mediterranio inguruan eta horrek Europako biztanle asko erakarri ditu bertara bizi izatera). Faktore kulturalak komunitatearen balioekin eta ideologiekin lotuta daude. Azkenik, badira informazioarekin lotutako faktoreak ere, gizarteari buruzko azterketak eta datuak behar izaten baitira gizarte hori nolakoa den jakiteko.

Bitartekoak. Eragile bakoitzak bere bitartekoak ditu: gobernuek, esate baterako, legeak eta bestelako arauak erabil ditzakete; hedabideek, berriz, iritzi publikoa alda dezakete argitaratzen dutenaren bidez; hizkuntzaren aldeko elkarteek kanpainen edo bestelako ekintzen bidez iritzia sortu dezakete. Hauek dira kontuan hartu behar diren printzipioak bitartekoei ahalik eta etekinik handiena atera ahal izateko (Corbeil, 1983):

  • Konbergentziaren printzipioa. Hizkuntza politikaren barruan hartutako erabaki guztiak bide berean badoaz eta ez badago euren arteko kontraesanik, arauen eragina handiagoa izango da.
  • Dominantziaren printzipioa. Sozialki dominatzaileak diren aktoreen eragina handiagoa izango da gizartean baztertuagoak direnena baino.
  • Persistentziaren edo inertzia sozialaren printzipioa. Portaera sozialek oro har eta hizkuntzaren ingurukoek, bereziki, behin eta berriz errepikatzeko joera dutenez, lehendik dauden portaerak aldatzea zailagoa da berriak sortzea baino.
  • Hizkuntza sistemaren barne koherentziaren printzipioa. Zenbait hizkuntza aldaketa ez dira onartzen hizkuntza sistemaren barne koherentzia zalantzan jartzen dutelako , adibidez, oso fonetika desberdineko hizkuntza batetik datozen maileguak.

Eraginak. Hizkuntza politika baten eraginak zeintzuk diren jakiteko ezinbestekoa da ebaluazioa egitea. Hizkuntza politika bat ebaluatzeko hiru modu egon litezke (Grin, 2006):

  • Arauak, produktuak eta emaitzak zeintzuk diren neurtzea. Arauen eraginkortasuna da neurtu beharrekoa, ez araurik dagoen ala ez; azken finean, ezarritako arauek zenbaterainoko eragina izan duten da jakin beharrekoa. Adibidez, politika baten helburua baldin bada hezkuntza sistemaren bitartez arriskuan dagoen hizkuntza indarberritzea, politika hori behar bezala ebaluatzeko irizpidea izan behar da helburua zenbateraino lortu den adieraziko duen bat, alegia hizkuntza zenbateraino indarberritu den adieraziko duena: adibidez, hizkuntzaren ezagutza edo erabilera zenbateraino hazi den.
  • Kostu ebaluazioa. Oso ikerlan gutxi dago arlo honetan eta hizkuntza politiken kostuen ebaluazio gutxi egiten denez edo ez dutenez behar bezalako hedapenik izaten, sarritan uste faltsuak hedatzen dira. Adibidez, Europako erakundeek, gure inguruko beste erakunde publiko batzuekin konparatuta, hizkuntza askoren erabilera kudeatzen dute eta hori dela eta, askotan entzun izan dira horrek dakarren diru xahuketarekiko kritikak. Bada, Europar Batasuneko erakundeetan, azken hedapena baino lehen atera ziren datuen arabera, 15 kiderekin 11 hizkuntzatan jarduteak sortzen dituen itzulpen kostuak 1,82 ¤-koak ziren biztanleko eta urteko, hain zuzen ere Europar Batasunaren aurrekontuaren %0,8 besterik ez
  • Kontrafaktualtasun kontzeptua. horrek jasotzen du egin dena egin izan ez balitz zer gertatuko zen eta zenbateko gastuak egongo ziren; adibidez, hezkuntza sistema elebidun baten politika batek dakarren kostua neurtzeko, sistema osoaren kostuak hartu daitezke kontuan edo kontrafaktualtasunaren kontzeptua erabilita, sistema elebakarra izatearen eta elebiduna izatearen arteko kostu desberdintasuna. Kasu honetan bien arteko kostuen aldea %3 edo 4koa denez, alde hori izango da hezkuntza sistema elebiduna izateak sortutako kostua.

Dena den, gehienetan aski zaila da hizkuntza politika baten ebaluazioa egitea, eta oraindik ere sarritan ez da daturik egoten edo ez da jakiten nola egin.