Kontzeptua

Hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza

Euskal Herrian ahalegin asko egin dira euskara bultzatzeko batez ere azken hamarkadetan. Hemen horietako batzuk aztertuko dira, maila, alor eta mota desberdinetakoak: bi maila orokorrekoak, hau da, makro mailakoak (bata gizarte-mugimenduak bultzatua eta bestea gobernuaren eskutik doana); eta beste hirurak mikro mailakoak (bata ekimen pribatuan batez ere erakunde-mailari dagokiona eta besteak pertsonen arteko hizkuntza-erabilerari buruzkoak talde-mailari dagokiona eta pertsona-mailakoa).

Euskalgintzako hainbat eragilek Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zuten 1997an euskararen normalizazio-prozesua azkartzeko eta hiru lan-ildo hartu zituen hasieratik: gogoeta, plangintza orokorra eta presio edo eragin soziala.

Kontseilua

Bai Euskarari Akordioa eskaini zitzaien arlo guztietako gizarte-eragileei, eta horren bidez euskararen normalizazio-prozesuan parte hartzeko hitza eman zuten. Akordioan parte hartzen zutenek hizkuntza-normalizaziora iristeko plan estrategikoa prestatu eta ezartzeko konpromisoa hartzen zuten.

Lehen eragileen sinatze ekitaldia 1998an egin zen (Koldo Castañeda, 2002); geroztik, beste eragile batzuei zabaldu zitzaien eta guztira 899 erakundek sinatu zuten akordioa. Sektoreka antolatuta (Hegoaldean 23 eta Iparraldean 10: mundu asoziatiboa, sindikatuak, mundu asistentziala, lan-mundua, unibertsitatea...), bakoitzak sektorean euskarak zuen egoeraren diagnostikoa egin zuen AMIA matrizea erabilita, helburuak formulatu zituzten eta sektore bakoitzerako euskararen inguruan hartzeko modukoak ziren konpromisoak zehaztu zituzten eta horietatik gutxienekoak zeintzuk ziren erabaki. Ondoren, eragile bakoitzak konpromiso horietatik zeintzuk hartuko zituen adierazi zuen. Hala, 2000. urtean Hegoaldean eta 2001ean Iparraldean 520 gizarte-eragilek konpromiso minimoak hartu zituzten.

Konpromisoak erakunde-mailakoak edo sektore-mailakoak ziren eta funtzionamenduaren arlo desberdinak hartzen zituzten: hizkuntza-paisaia, barne-komunikazioa, langile edo kideen euskalduntzea, giza baliabideen kudeaketa, bezeroen aurreko komunikazioak, euskara lan-hizkuntzatzat hartzea, euskara-plan osoa lantzea eta egiturazkoak (Gutiérrez, 2008).

Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zuen erakunde batek konpromisoak betetzen dituela ziurtatzeko. Hiru maila ditu ziurtagiriak: Bidean euskararen normalizaziorako gutxieneko neurriak hartzen dituzten erakundeentzat, Guk zerbitzua euskaraz zerbitzua euskaraz eskaintzen dutenentzat eta Guk zerbitzua eta lana euskaraz zerbitzua euskaraz eskaini eta euskara lan-hizkuntzatzat duten enpresa, saltoki eta bestelako erakundeentzat. Erakunde bati zein ziurtagiri mota dagokion erabakitzeko, arlo hauek aztertzen dira: erakundeko kideen hizkuntza-gaitasuna, irudia eta hizkuntza-paisaia, kanpo harremanak, barne harremanak eta programa informatikoak.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren mailak.

18. irudia

Geroztik, Bai Euskarari Akordioa herrietara zabaltzeko ekimena gauzatu zuen Kontseiluak 2000. urtean hasita.

Kontseiluak Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu zuen 1999an Bai Euskarari Akordioa eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia bateragarri egiteko.

Prozesu osoan garrantzi handia eman zaio metodologiari: enpresetan plan estrategikoak egiteko metodologia erabili da gizarte-eragileekin eta hori berrikuntza nabarmena izan zen euskalgintzan. Gainera, adierazpen sinbolikoetatik haratago joan nahi izan da eta horregatik konpromiso zehatzak hartzeko bidea sustatu da maila desberdinak ezarrita. Prozesu guztian komunikazioa ere nabarmen landu da, jendaurreko agerpen asko egin dira, komunikabideetan presentzia handia izan du eta Internet ere erabili da gizarteari egiten ari zenaren berri emateko. Beste ezaugarri garrantzitsu bat parte hartzea izan zen, bai gizarte-eragileena sinatze-ekitaldietan edo plan estrategikoa lantzeko prozesuan eta hori gauzatzean, baita herritarrena ere egin ziren ekitaldietan (Bai Euskarari kanpaina eta bukaeran futbol-zelaiak betetzea, edo lanordu bat akordioaren alde emateko kanpaina) (Gutiérrez, 2008).

Euskaraz

Eusko Jaurlaritzak antolatutako Euskararen Aholku Batzordeak aurreko bi hamarkadetan gauzatutako hizkuntza-politikaren emaitzak eta hizkuntza-normalizazioan erabilitako baliabideak aztertu zituen 1996 eta 1998 artean (Miren Mateo, 2002). Hortik abiatuta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu zuen Euskararen Aholku Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzak. Plan hori 1999an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak.

Diagnostikoa egiteko AMIA (hurrengo puntuan sakontzen da kontzeptu honetan) matrizea erabili zuten eta han jasotako aurkako eta aldeko faktoreak kontuan hartuta EBPN izeneko plan estrategikoa diseinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak aurrera eramateko ekimenak eta lan-lerroak bideratzeko. Helburu nagusia hau zen: euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea (Eusko Jaurlaritza, 1999). Hiru helburu estrategiko ezarri zituzten:

  • Euskara ondorengoetaratzea: euskararen transmisioan etenik ez egotea.
  • Euskararen erabilera: euskararen aldeko auzogintza eta zerbitzugintza. Euskaldun gazteentzat euskara helduaroan atsegin eta gaztelania bezain baliozko egitea eta hori lortzeko euskarazko zerbitzuen eskaintza eskolaz kanpoko beste erabilera eremuetara zabaltzea.
  • Euskararen elikadura: euskaraz eroso eta erraz hitz egiteko elikatzea liburu, irrati, aldizkari, egunkari, telebista eta abarren bidez.

Helburu estrategiko bakoitzari helburu zehatzak eta egitasmo-proposamenak gehitu zizkioten diagnostikoko arloak erabilita: irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, familia bidezko jarraipena, administrazioa, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak, enpresa mundua, aisia, kirola, erlijioa, corpus-plangintza eta euskararen kalitatea, prentsa idatzia, liburugintza, irratia, telebista, publizitatea eta kulturgintza.

Horretaz gain, EBPNk hizkuntza-politikarako behar diren giza eta diru-baliabideei buruzko irizpideak ezartzen ditu.

EBPN herrietara hedatzeko hamar eredu desberdin sortu ziren biztanle-kopurua eta egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetarako eredu bana prestatuta.

Hona hemen udalerrien sailkapena:

Udalerrien sailkapena EBPNren arabera
HIZTUN EUSKALDUN-KOPURUABIZTANLE-KOPURUAHIRIBURUAK
>10.000<10.000
< % 15A1A2BILBODONOSTIAGASTEIZ
% 15-% 50B1B2
% 50-% 70C1C2

Makro mailako ekimenak oso garrantzitsuak dira egiten ari denari osotasuna ematen diotelako, marko orokorra ezarri eta norabidea finkatzen dutelako eta duten bolumenagatik sarritan gizartean oihartzun handia izaten dutelako. Dena den, ekimen horiek aplikatzerakoan mikro mailari heldu behar izaten zaio neurriak eraginkorrak izatea nahi bada. Atal honetan, plangintzaren aplikaziorako maila sistemikoetatik barrenengoak aurkeztuko dira, hain zuzen ere, organizazioa, taldea eta norbanakoa. Maila hauetan oraindik ere zeregin handia dago eta garrantzitsua izango litzateke praktikaren eta teoriaren loturak indartzea eta beste jakintza-arlo batzuetan landutakoak aplikatzea.

Edozein planek honako faseak ditu:

  • Planaren definizioa: horretarako komenigarria izango da egoeraren diagnostiko ona edukitzea, helburuak argi ezartzea eta helburu horietara iristeko ekintzak eta bitartekoak zehaztea (nork zer noiz nola egingo duen). Diagnostikorako tresna ezagun bat AMIA matrizea da eta oso erabilgarria da egoera laburbiltzeko balio baitu; lau zatiko lauki batean zati bakoitzean faktore-multzo bat jasotzen da: aukerak, mehatxuak, indarguneak eta ahuleziak. Honen arabera, planaren funtsa izango da aukerak aprobetxatzea norberaren indarguneak erabilita etor daitezkeen mehatxuei aurre egiteko norberaren ahuleziak gaindituta. Plana arrakastatsua izan dadin, garrantzitsua da definizioaren fase honetatik eragileen parte-hartzea bermatuko duten bideak eta teknikak erabiltzea.
  • AMIA matrizea
    AUKERAK (kanpoko faktore positiboak)
    -
    -
    -
    MEHATXUAK (kanpoko faktore negatiboak)
    -
    -
    -
    INDARGUNEAK (barruko faktore positiboak)
    -
    -
    -
    AHULEZIAK (barruko faktore negatiboak
    -
    -
    -
  • Planaren inplementazioa: plana exekutatzean edo gauzatzean datza; planak aurrera egin ahala behar diren aldaketak egingo zaizkio, betiere aurreko fasean definitutakoa kontuan hartuta. Inplementazioa behar bezalakoa izan dadin, garrantzitsua da beste faseak ondo prestatuta izatea eta behar besteko bitartekoak izatea dirutan, pertsonetan eta egituretan.
  • Planaren ebaluazioa: fase honetan planean aurreikusitakoak zein neurritan bete diren aztertzen da; komeni da fase hau ez uztea harik eta plana bukatu arte, batez ere plan luzeetan. Etengabeko ebaluazioa egitea komeni da, inplementazioa egiten ari den bitartean behar diren zuzenketak eta aldaketak egin ahal izateko. Ebaluazioa bi motatakoa izan daiteke: prozesuarena (egindakoak behar bezala egin diren) eta emaitzena (zer lortu den). Adibidez, hiztunen alfabetatzea sustatzeko plan bat egiten bada, prozesuaren ebaluazioan neur daiteke zenbat ikastaro antolatu diren, zenbat jendek parte hartu duen, guztira zenbat eskola ordu eman diren eta abar; baina emaitzak ebaluatzeko, esate baterako, alfabetatze-maila lortu duten ikasleen ehunekoa neurtu beharko da.

Ebaluaziotik ondorioak atera behar dira eta planaren definizioa berritu. Horrek esan nahi du ebaluazioa maila desberdinetakoa izan daitekeela eta planaren garai desberdinetan egin beharko dela, plana bukatu arte zain egon gabe.

Plangintzaren ziklo honi PDCA zikloa deitzen zaio, faseen ingelesezko siglengatik (Plan, Do, Check eta Act; alegia, planifikatu, egin, egiaztatu eta doitu).

PDCA zikloa

19. irudia

Denboraren aldagaia kontuan hartuta planak alde batetik epe laburrerakoak edo operatiboak izan litezke eta beste alde batetik epe luzerakoak edo estrategikoak. Gainera, plan baten barruan hierarkia desberdinetan multzokatu litezke ekimenak: plan batek hainbat programa izan ditzake; programa bakoitzak, berriz, zenbait proiektu eta proiektu bakoitza jardueretan eta atazetan banatu liteke, orokorrenetik zehatzenera. Dena den, sarritan erakunde bakoitzak bere terminologia erabiltzen du.

Ondoren, mikroplanen adibide batzuk ikusiko ditugu. Euskal Herrian helburu eta jomuga askotara bideratutako mikro mailako planak gauzatu dira, sarritan makroplanen babespean. Aipagarriak dira, besteak beste, transmisioa indartzeko programak, EraLan (http://www.soziolinguistika.org), Buruntzaldeko egitasmoa, merkataritzan eragiteko egitasmoak, Kirola euskaraz, Ulibarri programa (http://www.ulibarri.info/) eta ahozko erabilera sustatzeko egitasmoak. Guztiak hemen jasotzea ezinezkoa denez, goian aipatutako maila bakoitzerako adibide bakar bat azalduko dugu:

  1. Organizazio-mailarako, lan-munduko euskara-planak.
  2. Talde-mailarako, Kuadrillategi.
  3. Eta norbanakoaren mailarako, .

Irakaskuntzan ahalegin eta aurrerapen handiak egin ondoren, nabarmena zen euskaraz ikasitako gehienek lan-mundura jauzi egiten zutenean erdaraz funtzionatu behar zutela. Horregatik eta lanak helduen bizitzan duen garrantziagatik (bai eskaintzen zaion denboragatik, baita sozialki duen garrantziagatik ere) lan-munduan euskara bultzatzeari gero eta garrantzi handiagoa ematen hasi zitzaion, azken urteetan lehentasunezko helburu bihurtzeraino. Arlo honetan erreferentzia garrantzitsua izan da Quebec-en enpresen frantsestean izan duten esperientzia.

Plan pilotuak egin ziren 1990eko hamarkadako hasieran hainbat enpresatan Eusko Jaurlaritzaren parte hartzearekin. Horren ondorioz, arlo sozio-ekonomikoan euskara sustatzeko tresna garatu zen: euskara-planak. Prozesu planifikatua proposatzen zen, hain zuzen ere, enpresako beste hainbat arlotan ekimenak garatzeko metodologia erabilita osagai hauek kontuan hartuta: egoeraren diagnostikotik abiatuta lortu nahi diren helburuetara iristeko egin beharrekoak zehazten dira epe batzuen barruan eta baliabide zehaztuekin.

Hasierako proba pilotuetatik, enpresa mundura hizkuntza-plangintzak indar handiz heldu dira, enpresa bakoitzaren ezaugarriei egokitutako planak ezarriz. Ondorioz, enpresa askoren kudeaketan, hizkuntza-irizpideek garrantzia hartu dute.

Beste plangintza askotan bezala, honako urratsak dira enpresetako plangintzetan eman beharrekoak (Elhuyar, Erabili.com):

Diseinua

Planak izango dituen ezaugarriak definitzen dira fase honetan. Horretarako:

  • Enpresaren gaineko informazioa bildu: elkarrizketa eta behaketen bidez enpresaren ezaugarriak, euskararen presentzia, hizkuntzarekiko sentiberatasunak eta bestelako informazioak biltzen dira.
  • Euskara Batzordearekin planaren ardatzak, helburuak, adierazleak eta egitura adostu.

Abiatzea

Diseinuan zehaztutako plana martxan jartzean datza fase hau. Teknikariak fase honetan dituen eginkizun nagusiak:

  • Planaren berri eman langile eta arduradunen artean eta haien iritziak bildu.
  • Diseinuan zehaztutako ardatzak eta helburuak noiz/nork eta nola gauzatuko dituen zehaztu.
  • Planeko egiturak (lantaldeak, euskara-batzordea) abiatu.
  • Langileen euskalduntze-programa abiatu.

Garapen-fasea

Fase honetan euskara-planak dakartzan aldaketa nagusiak gauzatzen dira. Teknikariak ondoko lanen ardura izan ohi du:

  • Euskara Batzordea gidatu.
  • Helburuak lantzen dituzten lantalde edo hobetze-taldeak gidatu.
  • Euskalduntzea antolatu eta euskaltegiekiko harremanak gauzatu.
  • Planaren eboluzioa jasotzen duten adierazleak elikatu.
  • Planaren memoriak landu.
  • Euskararen erabilera areagotzeko bitartekoak enpresaren eskura jarri.

Atal honen azken epealdian jarraipen fasearen oinarriak ezartzen dira. Garapenean aurreikusitako egiturak eta neurriak gauzatutakoan, etorkizunean enpresak bere kabuz euskara kudeatzeko. Horretarako, teknikariak ondoko lanak garatzen ditu:

  • Euskararen eta planaren egoeraren diagnosia egin.
  • Euskararen jarraipena arautuko duen hizkuntza-politika adostu.
  • Planaren jarraipena ziurtatuko duen egitura diseinatu.

Jarraipen-fasea

Euskara-planaren garapen-faseak dakartzan aldaketa eta sistematizazio-faseen ostean jarraipen-fasea zabaltzen da. Fase honetan enpresa bera da euskararen kudeaketaren arduradun osoa, eta soilik aldizkako laguntza jaso ohi du aholkularien aldetik (auditoretza edo ikuskapenak egiteko, itzulpenak, etab.).

Enpresetako euskara-planen azken helburua erakundean euskararen erabilera handitzea da, euskara enpresaren funtzionamenduan txertatzea. Hori lortzeko, hizkuntzaren erabilera lantzeaz gain, euskararen ezagutza eta hizkuntzarekiko motibazioa ere landu behar dira. Beraz, euskara eskoletatik askoz harago doaz euskara-planean jasotzen direnak.

Euskara-planetan enpresaren inplikazioa ezinbestekotzat hartu da hasieratik eta hori bermatzeko plana dutenek euskara-batzordea osatu behar dute, enpresako zuzendaritzaren ordezkapen eta guzti. Euskara-batzorde horren eginkizun nagusia planaren gidaritza izaten da, gaiak aztertu eta hartu behar diren erabakiak hartu edo dagokion organoari bideratu erabaki dezan.

Planaren inplementazioan askotan erabiltzen den tresna erabilera-taldeak dira. Talde hauek kalitate planetako komunikazio-zirkuluetan dute oinarria, partaideak langileak dira eta euren eguneroko lanean euskararen erabilerari lotutako gaiak lantzen dituzte motibazioa eta ezagutza ere landuta.

Enpresa askotan euskara-planaren ondorioz hizkuntza-politika esplizitatu eta zehaztera iristen dira hizkuntzen kudeaketa araututa gera dadin erakunde barruan. Hauek dira, beraz, enpresetako planen urrats nagusiak: diseinua, abiatzea, garapen-fasea eta jarraipen-fasea.

Eusko Jaurlaritzak urtero diru-laguntza deialdiak atera ditu euskara-plana duten enpresentzat. Eta gaiak duen garrantziaren adierazgarri LanHitz programa eratu zuen euskara-planen berri emateko Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei. Programa horren barruan euskara-planetarako hainbat tresna ere garatu dira eta Interneten jarri dituzte.

Erakunde batek euskararen normalizazioan egin dituen aurrerapenak frogatzeko bi ziurtagiri daude: Kontseiluak sortutako Bai Euskarari Ziurtagiria, Bai Euskarari Akordioari buruzko atalean azaldu dena, eta Eusko Jaurlaritzak sortu duen Bikain ziurtagiria (Eusko Jaurlaritzaren 53/2009 Dekretua). Bikain ziurtagiriak hiru maila ditu eta antz handia du kalitatea kudeatzeko EFQM ereduarekin.

Bikain ziurtagirian guztira 1.000 puntu lor daitezke euskarak erakundean duen presentzia, erabilera eta kudeaketa baloratuta lau ardatzetan: komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo-harremanak, barne-harremanak eta hizkuntza-kudeaketa. Talde batek egindako ebaluazioan erakundeak lortzen duen puntu-kopuruaren arabera hauek dira ziurtagiriaren hiru mailak:

Bikain ziurtagiriaren mailak.

20. irudia
  • Beltza: oinarrizko maila da (200-399 puntu).
  • Zilarra: tarteko mailakoa (400-699 puntu).
  • Urrea: goi-maila (700-1.000 puntu).

Lan-munduaren arloan aurrerapenak egin badira ere, oraindik ere enpresen gutxiengoak dauka edo eduki du euskara-planen bat.

Hizkuntza bat bizi dadin ezinbestekoa da hiztunak edukitzea eta hiztun horiek hizkuntza erabiltzea. Hizkuntza biziberritzeko, erabilera sustatu nahi izaten da, baina askotan zaila izaten da pertsonen arteko hizkuntza-ohituretara iristea, eremu oso pribatua delako. Horren mota desberdinetako ekimenak jarri izan dira abian: ezagunak dira Euskal Herrian hiztunak kontzientziatzeko eta euskaraz egitera animatzeko egin izan diren publizitate-kanpainak. Dena den, azken urteetan zenbait ekimen sortu dira zuzenean pertsona artean euskararen erabilera zuzenean bultzatzeko eta horietako bi azalduko dira hemen.

Kuadrillategi egitasmoa

Gazteen lagunartean euskararen erabilera sustatzeko hainbat herritan egin den esku-hartzea eta ikerketa da Kuadrillategi egitasmoa. Batez ere 2000. urtetik aurrera egin dira esperientzia sistematizatuak herrietako euskara-elkarteen edo udaletako euskara-zerbitzuen eta Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza elkartearen eskutik (Egizabal eta beste, 2004).

Talde batean euskararen aldeko jokaera errazago gerta dadin zenbait baldintza objektibo bete behar dira: taldekide gehienek jakin behar dute euskaraz, taldearen lidergoa euskaldunen esku egon behar da, taldearen inguruko giroa euskalduna izatea. Badira, gainera, beste zenbait baldintza subjektibo: euskaraz egitea desiragarritzat jo behar dute, euskaraz egitea egingarria eta erabilgarria iruditu behar zaie, euskaraz egiteak neurriko ahalegina eskatu behar die.

Egitasmo honen oinarria da lagun-taldearen arauek finkatzen dutela zein hizkuntzatan egin eta erdaraz egiten badute, hori aldatzeko modu bakarra taldearen araua gainditzea dela, hain zuzen ere, euskaraz hitz eginez, horrela araua hautsi egiten baita. Horretarako, aisialdiko eskaintza bat egiten zaie herriko gaztetxoen lagun-taldeei eta eskatzen zaie egitasmoan parte hartzen ari diren denboran euskaraz egiteko konpromisoa.

Beraz, Kuadrillategi egitasmoa aisialdiko eskaintza soilaren itxurarekin eskaintzen zaie gaztetxoei. Gaztetxoek taldeka eman behar dute izena, B edo D ereduan ikasiak izan behar dira eta egitasmoko jardueretan euskaraz hitz egin behar dute. Egitasmoan kulturako tailerrak eta oporraldietako jarduera ludikoak eskaintzen dira dinamizatzaile baten ardurapean.

Bi urtean, 2001etik 2003ra, egindako ikerketan emaitza hauek lortu zituzten:

15. taula: Kuadrillategi egitasmoaren emaitzak 2001-2003
Hasierako gazte-kopuruaBukaerako gazte-kopurua
(Egizabal eta beste, 2004)
Euskararen aldeko joera55 (% 52,3)62 (% 59)
Joera nabarmenik ez27 (% 25,7)40 (% 38,1)
Erdararen aldeko joera23 (% 21,9)3 (% 2,8)
Guztira105 (% 100)105 (% 100)

Datu horien arabera, beraz, Kuadrillategi tresna erabilgarria izango litzateke gaztetxoen lagun arteko harremanetan euskararen erabilera sustatzeko.

Mintzapraktika-programak

Programa hauetan euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak harremanetan jartzen dituzte ohiturarik ez dutenekin euskara-maila hobetu eta erabiltzeko ohitura indartzeko. Sarritan tokian tokiko euskara-taldeak antolatzen du programa, eta berrogeita hamarren bat horrelako egitasmo daude Euskal Herri osoan, bakoitza bere izenarekin: Mintzalagun, Berbalagun, Zahar-berri, Solaskide, Mintzakide...

Mintzapraktika

Programari esker hiru, lau edo bost pertsonako taldeak sortzen dira, euren gustuko ekintzak egin ditzaten, astean behin elkartuta eta horretaz gain noizean behin ekintza osagarriak antolatzen dira talde guztientzat. Gainera, urtean behin Mintza Eguna antolatzen da Euskal Herriko osoko mintzapraktika-programetako jendea elkartzeko.

Horrelako lehen programa Donostian sortu zen 1993an Bagera euskara-taldearen eskutik eta gero beste herri batzuetara hedatu zen. Ekimenaren arrakasta ikusita, Topaguneak (euskara-elkarteen federazioak) eta zenbait euskaltegik egitasmoa gehiago landu zuten eta hedatu egin zuten.

Aurrez aurreko programez gain, badira programa birtualak ere, Internet bidez egiten direnak. Ekimen horiek e-mintzapraktika izena dute.

Programa honen bidez euskararen inguruko kezka bati konponbidea eman nahi zaio; hain zuzen ere, azken urteetan euskaraz dakitenen kopuruak gora egin du, baina euskaraz egiten dutenen kopurua ez da hainbeste igo eta horrek mugatu egiten du euskararen erabilera. Mintzapraktika-ekimenaren bitartez, euskararen erabileran gehien eragiten duten faktoreetan eragin nahi da: hiztunaren euskaraz hitz egiteko gaitasun erlatiboan, harreman-sareko euskaldunen dentsitatean eta hizkuntzarekiko atxikimenduan. Gainera, iristen oso zaila den eremu batera iristea lortzen dute; alegia, eremu pertsonalera, harreman pertsonalen arlora, bizitza pribatura (Oskar Zapata, 2007).

Hauek dira antolatzaileek partaideen helburu pertsonalez gain landu nahi dituzten helburuak: euskal hiztunen kopurua handitzea, euskara erabiltzeko gune berriak irabaztea, euskaraz egiteko sare berriak sortzea, euskara naturaltasunez transmititzea ingurune informaletan, hizkuntzarekiko atxikimendua sortzea. Erronken artean, antolatzaileek programa hauen eraginkortasuna neurtzearena aipatzen dute.

Katalunian ere bada antzeko programa bat, Voluntaris per la llengua izenekoa. Han bikoteak egiten dituzte eta 5.000 bikote inguru egitera iritsi dira (Guerrero eta Sanz, 2008).

Asko dira, beraz, euskara sustatzeko azken hamarkadetan abian jarri diren ekimenak, auzo-mailakoak zein nazio-mailakoak. Hizkuntza aurrera ateratzeko nahia adierazten du horrek guztiak. Dena den, sarritan aipatu izan dira ekintzailetasun hutsaren arriskuak eta komenigarria izango litzateke hizkuntza biziberritzeko ekintzen inguruko ikerketa indartzea, ekimenak zenbateraino diren eraginkorrak aztertzeari lehentasuna emanda, diziplina anitzeko ikuspegia erabilita.