Kontzeptua

Hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza

Hizkuntza-plangintza terminoaren bidez, beste batzuen hizkuntza-portaeran eragiteko, hizkuntzen eta hizkuntza-aldaeren irakaskuntzan, egituran eta funtzioetan egindako ahalegin kontzienteak adierazten dira (Cooper, 1997). Hizkuntza-politikan hartutako erabakiak gauzatzera bideratutako ekimen planifikatuak biltzen ditu hizkuntza-plangintzak, edo zentzu zabalagoan, hizkuntzen erabileran edo egituran eragiteko esku-hartze kontzienteak (Xavier Lamuela, 1994); izan ere, sarritan, esku-hartze horiek ez dira izaten aski planifikatuak ez baitute plan batek izan behar duen ezaugarririk, nahiz eta hizkuntza-plangintza izena jarri.

Hizkuntza-politika hausnarketa, eztabaida, erabaki eta botereari lotuta dago, eta hizkuntza-plangintza, berriz, exekuzioari eta hartutako erabakien aplikazioari (Bastardas i Boada, 2009). Horixe da bien arteko desberdintasun nagusia.

Hizkuntza-politika batez ere gobernu erakundeei dagokie, baina edozein talde edo erakundek ere, barne-funtzionamendurako zein kanpo-harremanetarako, hizkuntza-politikari loturiko irizpideak izan ditzake; esate baterako, enpresetako euskara-planetan egiten den gauzetariko bat hizkuntza-politika zehaztea izaten da. Era berean, politika horiek gauzatu ahal izatera bideratutako hizkuntza-plangintza gobernuen esku egon daiteke, baina baita erakunde pribatu edo gizarte-erakundeen esku ere. Hala, Katalunian zein Euskal Herrian protagonismo handia izan dute hizkuntzaren aldeko mugimenduek.

Arestian esan dugunez, hasiera batean ingelesezko terminoa (language planning) goitik beherako ikuspegi teknokratarekin garatu zenez, Quebec-en frantsesezko termino desberdina erabiltzeari ekin zioten (aménagement linguistique). Orain, berriz, ingelesera ere igaro da termino hori eta language management erabiltzen hasi dira (Jiri Nekvapil, 2006).

Hizkuntza-plangintza terminoa lehen aldiz Haugen-ek (1959) erabili zuen, batez ere aurrerago azalduko den corpusaren plangintza adierazteko. Geroago, berriz, hizkuntza-plangintzaren kontzeptua zabaldu egin zen, Soziolinguistikaren ikuspegi hertsiaren eta zabalaren bereizketarekin bat, eta ezberdindu egin ziren corpusaren eta estatusaren plangintza (Heinz Kloss, 1969):

  • Corpusaren plangintza: hizkuntzari berari dago lotuta, alderdi linguistikoa lantzen du; emaitzarik esanguratsuenak dira gramatika eta hiztegi arauemaileak, terminologia-lanak, ortografia, puntuazio-arauak eta abar.
  • Estatusaren plangintza: hizkuntzaren alderdi soziala lantzen du; hemen sartzen dira, adibidez, estatus legala ezartzea, hizkuntzaren alde egindako kanpainak, hizkuntza-transmisioa bermatzeko egindako ekimenak, helduak alfabetatzeko ekintzak eta abar.

    Aurreko biak dira hemen erabiliko direnak, nahiz eta egile batzuek hirugarren bat ere bereizten duten (Cooper, 1997): irakaskuntzaren plangintza (acquisition planning). Hain zuzen ere plangintza-mota honetan sartu ziren hizkuntza irakasteari lotutako ekintza guztiak: Israelgo gobernuak hebreera ikasteko ematen dituenak, Zeelanda Berrian maoria ikasteko sortutako kohunga reo edo "hizkuntza habiak" eta abar. Dena den, hemen estatusaren plangintzaren osagai gisa aztertuko da irakaskuntzaren plangintza.

    Estatusaren plangintza da bi plangintza motetan zailena eta gehienetan corpusaren plangintzaren atzetik joaten da, batez ere hizkuntza gutxiagotuetan. Hala eta guztiz ere, estatusari lotutako helburuek gidatzen dute corpusaren plangintza ere (Joshua A. Fishman, 2006a). Adibidez, hizkuntza teknologia berrietan sartu nahi bada, orduan teknologiari lotutako terminologia garatu beharko da, baina herri baten hizkuntza sinboliko soil gisa utzi nahi bada, berriz, ez du zentzurik izango terminologia berriei heltzeak. Dena den, giza eta gizarte-jarduera oro hizkuntzan oinarrituta dagoenez, nolabaiteko akordio bat behar da zenbait punturen gainean gizarteak funtzionatu ahal izan dezan: zein hizkuntza erabiliko den zein funtziotarako eta nola idatziko den.

    Sarritan, bi plangintza-motak elkarrekin doaz eta txanpon beraren (hizkuntza-plangintzaren) aldetzat jo dira. Askotan, dena den, ez da aukerarik egoten biak egiteko eta hizkuntza-plangintzaren mota bakarra hautatzen da. Ez da komenigarria hizkuntza batentzat estatus berri batera iristea horretarako kode egokirik eduki gabe; eta alderantzizkoa ere ez: zertarako amaiera gabeko modernizatze-prozesuetan sartu, ez badu lortzen funtzio horiek betetzeko estatusik (Fishman, 2006b).

    Hizkuntza-plangintza: hizkuntza-plangintza terminoaren bidez, beste batzuen hizkuntza-portaeran eragiteko, hizkuntzen eta hizkuntza-aldaeren irakaskuntzan, egituran eta funtzioetan egindako ahalegin kontzienteak adierazten dira (Cooper, 1997). Hizkuntza-politikan erabakitakoak gauzatzeko ekimen planifikatuak biltzen ditu hizkuntza-plangintzak, edo zentzu zabalagoan, hizkuntzen erabileran edo egituran eragiteko esku-hartze kontzienteak (Lamuela, 1994); izan ere, sarritan, esku-hartze horiek ez dira izaten aski planifikatuak ez baitute plan batek izan behar duen ezaugarririk, nahiz eta hizkuntza-plangintza izena jarri.

Corpusaren plangintzan hizkuntza-kodea edo sistema bera beharrizan berrietarako prestatzen da.

Corpusaren plangintzaren helburuak hainbat izan daitezke hizkuntzaren eta bestelako faktoreen arabera (Boix i Fuster eta Vila i Moreno, 1998):

  • Normatibizazioa: hizkuntzaren edozein mailatan hizkuntza-arauak zehaztea, idazteko sistema bat aukeratzea (alfabeto latindarra, arabiarra, zirilikoa...), ortografia finkatzea, gramatika edo hiztegi arauemailea egitea. Honi oso estu lotuta dago gero aztertuko den estandarizazioaren kontzeptua.
  • Hizkuntza garbitzea: hizkuntzaren aldetik zer den zuzena eta zer okerra finkatzea. Normalean, beste hizkuntzetatik jasotako mailegu eta kalkoei buruzko irizpideak zehazten dira, baina baita barne-aldaketen ingurukoak ere.
  • Terminologia eta baliabide estilistikoak lantzea: hizkuntza bereganatu edo berreskuratu dituen arloetan (teknikan, zientzian, literaturan...) jardun ahal izateko sistema doitzea da. Hizkuntza teknikoa lantzen duten liburu edo ikasgaiei eta estilo-liburuei lotuta dago.
  • Hizkuntzaren erreforma: arauak aldatzean datza. Eraldaketa hori txikia izan daiteke, portugesak 1980 inguruan, edo alemanak 1990eko hamarkadan egindakoen modukoa. Baina batzuetan sistemaren berregituraketa oso handia izaten da. Esate baterako, Atatürk-ek XX. mende hasieran turkiera guztiz aldatu zuen azken helburu gisa okzidentalizatzea eta desarabizatzea zuela. Horretarako, besteak beste, alfabetoa aldatu zuen eta arabiarra erabiltzetik latindarra erabiltzera pasatu zen; hizkuntzan eragin zituen aldaketa horiek, jakina, gizartean egin ziren beste aldaketa batzuekin bat zetozen eta bere ildo politikoaren barruan zeuden.

Corpusaren plangintzan garrantzitsua da estandarizazio-prozesua, hau da, hizkuntza baten aldaera estandarra zehaztu, ezarri eta lantzeko prozesu linguistiko eta soziala, garaian garaiko funtzioak behar bezala betetzeko prestatuta gera dadin hizkuntza. Haugen-ek (1983) eredu hau proposatu zuen hizkuntza-estandarizazio formalerako, alegia, estandarizazioa programatutako prozesu baten bidez egiten denerako:

12. taula:
Hizkuntza-estandarizazioaren faseak

FormaFuntzioa
(Haugen, 1983)
Gizartea (estatusa)1.- Hautatzea3.- Inplementazioa
Hizkuntza (corpusa)2.- Kodetzea:
-Lexikalizazioa
-Grafizazioa
-Gramatikalizazioa
4.- Elaborazioa

Horrela, Haugen-ek lau faseko eredua sortu zuen, betiere kontuan hartuta lau fase horiek ez dutela zertan bata bestearen ondoren gertatu (Boix i Fuster eta Vila i Moreno, 1998):

  • Hautatzea: estandarraren oinarrian zein aldaera egongo den aukeratzen da. Normalean dialekto bat aukeratzen da estandar gisa (hori egin zuten italierak edo frantsesak); beste aukera bat da aldaera berri bat garatzea, osagaiak dialekto batetik baino gehiagotik hartuta (aukera honi konponentziala deitzen zaio, eta horrela egin dute Filipinetan filipinera sortzeko tagalog hizkuntza herrialdeko beste hizkuntza batzuekin osatu zutenean). Sustatuko den aldaera zein izango den aukeratzeko irizpideak hainbat izan daitezke: sarritan dagoeneko botereguneetan erabiltzen dena aukeratzen da, eta dialektorik hedatuena edo prestigiorik handiena duena izan ohi da gehienetan.
  • Kodetzea: hiztun guztientzat arau esplizitua jartzean datza, hizkuntza erabiltzerakoan modu bat baino gehiago egoteak sortzen dituen zalantzak ezabatzeko; forma bakarra onartzen da, gehienetan.

  • Faktore hauek eragiten dute kodetzean (J. Bañeres, 1987):
    • Ekonomikoak: normalean aukeratzen den aldaera jende gehienak erabiltzen duena izaten da, ekonomikoki indartsuena den lurraldekoa, sektorerik aberatsenean erabiltzen dena edo sektore intelektualek erabiltzen dutena.
    • Nazionalak: hizkuntza dominatzailearen antz gutxien duten aldaerak, edo mugimendu nazionala indartsuen dagoen eskualdeetan hitz egiten dena aukeratu izan da zenbait kasutan.
    • Kultural eta literarioak: hizkuntza klasikotik hurbilen dagoena edo prestigiodun idazleek erabiltzen dutena.
    • Pertsonalak: kodetzearen egileari hurbilen egiten zaizkion formak aukeratzen dira faktore hauek indar handia hartzen dutenean.

    Kodetzeak hiru azpiprozesu ditu (Haugen, 1983):
    • Grafizazioa: grafia eta ortografia aukeratu behar dira; hau da, hizkuntza horretan nola idatzi behar den.
    • Lexikalizazioa: hiztegi arauemailea sortu edo, behintzat, lexikoaren forma estandarrak zehaztu behar dira, hiztunek jakin dezaten zeintzuk diren hitz zuzenak eta zeintzuk okerrak eta hitz bakoitzaren zein forma dagoen onartuta eta zein ez.
    • Gramatikalizazioa: gramatika arauemaileak adierazten du hizkuntzaren osagai gramatikalak nola erabili behar diren.
  • Inplementazioa: araututa dagoena hedatu egin behar da, bai ezagutza-mailan, hiztunek forma estandarra ezagutu dezaten, baita erabilera-mailan ere. Fase hau gizarteari askoz ere lotuago dago eta oso garrantzitsua da; izan ere, arestian esan bezala, hizkuntza estandarizatzeko aurretik egindako ahalegin guztiek ez dute ezer askotarako balio izango, baldin eta hiztunek erabiltzen ez badute.
  • Elaborazioa: baliabide terminologiko, sintaktiko eta estilistikoak garatzen dira. Fase hau bat dator hizkuntzak funtzio berriak irabaztearekin, horrek beharrizan berriak sortzen baititu. Askoz ere garrantzitsuagoa da fase hau gizartean aldaketa handiak gertatzen direnean, teknologian eta bestelako jakintza-arloetan, adibidez. Horrek guztiak behar terminologiko berriak sortzen ditu abiadura handian.

Eredu honen arabera, beraz, desberdinak dira hizkuntza kodetuak eta hizkuntza estandarizatuak. Hizkuntza kodetuek araututako aldaera bat dute, baina baliteke oraindik ere gainerako faseak bete gabe izatea eta gizartean hedatu gabe egotea; hizkuntza estandarizatuek, aldiz, azaldutako lau faseak bete dituzte.

Corpusaren plangintzan norabide desberdinak daude, eta hartzen den norabidea ideologikoki bat etorri ohi da agintariek duten ideologia orokorrarekin. Hauek izan litezke corpusaren plangintzaren norabideak (Fishman, 2006a):

  • Garbitasuna edo herrikoitasuna: askotan egin izan da garbitasunaren alde plangintzetan; adibidez, Espainiako Hizkuntzaren Akademiaren leloa Limpia, fija y da esplendor da. Hizkuntzaren garbitasunaren alde egiten denean, batez ere beste hizkuntza batzuetatik hartutako maileguen aurka egiten da (euskaraz, adibidez, telefono hitzaren ordez urrutizkina erabiltzea). Ingelesaren kasuan, berriz, akademiarik ez dagoenez, gehiago jo da herrikoitasunaren ildotik, itxura batera, behinik behin. Horrek guztiak hizkuntzarekin berarekin baino herrialdearen historiarekin eta faktore politikoekin du zerikusia (adibidez, Turkian frantsesaren forma "garbiak" begi onez ikusten zituzten, eta arabierazko maileguak, berriz, arbuiatu egiten zituzten Atatürk-en garaietan).
  • Berezitasuna edo mendebaldetasuna: aurrekoari lotuta dago; berezitasunaren izenean uko egiten zaio maileguak onartzeari, hizkuntza isolatzeari ematen diote garrantzia. Mendebaldetasunaren aldekoek, berriz, hizkuntza ingelesera hurbiltzeko ahalegina egiten dute.
  • Klasikotasuna edo panifikatzea: hizkuntza bat noiz jaiotakoa den zehatz-mehatz esatea ezinezkoa da, baina hizkuntza batzuk beste batzuk baino zaharragoak dira zalantza barik (hala, latina zaharragoa da galiziera baino, jakina). Hizkuntzen antzinatasunak halako erakarpen-indar bat izan ohi du eta sarritan planifikatzaileek klasikotasunerantz jo izan dute; adibidez, Indian hindi hizkuntza nagusi bilakatzeko modernizatu zutenean, sanskritoko elementu asko erabili zituzten, besteak beste, hizkuntza klasikoa zenez, prestigio handia zuelako sanskritoak, nahiz eta horrek zailtasun handiak sortu jende askok, batez ere musulmanek, ez zituelako sanskritozko hitzak ulertzen. Panifikazioaren alde egiten dutenek, berriz, zenbait herriren batasunaren alde egiteko, noizbait herri horiek guztiek hitz egin omen zuten hizkuntza desagertua berreraikitzera jotzen dute. XIX. mendean, adibidez, Iliria herrialdearen batasunaren alde egin zuten Balkanetan eta, ustez, han hitz egindako hizkuntza berreraikitzen saiatu ziren. Horrelako saiakerek ez dute arrakastarik izan eta ez dute lortu euren helburua betetzerik; aipatutako adibidean ez zuten lortu Iliriako hizkuntza berreraikitzerik.
  • Einbau eta Ausbau sistemak: hizkuntza-araua ezartzean izaten diren irizpideen joera ezberdinak bi sistema hauetan lerra daitezke. Lehenengoak (Einbau) inguruko hizkuntza indartsutik hurbil geratzea izaten du helburu; bigarrenak (Ausbau), aldiz, inguruan duen hizkuntza indartsutik ahalik eta urrunen geratzen diren erabakiak hartzea, desberdintasunak ahalik eta handienak izan daitezen. Eraginak oso desberdinak izaten dira: Einbauk sarritan hizkuntza-ordezkapena bultza dezake. Pakistan XX. mendean Indiatik bereizitako herrialdea da, batez ere erlijioarengatik (pakistandar gehienak musulmanak dira). Pakistanen urdua dute hizkuntza nagusia, eta Indian, berriz, hindia. Bi hizkuntzak oso-oso antzekoak dira, baina bi estatuen arteko desberdintasunak nabarmentzeko gero eta desberdinago egiten ari dira bi hizkuntzak (hindiak sanskritorantz jo duelako).

Beraz, corpusaren plangintza ere, nahiz eta itxura batera politikoki neutroa izan, autoritateak hizkuntza-ordezkapena bultzatzeko erabil dezake. Beti dago lotuta hiztun-komunitatean denboran zehar gertatzen diren aldaketa ekonomiko eta politikoei. Adibidez, moldaviera errumanieraren dialektotzat hartzen zen II. Mundu Gerra baino lehen. Gero, Moldavia sobietarren mendean geratu zenean, hizkuntza desberdintzat hartu zuten eta alfabeto zirilikoa jarri zioten idazteko. Ondoren, Moldavia independentearen lehen urteetan errumanieraren hurbileko hizkuntza gisa aurkeztu zuten eta alfabeto latindarrean idazteari ekin zioten berriro. Orain, berriz, errumanieraren ahozko aldaera gisa onartu da ofizialki, eta idatzizko errumaniera jarri zaio literaturarako eredu gisa (Fishman, 2006b). Horrenbestez, corpusaren plangintzan hartzen diren erabaki askok ere eragin sozial handia dute eta taldeen arteko botere harremanak alda ditzakete, talde bataren edo bestearen aldaera edo alfabetoa aukeratu delako, esate baterako.

Esperientzia askotan ikusi da corpusaren plangintza dela lehendabizi egin beharrekoa, estatusaren plangintzaren aurretik. Gainera, agintariak hizkuntza-aniztasunaren aurka daudenean, errazagoa da botereak corpusaren plangintza egiteko baimena ematea estatusarekin lan egitekoa baino.

Corpusaren plangintza: hizkuntza-plangintzaren osagaietako bat da, alderdi linguistikoa lantzen duena. Honen barruan lantzen dira, besteak beste, gramatikak, hiztegiak, ortografia-arauak... Azken helburua hizkuntza-kodea bera beharrizan berrietarako prestatzea da. Helburu hori lortzeko garrantzitsua da plangintza-mota honetan hizkuntzaren estandarizazio-prozesua, hau da, hizkuntza baten aldaera estandarra zehaztu, ezarri eta lantzeko egiten den prozesu linguistiko eta soziala.

Euskararen corpusaren plangintza

Euskararen kasuan aurrerapen handiak egin dira XX. mendearen bigarren erdialdean eta batez ere azken hamarkadetan.

Euskal Herria administrazio eremu desberdinetan zatituta egon da mendeetan zehar eta azken mendeetan, gainera, Bidasoaren alde banatan erdara desberdin bat izan da nagusi (gaztelania Hegoaldean eta frantsesa Iparraldean). Herrialde desberdinetako euskaldunen artean harreman gutxi egon denez, dialekto asko garatu dira eta elkarri ulertzeko zailtasunak gero eta handiagoak izan dira. Gainera, euskara Euskal Herri osorako goi-mailako zereginetan ez denez erabili ez da egon maila horretako euskara-eredu bakarrik.

Euskararen historian zehar, banaketa izan da nagusi eta horrek galarazi du euskara estandarra sortzea. XVI. mendean Iparraldean Lapurdiko kostaldeko euskarak hartu zuen indar eta prestigio handia, baina indar hori ez zen iritsi Hegoaldera eta XVII. mendean ahultzen hasi zen. Hegoaldean, berriz, XVIII. mendean Gipuzkoako euskara indartu zen eta euskalkiekiko errespetuaren aldeko aldarriak gertatu ziren Larramendi, Kardaberaz eta Mendibururen eskutik. Bizkai aldean ere izan zuen jarraitzailerik Gipuzkoako euskara erabiltzearen aldeko ideiak (adibidez, Mogel). Dena den, XIX. mendean indartu egin zen Bizkaian bertako euskalkiaren aldeko jarrera eta zenbaitek gainerako euskalkietatik gehiago bereizteko ahalegin handiak egin zituzten arkaismoak berpiztuta eta tokian tokiko berezitasunak bultzatuta.

XIX. mendearen bigarren erdian Sabino Aranak Eusko Alderdi Jeltzalea sortu zuen. Euskararen batasunaren aurka agertu zen eta horrek eragin handia izan zuen bere garaian eta hurrengo hamarkadetan, batez ere Hegoaldean eta bereziki Bizkaian. Aranak hainbat arrazoi eman zituen euskararen batasunaren aurka (Zuazo, 2005): euskalkien artean ez zegoela alde handirik, galdu egingo litzatekeela euskalkien aberastasuna, desberdintasunak sortuko liratekeela jende ikasiaren eta ikasi gabearen artean eta ez zegoela horrelako egitasmoa bideratzeko jende aditurik. Sabino Aranaren helburua Euskal Herri federala lortzea zen, sei herrialdez osatua eta bakoitza bere euskalkiarekin. Gainera, euskara erdaretatik ahalik eta gehien urruntzeko helburuarekin garbizaletasuna bultzatu zuen Sabino Aranak, maileguak gaitzetsi zituen eta ustez euskara garbikoak ziren hitzak asmatu zituen, emaitza gisa oso euskara ulergaitza sortuz.

Hala eta guztiz ere, Sabino Arana hil eta gero, XX. mendearen hasieran, izan ziren euskararen batasunaren aldekoak Eusko Alderdi Jeltzalean, batez ere euskara lan-tresna nagusi zutenen eskutik (idazleak, kazetariak eta irakasleak). Hala ere, EAJren zuzendaritzak euskararen batasunaren aurkako erabakia plazaratu zuen 1916an Aranaren arrazoiak berretsita; izatekotan ere, Bizkaiko euskarari aitortzen zioten euskalkien arteko nagusitasuna.

Giro horretan sortu zen Euskaltzaindia. Bera da euskararen corpusari lotutako gaietarako erakunde nagusia. Sorrera 1919. urtean izan zuen Frantziako eta Espainiako hizkuntza-akademien ereduari jarraituta. Bere egiteko nagusien artean euskararen estandarizazioa zuen. 1920an estandarizazioaren gaia aztertzeko batzarra izan zen eta gaiaren inguruko txosten asko aurkeztu ziren. Gaiaren inguruan zegoen iritzi-aniztasuna agerian utzi zuen batzar hark: euskaltzain asko batasunaren kontra zeuden eta alde zeudenak ere ez ziren iritzi berekoak. Hauek ziren han aurkeztutako aukerak (Zuazo, 2005): jatorrizko euskara berreraikitzea, Bizkaiko euskarari ematea lehentasuna, Gipuzkoako euskara lehenestea, gipuzkera osotua eta euskara osotua. Ortografiaren batasunari buruz, berriz, gehienak aldekoak ziren, nahiz eta horretan ere aukera bat baino gehiago egon. Ortografiari buruzko zenbait erabaki hartu ziren 1920an.

Espainiako Gerra Zibilak eta II. Mundu Gerrak eragin handia izan zuten garaiko gizartean eta geldialdi handia ekarri zuten euskararen estandarizazio-prozesu zailean. Geroztik izandako industriaren gorakadak aldaketa handiak ekarri zituen: hiriak hazi egin ziren, etorkin asko iritsi ziren Hegoaldera eta ideologia berriak hasi ziren hedatzen. Hala, gizartean ere haustura sortzen hasi zen, esate baterako, hirietako eta baserri giroko jendearen artean eta erlijiozaleen eta ezkerzaleen artean. Banaketa horrek eragin handia izan zuen XX. mendearen bigarren erdialdean gertatu zen euskararen estandarizazio prozesuan. Izan ere, batasunaren aldekoek gizarte hiritar eta industrial berrira egokitu nahi zuten euskara eta horretarako estandar baten beharra ikusten zuten. Beste batzuek, berriz, euskara batez ere tokian tokiko ahozko jardunerako aldarrikatzen zuten eta horretarako nahikoa zuten euskalkiekin. Federiko Krutwigek, adibidez, euskara goi-mailako kulturara hedatu beharraren alde egin zuen eta horretarako Leizarragaren lapurtera klasikoaren bidetik jo zuen; hasieran jarraitzaile asko izan bazituen ere, aldendu egin zitzaizkion gero. Iparraldean, berriz, eredu nafar-lapurtarra zen nagusi bertako komunikabide idatzietan.

Gainera, 1960ko hamarkadan mugimendu politikoa eta kulturala asko indartu ziren: besteak beste, ikastolak sortu ziren, helduentzako gau eskolak ere bai, euskal kantariak eta artistak indar handiz agertu ziren, Euskal Herri batu eta independentearen aldeko ideiak hedatu ziren. Horrek guztiak handitu egin zituen euskara tresna gisa erabiltzen zutenen estandar baten beharra.

Prozesu luze eta zaila izan da, saiakera bat baino gehiago izan dituena.

Horrenbestez, Baionan Euskal Idazkaritza sortu zen garaiko eragile politiko eta sozial garrantzitsuenen ordezkariekin (Txillardegi, Telesforo Monzon, Roger Iriart, Xabier Kintana, Jean Louis Davant...), herrialde gehienetako pertsonak tartean zirela. Euskararen batasunaren oinarriak finkatzeko txosten bat prestatu zuten eta Baionako biltzarra antolatu zuten 1964an proposamena eztabaidatzeko. Batzarrak arrakasta handia izan zuen, euskara batua sortu beharra aldarrikatu zuten eta Euskaltzaindiari horren alde lan egin zezala eskatu.

Euskaltzaindiak Koldo Mitxelenari eskatu zion prestatu zezala euskararen batasunari buruzko txostena eta Arantzazuko biltzarra antolatu zuen 1968an. Mitxelenaren proposamenak Baionako erabakiak hartu zituen oinarri eta handik atera ziren euskara idatziaren batasunerako lehenengo arau-multzoa, ortografiari, morfologiari, deklinabideari eta neologismoei buruzkoa. Estandar hori proposatzeko, oinarri hartu zuten, lehenik, gipuzkera eta nafarrera eta, bigarren mailan, ertzetako euskalkietako aldaerak (Zuazo, 1988).

Hegoaldean, batez ere, gatazka gogorra sortu zuten orduko erabakiek. Eztabaida sutsuak izan ziren ortografiaren arloan eta h letra hartu zen desadostasunen ardatz moduan. Hizkuntzaren arlotik zeharo urrundu ziren eztabaidak eta politikaren alorrean garatu ziren batez ere: h letraren aurkakoek letra hori marxismoaren, iraultzaren eta elizaren aurkakoen sinbolo gisa hartu zuten eta ETA egin zuten h-a zabaltzearen erantzule. Euskaltzaindiaren buru zen Luis Villasante frantziskotar fraideak ere parte hartu behar izan zuen eztabaidan hartutako erabakiak defendatuz.

Biltzar hartan hartu zen bidea batzuek gogor kritikatu bazuten ere, ez dira haien jarrerak testuinguru politiko eta kulturaletik kanpo ulertu behar. Are gehiago, kritiko agertu ziren gehienak euskara batuaren aldeko jarrera garbia izan zuten eta aldaera berriaren sustapenean modu aktiboan hartu zuten parte. Era berean, idazle gehienak arauak erabiltzen eta euskara batuan idazten hasi ziren eta, handik aurrera indar handiz sortu ziren alfabetatze- eta euskalduntze-ikastaroetan ere, euskara batua irakatsi zuten. Geroztik sortu ziren komunikabide gehienek ere euskara batua erabili izan dute, batez ere, Euskal Herri osora iristen zirenek. Gainera, handik gutxira, frankismoaren ondoren, administrazio publikoan euskara idatzia erabiltzen hasi zenean ere, euskara batua erabili zen.

Hurrengo urteetan, 1980ra bitartean, hainbat oinarrizko erabaki hartu zituen Euskaltzaindiak (aditzaren paradigmak, ortografiari buruzko zenbait kontu...). Ondoren, zenbait lan egin dira, deskriptiboak (alegia, hizkuntza nola erabili izan den deskribatzen dutenak) eta arau emaileak (hain zuzen ere, euskara nola erabili behar den esaten dutenak):

  • Lexikogintzan Orotariko Euskal Hiztegiak 1970. urte arte euskaraz historia guztian argitaratu den literatura-corpusa aztertu du, XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa osatu da eta hiztegi batuko zerrendak argitaratzen joan dira urteetan (zerrenda horietan zenbait aldaera hobesten dira baturako eta beste batzuetan gomendioak ematen dira forma baten edo besteren alde).
  • Gramatikagintzan, gramatika deskriptiboa argitaratu da Euskal Gramatika. Lehen Urratsak (EGLU) izeneko liburuetan. Euskal literaturan gramatikazko osagaiak nola erabili izan diren jasotzen dute.

Azken urteetan, gainera, Euskaltzaindiak bere arau eta gomendioak argitaratu ditu hizkuntzaren corpuseko zenbait osagai finkatzen joateko. Gaur egun, material horiek guztiak Interneten daude edonoren eskura Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.net), eta zenbait ikastaroren eta argitalpenen bidez, hartutako erabakien hedapena egin da.

Hiztegigintzan ere aurrerapauso handiak egin dira eta hiztegi asko argitaratu dira, orokorrak zein espezializatuak eta hainbat hizkuntzatarakoak. Gehienak gaur egun Internet bidez kontsultatzeko moduan daude. Terminologiaren alorrean EUSKALTERM terminologiaren banku publikoa sortu da. Teknologia berrien aurrerakadari erantzuteko ere zenbait tresna sortu dira, tartean XUXEN ordenagailuan erabiltzeko zuzentzaile ortografikoa.

Internetek aurrerapen eta erraztasun handiak ekarri ditu dagoeneko euskararen corpusaren plangintzara: edozeinen eskura jarri ditu ahalmen handiko bilaketa tresnak formatu berrietan (hiztegiak, Euskalbar, euskararen corpusa...), hartutako erabakien hedapena asko erraztu du (Euskaltzaindiaren arauak, hiztegi batua...) eta kontsultak egiteko eta elkarlanerako bideak ireki ditu (Duda-muda, Itzul posta zerrenda, zalantzak argitzeko Jagonet zerbitzua...).

Beraz, zenbait mendetan lortu ezin izan den euskararen batasuna hamarkada oso gutxitan lortu da arrakasta handiz. Koldo Zuazoren (2005) ustez, hori horrela izan ahal da aukeratutako aldaerak betetzen zituelako estandarrerako behar diren baldintzak:

  • Demolinguistikoa: hiztun asko izatea.
  • Sozioekonomikoa: azpiegitura egokia izatea hizkera zabaltzeko, herri haziak, besteak beste.
  • Soziolinguistikoa: prestigioko hizkera izatea.
  • Linguistikoa: hiztun gehienentzat ulerterraza eta ikasterraza izatea; horretarako, lagungarri izan ohi da erdigunean egotea geografikoki.
  • Literatura-tradizioa.

Dena den, batuak zailtasunak ere sortu zituen, eta oraindik ere sortzen ditu nahiz eta gero eta gutxiago, jatorrizko hiztunengan. Adibidez, euskarazko telebista sortu berriko euskara ulertu ezin izateak kontrako jarrerak sortu zituen: batzuek Hori ez da euskara esaten zuten, eta beste batzuek, berriz, Gure euskara txarra da. Horrelako aurreiritzi asko sortu izan dira, esate baterako, mendebaldeko euskara hiztunengan, batuarekiko distantzia handiagoa dutelako, eta lehen azaldu diren eztabaiden eta desadostasunen ondorioz. Azken urteetan euskalkiek eta batuak zer nolako harremanak eta bakoitzak zein funtzio izan beharko luketen lantzen ari da eta zabaltzen ari da euskalkien alde egin daitekeela eta egin behar dela, eta, aldi berean, batuaren alde ere bai; hain zuzen ere, batua eta euskalkiak osagarriak direla eta guztien beharra dagoela (Zuazo, 2001).

Euskara batua: euskararen aldaera estandarra. Euskaltzaindiak, euskararen akademiak, 1968an onartu zituen euskara batuaren oinarriak. Proposamena Koldo Mitxelenak prestatu zuen Txillardegik eta beste zenbaitek 1964an Baionan Euskal Idazkaritzan erabakitakoak oinarri hartuta. Erdialdeko euskara hartu zen euskara batuaren sustrai gisa. Zenbait desadostasun sortu baziren ere, batez ere Hegoaldean h letra hartuta aitzakia gisa, gizartean onarpen zabala izan zuen eta denbora gutxian hedatu zen euskara lan-tresnatzat zutenen artean. Aurretik ere izan ziren hainbat saio euskararen batasuna lortu eta hizkuntza estandarra lortzeko, baina batek ere ez zuen izan arrakastarik.

Plangintza-mota honen helburua hizkuntza-aldaera bat bultzatzea izan ohi da. Beraz, lotuta dago hizkuntzaren funtzioei. Hizkuntza-plangintzaren helburua gizartean aldaketa eragitea da, eta hori askotan oso zaila izan ohi denez, ez dira beti arrakastatsuak izaten arlo horretako ekimenak.

Plangintza dimentsio ezberdinetan izan daiteke (J.I. Marko, argitaratu gabea):

  • Norbanakoetan: adibidez, hizkuntza ikasteari lotutako planak.
  • Taldean: belaunaldi arteko transmisioa bultzatzeko planak, esate baterako.
  • Organizazioetan: enpresetan zein elkarteetan hizkuntza bat sustatzeko planak.
  • Sektore ekonomiko eta sozialetan: merkataritzan euskara sustatzeko planak.
  • Komunitatean: adibidez, herrietako euskara-planak.
  • Ekosisteman: maila orokorrean egiten diren planak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia edo Bai Euskarari Akordio Estrategikoa.

Plangintzaren aplikaziorako maila sistemikoak (Marko, 2001).

13. irudia

Piramide honen goieneko geruzetan egiten den plangintza makro-mailakoa da eta erditik behera egiten denean, berriz, mikro mailakoa.

Estatusaren plangintza: hizkuntza-plangintzaren osagaietako bat da. Hizkuntzaren alderdi soziala lantzen du; hemen sartzen dira, adibidez, estatus legala ezartzea, hizkuntzaren alde egindako kanpainak, hizkuntza-transmisioa bermatzeko egindako ekimenak, helduak alfabetatzeko ekintzak eta abar. Estatus-plangintzaren azken helburua da hizkuntza batek, edo hizkuntza-aldaera batek gizartean duen egoera aldatzea. Bi plangintza-motetan zailena da, gizartean aldaketa bat lortzea duelako helburu.

Makro-plangintzak gizarte osoa edo talde ezberdinak dituzte helburu eta, ondorioz, egitura konplexua duten eremuetara bideratuta daude, ekosistema, komunitate edo sektore jakinetara, beraz. Hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeen testuinguruan kokatuta, hizkuntza-normalizazioa da guri egokien datorkigun terminoa.

Herrialde katalanetan hizkuntzaren inguruan zegoen egoerari eta giroari egokitzeko hizkuntza-politika edo -plangintza kontzeptuak nahikoa ez zirelakoan, Lluís Aracil (1965) valentziarrak hizkuntza-normalizazioa terminoa asmatu zuen, hizkuntza-ordezkapenaren aurkako prozesu soziala adierazteko, hain zuzen ere, eremu urriko hizkuntzak sustatzeari lotuta. Dinamikotasuna eta aldaketa adierazten zituen eta arrakasta handia izan du Euskal Herrian ere. Kontzeptuan Katalunian hizkuntza indarberritzeko landu beharreko guztia bildu zuten: kodea arautzea edo corpusaren plangintza, sustapen terminologikoa, ezagutza hedatzea, erabilera hedatzea, etorkinak elebiduntzea, pertsona arteko hizkuntza-portaera aldatzea... Kontzeptua hain zabala bihurtu zenez, nahasmena sortu du eta zehaztasuna galdu du gehiegizko polisemiaren eraginez. Nazioarteko arlo akademikoan Katalunia sartu ahala gero eta gutxiago erabili da terminoa: orain legearen izenean ez da normalizazioa agertzen, politika baizik (Bastardas i Boada, 2009).

Ez da nahasi behar hemen aurkeztu den hizkuntza-normalizazioa frantsesezko normalisation linguistique terminoarekin; izan ere, horrek hizkuntzaren egiturari buruzko arau bakarra ezartzea esan nahi baitu, hain zuzen ere, corpusaren plangintzari buruzko atalean aztertu den hizkuntza-estandarizazioa.

Normalizazioaren helburuak maila desberdinekoak izan daitezke (Boix i Fuster; Vila i Moreno, 1998):

  1. Helburu politiko eta juridikoak
    • Gutxieneko helburua: nahi dutenek hizkuntza gutxitua erabili ahal izatea alor guztietan; hau da, hizkuntza-eskubideak bermatzea.
    • Helburu ertaina: gutxieneko helburua eta orain arte gutxitua izan den hizkuntza erakunde guztien hizkuntza ofiziala izan dadila; hau da Katalunian eta Euskal Herrian ardatz gisa erabili dena.
    • Gehienezko helburua: hizkuntza gutxitua izan dadila hizkuntza ofizial bakarra bere lurraldean. Helburu horixe aukeratu zuten Txekian edo Polonian.
  2. Helburu soziolinguistikoak
    • Gutxieneko helburua: hizkuntza gutxituak erabilera eremu guztiak bere egitea.
    • Helburu ertaina: gutxienekoa eta hizkuntza hori ez dakiten herritarrak elebiduntzea.
    • Gehienezko helburua: lehengoak eta aloglotak (kanpotik beste hizkuntza batekin iristen direnak) integratzea hiztun-komunitateko kide aktibo bihur daitezen eta ondorengoei hizkuntza transmiti diezaieten.

Normalizaziorako neurriak

Helburu juridikoak ezarrita, ofizialtasuna ezarrita eta eskubideak finkatuta, horiek garatzeko neurriak ezarri behar dira; izan ere, lortu nahi den helburua erdiesteko neurriak hartu beharra dago. Estatusaren plangintzan oso desberdinak izan daitezke hartzen diren neurriak (Boix i Fuster; Vila i Moreno, 1998):

  • Neurri enblematikoak: balio sinbolikoa dute eta errazenak dira hartzen; adibidez, erakunde bati izena hizkuntza gutxituan jartzea (Irlandan garda poliziari eta Eire Irlandari; Euskal Herrian ere asko eta asko dira horrelako kasuak bai eremu formaletan eta baita informaletan ere; adibidez, Hegoaldeko osasun zerbitzuei euskarazko izena jarri zaie: Osasunbidea eta Osakidetza).
  • An Garda Siochana
  • Neurri zigortzaileak eta penalizatzaileak: honelako neurriek ondorio praktiko handiagoak dituzte eta asko erabili izan dira historian zehar batez ere oso ideologia hierarkiko edo autoritarioetan (adibidez, Francoren diktadurapean Espainiako Estatuan).
  • Neurri despenalizatzaileak: honelako neurrien bidez lehen debekatuta egondako hizkuntzaren funtzioei bide ematen zaie: adibidez, aurretik haurrei euskarazko izenak jartzea debekatuta egon zen eta gero hori egin ahal izateko baimena eman zen.
  • Jarduera afirmatiboak edo diskriminazio positibokoak: hizkuntzen inguruan sortutako desberdintasunak konpontzeko ezartzen dira, eta ez dituzte soilik eremu urriko hizkuntzetarako ezartzen; adibidez, merkatua zuzentzeko neurriak hartzen dira Espainian eta gaztelaniazko filmak egiteko diru-laguntzak ematen dituzte, nahiz eta gaztelania ez izan eremu urriko hizkuntza.