Kontzeptua

Hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza

Hizkuntza bati ofizialtasunaren estatusa esleitzen zaionean, eraginkortasun juridiko osoz erabili ahal izango da; alegia, gure kasuan, euskaraz egiten diren ekintza zein adierazpen guztien baliozkotasun eta eraginkortasun juridikoaren aitortzaren ondorioa da ofizialtasuna. Are gehiago, herritarrek beren hizkuntza-eskubideak baliatzeko aurkitzen dituzten oztopoak zein zailtasunak kentzeko betebeharra dute herri-aginteek.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ekainaren 26ko 82/1986 Epaiak ezarri zituen, neurri batean, ofizialtasunaren mugak. Aipatu epaiak honela dio:

..."es oficial una lengua, independientemente de su realidad y peso como fenómeno social, cuando es reconocida por los poderes públicos como medio normal de comunicación en y entre ellos y en su relación con los sujetos privados, con plena validez y efectos jurídicos".

Hala ere, formalki, errealitate soziolinguistikoak berdintasun juridikoa desitxuratu ezin dezakeen arren, egia ere bada errealitate soziolinguistikoa hartu dela ofizialtasunaren muina modulatzeko. Alegia, formalki berdintasun juridikoa legoke bi hizkuntza ofizialen artean, baina materialki ez. Hartara, botere publikoen jarduerak egoerak orekatzera zuzendu beharko lirateke.

Halaber, kontuan izan behar dugu euskararen ofizialtasuna lurralde eremu zehatz batean aplikatzen dela, baina horrek ez du esan nahi lurralde horretako tokiko erakundeek besterik ez dutela horren bermearen erantzukizuna. Aitzitik, lurralde horretan dauden administrazio guztiek dute ofizialtasunaren ondorio juridikoak bermatzeko derrigortasuna: gobernu autonomikoek eta horien mendeko erakundeek, udalek eta toki-administrazioek, lurralde historikoetako administrazioek, ofiziala den eremuetan kokatutako Estatuko administrazioak, erakunde autonomoaren izaera duten administrazio-erakundeek (INEM, INSS, RENFE...) eta abar. Hortaz, ofizialtasuna estatus hori aitortzen zaion lurralde osora zabaltzen da.

Lege-estatusa: hizkuntzari esleitzen zaion legezko aitortza. Lege-estatus ohikoena ofizialtasuna izaten da.

Ofizialtasuna: hizkuntzari esleitzen zaion lege-estatusa. Horren ondorioz, hizkuntza horrek lege balioa izango du estatus hori esleitu zaion lurralde horretan.

Hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa Euskal Herrian

Euskal hizkuntza-komunitatearen lurraldeak 20.950 km² besterik ez hartu arren, euskararen estatusa eta, ondorioz, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bost/zazpi erregimen juridikoren mende daude: Ipar Euskal Herria; Euskal Autonomia Erkidegoa; Nafarroan, legeak ezarritako eremu euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna; Kantabrian, Turtzioz eta Gaztela Leonen, Trebiñu.

- Ipar Euskal Herria

Hizkuntzaren inguruko legeria, aginduak eta ebazpenak izan arren, 1992ra arte ez zen hizkuntzen inguruko aipurik izan Frantziako Konstituzioan. Urte horretan Konstituzioaren bigarren artikulua moldatu, eta subirautzari lotutako I. tituluaren bigarren artikuluan frantsesa Errepublikako hizkuntza zela jaso zen: la langue de la République est le français.

Ordutik, Frantziako Konstituzioa aldatzeko zenbait saiakera izan badira ere, 2008ko uztailera arte ez da aldaketarik izan.

Alta, 2008ko uztailaz geroztik Bosgarren Errepublikako Frantziako Konstituzioaren 75.1. artikulu berriaren arabera, erregio-hizkuntzak Frantziako ondare dira: Les langues régionales appartiennent au patrimoine de la France. Hala ere, oraingoz, eta Frantziako Ministerioek herritarren eskaerei emandako erantzunetan oinarriturik, artikulu berri horrek ez dio ireki aterik inolako eskubide berriri.

Hizkuntzaren beraren araubideari dagokionez, eta 1992ko Konstituzioaren aldaketaren ondoren, 1994ko abuztuaren 4an 94-665 Legea onartu zen, Jacques Tubon Kultura eta Frankofonia Ministroak sustatua. Lege berri horrekin hizkuntza-arau berri bat jarri nahi izan zuten abian, Estatuko jardun guztiak arautzeko, hain zuzen ere. 94-665 Legeak frantsesaren erabilerara mugatzen du araudia, eta kanpoan geratzen dira Frantziako Estatuko beste hizkuntzak, berezkoak eta berezkoak ez direnak. Hartara, frantsesa ez beste hizkuntzak erabiltzeko askatasuna legeak arautzen ez dituen eremuetara mugatuko da, edota, frantsesaz gain, beste hizkuntzen erabilera baimentzen duten eremuetara.

Arrazoi horrengatik herritarren hizkuntza-eskubideak ez daude legez aitortuta, eta horien egikaritzea administrazio bakoitzaren borondatearen mende geratzen da. Bestalde, eskubidearen alde aktiboa, hau da, euskaraz zuzentzearena, ez dago aitortuta frantsesa erabiltzen ez bada. Hartara, euskararen erabilerak balio sinbolikoa du; balio juridikorik gabekoa, alegia.

- Hego Euskal Herria

Hego Euskal Herrian hizkuntza-eskubideak nola dauden araututa aztertzeko, interesgarria da Espainiako Estatuan aplikatzen den sistemaren lau ezaugarri nagusiak kontuan izatea:

  • Gaztelania ezagutzeko derrigortasuna: Espainiako Konstituzioaren hirugarren artikuluak ezarria. Hartara, ez dago gaztelaniaren ez-jakintasuna argudiatzerik.
  • Berezko hizkuntzaren izaera: zenbait autonomia erkidegotan tokiko hizkuntzak berezko izaera hartzen du. Izaera hori tokiko hizkuntzaren erabilera lehenesteko neurriak justifikatzeko ezaugarri bihur daiteke.
  • Hizkuntzarengatiko diskriminazio-eza: Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko hainbat itunek propio jasotzen badute ere, Espainiako Konstituzioak saihestu egin zuen hizkuntzarengatiko diskriminazioa jasotzea.
  • Ofizialtasuna: herritarren eskubideak aitortzeko sistema. Espainiako Estatuak berezko hizkuntza desberdina duten lurraldeetan hizkuntza-ofizialtasun bikoitzaren sistemak arautu zituen.

Hori horrela izanik, hona hemen lurraldeetako bakoitzean indarrean dauden legeen arabera euskarari esleitzen zaizkion estatusak:

Euskarak estatus ofiziala

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE): Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 3/1979 Lege Organikoaren seigarren artikuluaren arabera, euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntzak, hizkuntza ofizialen maila izango du gaztelaniarekin batera, eta herritar guztiek izango dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

Nafarroako legeriak ezarritako eremu euskaldunean.

Abuztuaren 10eko Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren bederatzigarren artikuluaren arabera gaztelania da Nafarroako hizkuntza ofiziala eta euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izanen du Nafarroako eskualde euskaldunetan.

Halaber, 13/1982 Lege Organikoak eskualde horiek zehaztu eta euskararen erabilera ofiziala arautuko zuen foru-lege bat izanen zela aurreikusi zuen, hain zuzen ere, 18/1986 Foru Legea, euskarari buruzkoa.

18/1986 Legearen 2. artikuluak gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak izendatu zituen, eta hortaz, hiritar guztiei aitortzen zaie ezagutzeko zein erabiltzeko eskubidea. Hala ere, 3. artikuluaren 2. atalean gogorarazi egiten du Nafarroako hizkuntza ofiziala gaztelania dela, eta euskararen ofizialtasuna eremu batean besterik ez dela aitortzen.

Azkenik, 18/1986 Legeak 5. artikuluan legearen ondorioetarako hiru eremu bereizi zituen: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna. Hartara, ofizialtasunak eragiten dituen betebehar juridiko guztiak legeak ezarritako eremu euskaldunean besterik ez dira aplikatzen.

Euskarak estatus ofizialik ez

Euskarari estatus ofiziala esleitu ez zitzaion guneetan hiru egoera jasotzen dira:

  • Nafarroako legeriak ezarritako eremu mistoa
    18/1986 Legearen III. kapituluak legeak ezarritako eremu mistoan euskararen erabilpena arautzen du. Eremu mistoan, hortaz, ez da euskararen erabilpen ofiziala arautzen, eta ondorioz, ofizialtasunaren ondorio juridikoak ez daitezke aplikatu. Edozelan ere, euskararen zenbait erabilera aitortzen dira.
  • Nafarroako legeriak ezarritako eremu ez-euskalduna
    18/1986 Legearen IV. kapituluak legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean euskararen erabilpena arautzen du. Eremu mistoan bezalaxe, ez da erabilpen ofiziala arautzen
  • Kantabriako eta Gaztela-Leongo legeriek ezarritako ofizialtasun-eza, Turtziozen eta Trebiñun, hurrenez hurren.
    Bi autonomia-erkidego horietako estatutuetan ez da jasotzen euskararen inguruko aipurik.

Hizkuntza-eskubideak: norbanakoak edota taldeak eremu pribatuan zein publikoan hizkuntza edo hizkuntzak hautatzeko duten giza eskubide zibila da.

Administrazioa

Ipar Euskal Herria: Frantziako Estatuko 94-665 Legearen ezaugarri nagusia botereek hizkuntzaren aferan ezartzen duten derrigortasun-maila handia da. Horrela, 1. artikuluak adierazi bezala, frantsesa irakaskuntzaren, lanaren, hartu-emanen eta zerbitzu publikoen hizkuntza da. Horren ondorioz, administrazio publikoarekiko jardunak frantsesez izan behar du halabeharrez, eta administrazioek ez dute inolako derrigortasunik herritarren eskubidea bermatzeko (ez ikuspegi aktibotik, ezta pasibotik ere).

Hego Euskal Herria: Hego Euskal Herriari dagokionez, eta euskarak estatus ofiziala duen eremuetan, Azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak administrazioarekiko harremanetan herritarren hizkuntza-eskubide batzuk onartzen ditu. Horrela, 35. artikuluaren arabera, autonomia-erkidego bakoitzean lurralde horretan ofizialak diren hizkuntzak erabil daitezke prozeduretan. Hala ere, Legearen 36. artikuluak Estatuko Administrazio Orokorraren prozedurak gaztelaniaz izapidetuko direla jaso zuen. Dena den, interesdunek autonomia-erkidegoan ofiziala den beste hizkuntza ere erabil dezakete, autonomia-erkidego horretan kokatutako Estatuko administrazio orokorreko organoetara jotzen dutenean. Kasu horretan, interesdunak aukeratutako hizkuntzan izapidetuko da prozedura. Hartara, prozedura euskaraz egin ahal izango da, baldin eta autonomia-erkidegoan kokatuta dagoen organoetara jotzen bada. Hala ere, kontuan izan behar dugu lege hori Estatuko administrazio periferikoari zuzentzen zaiola, erkidegoetako eta toki-administrazioetako hizkuntza-eraentza erkidegoetako legeriak arautzen baitu.

EAE: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3/1979 Lege Organikoaren seigarren artikuluaren garapenerako onartu zen 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa. Lege horren seigarren artikuluaren arabera, herritar guztiei aitortzen zaie, Autonomia Erkidegoaren lurraldean, herri-administrazioarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beren aukerako hizkuntza ofizialean hartuak izatekoa.

Horretaz gain, aipatu behar da Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legeak, bosgarren tituluan, hizkuntza ofizialen erabilera bermatzeko hizkuntza-eskakizunak zehaztuko zirela agertzen duela, baita lanpostuak betetzeko zein lan egiteko beharrezkoak diren euskarazko hizkuntza-gaitasunaren mailak ere.

3/1979 Lege Organikoak, 10/1982 Euskararen Legeak eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legeak jasotakoa egikaritzeari begira, hainbat dekretu eta lege jarri izan dira indarrean. Horietarik nagusiak aipatuko ditugu:

  1. Administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko 86/1997 Dekretua. Lau elementu nagusi arautzen ditu: lanpostuei dagozkien hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea, lanpostuak betetzeko hautaketa-prozesuetan eskakizunak baloratzeko modua definitzea, baliokidetasunak zein salbuespen-arauak eta derrigortasun-datak zehaztea.
  2. Euskal Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legea. Osakidetzak, Euskal Osasun Zerbitzuak, euskara normalizatzeko plan berezia ezarriko zuela jasotzen du, hain zuzen ere, herritarren nortasuna, duintasuna eta intimitatea errespetatzeko, baita zerbitzu sanitarioez baliatzerakoan berdintasun-printzipioa bermatzeko ere.
  3. Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko 67/2003 Dekretua. Aurreko Legeak aurreikusitako planaren oinarriak arautzen ditu, Osakidetza arian-arian euskaraz baliatzen joateko.
  4. Euskal Herriko Poliziari buruzko 4/1992 Legea. Euskal Administrazio Publikoak beren mendeko poliziako funtzionarioek behar bezalako hizkuntza-gaitasuna lor dezaten saiatuko direla jasotzen du, herritarren hizkuntza-eskubideei erantzun ahal izateko.
  5. Ertzaintzan euskararen normalkuntza-prozesua arautzen duen 30/1998 Dekretua. Arestian aipatutako legeak ezarritakoa egikaritzen du, polizia-kidegoaren izaera eta berezitasun funtzionalak kontuan hartuz.

Nafarroa: Nafarroari dagokionez, 18/1986 Legearen II. kapituluak euskararen erabilpen ofiziala arautzen du eremu euskaldunean, eta, beraz, ofizialtasunaren ondorio juridikoak jasotzen ditu: administrazio publikoekin euskara erabiltzeko eskubidea, euskarazko jardueren balio juridikoa, etab. Esan behar dugu euskara erabiltzeko eskubideaz ari garenean, Auzitegi Gorenak 5284/2005 epaiaren bidez argitu egin duela bi norabideetan bermatu behar dela eskubide hori. Izan ere, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren arabera, egoitza eremu mistoan duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzuetatik eremu euskalduneko pertsona fisiko nahiz juridikoei igortzen zaizkien komunikazio eta jakinarazpenak gaztelaniaz bidali behar ziren, hartzaileak euskarazkoa propio eskatu arte. Epai horren arabera, aldiz, ofizialtasunak herritarrei dokumentazioa euskaraz ere jasotzeko eskubidea aitortzen die, eta, beraz, ez dute zertan propio eskatu. Ondorioz, artikulu hori baliogabetu dute.

Legeak ezarritako eremu mistoari dagokionez, 18/1986 Legearen 17. artikuluak hiritar guztiei administrazio publikoei euskaraz zuzentzeko eskubidea aitortzen die. Hala ere, 18/1986 Legean ez dago aitortuta legeak ezarritako eremu euskaldunerako aurreikusten den eskubidearen antzekorik, alegia, zerbitzua, jakinarazpenak edota komunikazioak euskaraz jasotzerik. Eskubidearen alde pasiboa ez dago aitortuta, beraz, legeak ezarritako eremu mistoan.

Administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzeko 29/2003 Dekretuak ezarri zuen egoitza eremu mistoan duten Nafarroako administrazio publikoen eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateen bulego, langela eta egoitzetako errotuluak, paperen idazpuru eta menbreteak, zigilu ofizialak eta gainerako identifikazio- nahiz seinalizazio-elementuak gaztelaniaz idatzi beharko direla; baita xedapenak, oharrak, argitalpenak, iragarkiak eta mota guztietako publizitatea ere.

Legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean 18/1986 Legeak hiritarrei administrazio publikoetara euskaraz zuzentzeko eskubidea aitortzen die, baina administrazioek gaztelaniazko itzulpena eska diezaiekete. Eremu horretan ere, eta 29/2003 Dekretuaren arabera, administrazio publikoek eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateek egiten duten jarduera, inprimaki, zigilu, agiri, jakinarazpen, komunikazio, seinalizazio, errotulazio, argitalpen eta publizitate oro gaztelaniaz izango dira.

Herritarren eskubideak bermatzeari begira 203/2001 Foru Dekretuaren bidez Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillan euskararen ezagutza zein lanpostutan zen derrigorrezko eta zeinean merezimendu zehaztu zen. Euskara langaia duten lanpostuak (euskara-teknikariak, itzultzaileak..) baino ez zituen jaso euskara-eskakizuna dutenen zerrendan. Halaber, beste bakan batzuen kasuan euskara merezimendutzat hartzea ezarri zuen. Hala ere, merezimendu gisa baloratzeko azken irizpideak ekainaren 15eko 55/2009 Dekretuak arautu zituen. Horren arabera, legeak ezarritako eremu mistoan % 3 baloratuko da euskararen ezagutza eta zenbait lanpostutan % 6. Legeak ezarritako eremu euskaldunari dagokionez, % 6 baloratuko da euskararen ezagutza, eta zenbait lanpostutan % 10. Azkenik aipatu behar dugu 2009tik aurrera A mailako lanpostuetan ingelesaren ezagutza merezimendu gisa baloratuko dela, % 10 gehienez.

Hezkuntza

Ipar Euskal Herria: 1951ko Deixonne Legeak propio jaso zituen eskualdeko hizkuntzak, eta bigarren artikuluaren arabera, hizkuntza horiek erabili ahal izango dira frantsesaren ikasketarako onuragarri baldin badira. Halaber, erregio-hizkuntzen hautazko irakaskuntza ere aurreikusten du.

Bestalde, Hezkuntza Kodearen 312. artikuluan ere jaso egin zen eskualdeko hizkuntzen eta kulturen irakaskuntza aukerakoa izango zela eta haur zein lehen hezkuntzan posible izango zela eskualde-hizkuntza erabiltzea frantsesaren ikaskuntza-prozesua errazteko. Halaber, kontuan izan behar dugu 94-665 Legeak, Toubon legeak, propio jaso zuela frantsesa zela irakaskuntzaren hizkuntza.

2001eko uztailaren 31ko Arrêté edo erabaki betearazle batek hiru hezkuntza-eredu bereizi zituen eta, ondoren, zirkularren bidez zehaztu ziren aipatu ereduak: euskara ikasgai hartzen duen eredua, hezkuntza elebiduna eta murgiltze bidezko eredua. Horietaz gain, zalantzarik gabe, frantses hutsean zen eredua ere bazegoen. Hala ere, 2002ko urriaren 28ko Estatu Kontseiluaren Erabakiak baliogabetu egin zituen murgiltze bidezko eredua zein hezkuntza elebiduna arautzen zituzten zirkularrak. Dena den, 2003ko ekainaren 5eko zirkular batek baliozko bihurtu zuen hezkuntza elebiduna. Hartara, murgiltze bidezko irakaskuntza zentro pribatuetan besterik ez dago eskuragarri.

Hego Euskal Herria: ofizialtasunaren ondorioz, botere publikoek beren hizkuntza-planetan hizkuntza ofizialen irakaskuntza txertatzeko beharra dute, betiere, derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzeari begira. Horrela jaso zuen Auzitegi Konstituzionaleko 1983ko urriaren 27ko 87/1983 Epaiak: una regulación de los horarios mínimos escolares que no permita una enseñanza eficaz de las 2 lenguas oficiales resultaría inconstitucional.

Bi hizkuntza ofizial dauden erkidegoetan bi hezkuntza-eredu jarri zituzten abian Estatu Espainolean. Antoni Milianek baliatzen dituen kategoriei jarraiki, alde batetik, hautazko hizkuntza-separatismoa legoke, eta bestetik, hizkuntza-baterakuntza edo elebitasun osoa. Lehen eredua EAEn, Nafarroako eremu euskaldunean, mistoan eta Valentzian aplikatzen da. Eredu horrek ikasleak hizkuntza ereduka banatzen ditu; bigarren sistemak, aldiz, ez ditu ikasleak banatzen, maila batetik gora, behinik behin. Hau da, lehen eskolatze-unean ikasle bakoitzaren ama-hizkuntza baliatzen bada ere, maila batetik aurrera ikasle guztiak elkarrekin jartzen dira eta denek hizkuntza berean jasotzen dute hezkuntza.

Hartara, azaroaren 24ko 10/1985 Legearen 17. artikuluak propio jaso zuen derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinak izanda, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina jakingo dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko dituela.

EAE: halaber, EAEko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoari buruzkoak, hirugarren artikuluan jaso egin zuen ikasle guztiek, baldintza berberetan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean, bi hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatu behar dela, euskararen erabilera bultzatuz eta normalkuntzari lagunduz.

10/1985 Legeak ezarritakoa ahalbidetzeko uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuak Euskal Herriko irakaskuntza ez-unibertsitarioan hizkuntza ofizialen erabilera araupetzekoak, irakaskuntza elebiduna hiru ereduren araberakoa izango zela jaso zuen: A, B eta D ereduak hain zuzen ere. Lehenak gaztelania du irakaskuntza-hizkuntza eta euskara ikasgaia besterik ez da; bigarrenak bi hizkuntzak izango ditu irakaskuntza-hizkuntza; azkenak euskara izango du irakaskuntza-hizkuntza.

Nafarroa: Euskararen Foru Legearen 24. artikuluak ofizialtasunak derrigorrezko hezkuntzan ezartzen dituen betebeharrak jaso zituen, eta ondorioz, hezkuntza-maila ez-unibertsitarioetan derrigorrezkoa da euskara eta gaztelaniaren irakaskuntza, ikasle guztiek oinarrizko eskolaratzearen bukaeran bi hizkuntzetan gaitasun-maila nahikoa frogatu ahal izan dezaten. Horren ondorioz, hezkuntza-ereduak arautzen dituen 159/1988 Foru Dekretuaren eta Dekretu hori garatzen duen abuztuaren 30eko 848/1988 Foru Aginduaren arabera, legeak ezarritako eremu euskaldunean euskararen eta gaztelaniaren irakaskuntzak derrigorrezkoak dira eta euskarazko irakaskuntza ere bermatu behar da, B eta D ereduen bitartez.

Legeak ezarritako eremu mistoari dagokionez, Euskararen Foru Legearen 25. artikuluak jaso zuen euskara irakaskuntzan sartzea mailaka eginen dela, ikastetxeetan eskatzen dutenendako euskarazko irakaskuntza duten ereduak sortuz. Hortaz, eskaeren arabera eskainiko ditu administrazio publikoak euskarazko irakaskuntza-eredua edota euskara ikasgai duen eredua, eta inolako eskaerarik egin ezean haurrek gaztelania hutsean jasoko dute hezkuntza. 159/1988 Foru Dekretuaren eta 848/1988 Foru Aginduaren arabera, A, B eta D ereduak eskaeraren arabera eskainiko dira. Eskaerarik izan ezean, G eredua eskainiko da, hain zuzen ere, gaztelania hutsean.

Euskararen Foru Legearen 26. artikuluak legeak ezarritako eremu ez-euskalduneko irakaskuntza arautu zuen. Hartara, euskararen irakaskuntza bultzatua izanen dela jaso zuen, baina ez dio aipurik egiten euskarazko irakaskuntzari. 158/1988 Dekretuak eta 848/1988 Foru Aginduak jaso bezala, euskara irakasgai duen eredua borondatezkoa izango da eta administrazioak baimenduko du, baldin eta taldea osatzeko gutxieneko ikasle-kopurua biltzen bada. Euskarazko irakaskuntza, aldiz, ez du ahalbidetzen.

Justizia

Ipar Euskal Herria: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan legeak ez du euskaraz egiteko eskubiderik aitortzen, ez idatziz, ezta ahoz ere. Esan behar da, hala ere, auzitegi batzuetan euskara-frantsesa interpretea jarri zaiela Hego Euskal Herriko herritarrei, Frantziako nazionalitatea ez izateak frantsesaren ezagutzatik salbuesten dituelako.

Hego Euskal Herria: euskara ofiziala den eremuetan gurea bezalako hizkuntzei esleitu zaien ofizialtasun-estatusak prozedura juridikoetan ere hizkuntza hori erabiltzeko eskubidea zabaldu beharko lieke. Horren aurrean, Botere Judizialari buruzko 6/1985 Lege Organikoaren 231. artikuluaren arabera, jarduketa judizial orotan, epaile, magistratu, fiskal, idazkari eta epaitegietako gainerako funtzionarioek Estatuko hizkuntza ofiziala, hots, gaztelania erabiliko dute. Hala ere, epaile, magistratu, fiskal, idazkari eta epaitegietako gainerako funtzionarioek Autonomia Erkidegoetako berezko hizkuntza ofizialak ere erabili ahal izango dituzte, betiere, aldeetako bakar bat ere aurka agertuko ez balitz, indefentsioa alegatuz hizkuntza ez ezagutzeagatik. Hartara, akusatua ez den parte batek erabaki dezake prozedura beste hizkuntza batean egitea. Horrek Espainiako Estatuak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berretsitakoan hartutako konpromisoen kontra egiten du. Izan ere, 9. artikuluan hartutako konpromisoen arabera, herritarrek eskubidea beharko lukete prozedura zibila, penala edo administratiboa euskaraz burutzeko. Hala ere, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak bat egin du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 166/2005 Autoaren bidez esandakoarekin. Auto horren bidez, aski garbi utzi zuen ez dagoela zertan egin aldaketarik egungo araubidean Euroitunean hartutako konpromisoak betetzeko; izan ere, itzultzaileak eta interpreteak herritarren eskubidea bermatzeko mekanismo egokiak dira.

Hedabideak

Ipar Euskal Herria: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abuztuaren 4ko 1994-665 Legeak inposatu egin zuen frantsesaren erabilera telebista- zein irrati-saioetan.

Conseil Supérior de l'Audiovisuel erakundeak, artikulu horretan oinarritutako irizpideak kontuan hartuta, ikus-entzunezkoetan frantsesaren erabilerari buruzko urtarrilaren 18ko 2005-2 Gomendioan, frantsesa ez erabiltzeko salbuespenak eta kasu zehatzak azaldu zituen, baina une oro atzerriko hizkuntzez ari da.

EAE: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5/1982 Legeak, 1996an eta 1998an aldatua, EITB kate publikoa sortu zuen eta telebistetan zein irratietan euskara hutsezko kanalak eta irrati-etxeak bermatu zituen.

Irrati pribatuei dagokienez, azaroaren 11ko 240/1986 Dekretuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Maiztasun Modulatutako Uhin Metrikoetako Irrati hedapeneko etxeentzako baimena emateko prozedura jartzen du. Dekretu horrek baimenak ematerakoan kontuan hartu beharreko irizpideak zehaztu zituen. Irizpideen artean, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera orekatua azpimarratzen zen; baina ez zen kuota zehatzik ezarri. Halaber, ez zuen bermatzen euskarazko irrati-kate pribaturik.

Telebistei dagokienez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urriaren 3ko Lurreko Uhinen bidezko telebista-zerbitzua arautzen duen 190/2006 Dekretua dago indarrean. Euskarazko eskaintza bermatzeari begira, 22. artikuluan indize soziolinguistikoen araberako hizkuntza-irizpide progresiboak zehaztu ziren, bai udalek zuzenean kudeatutako telebista-kanaletan, baita subjektu pribatuek kudeatutako telebista-kanaletan ere. Honetan ere, ez zen bermatzen euskarazko telebista-kate pribaturik.

Nafarroa: Nafarroak ez du telebista-kate publikorik, eta, irratiei dagokienez ere, ez dago Nafarroan euskaraz emititzen duen irrati publikorik. Bestalde, 439/2004 Errege Dekretuaren ondorioz, Nafarroari lurreko telebista digitalean esleitutako demarkazioak legeak ezarritako eremu mistoan eta ez-euskaldunean daudenez, ez dago euskarazko telebista sortzeko aukerarik.

Eremu sozioekonomikoa

Ipar Euskal Herria: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan herritar euskaldunek ez dituzte aitortuta kontsumitzaile gisa hizkuntza-eskubideak. Bestalde, kontuan izan behar dugu abuztuaren 4ko 94-665 Legearen ezaugarri nagusia eragiten duen eremuetan datzala. Izan ere, legeak bi eremu subjektibotan eragiten du, hain zuzen ere, zuzenbide pribatuko pertsonengan eta zuzenbide publikoko pertsonengan. Bigarren taldeak barnean hartzen ditu zerbitzu publikoaren egitekoa duten zuzenbide pribatuko pertsonak.

Horrela, 94-665 Legearen bigarren artikuluan propio jaso zen ondasun baten, produktu baten edo zerbitzu baten izendapenean, erabilera-jarraibideetan, deskribapenean eta bermerako baldintzetan frantsesaren erabilera derrigorrezkoa dela, baita faktura zein ordainagirietan ere. Hartara, euskararen erabilera borondatezkoa izango da beti.

Halaber, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak biltzen dituen Code de la consommation delakoaren 121-68 artikuluaren arabera, erabiltzailea Frantzian bizi bada edo ondasunetako bat Frantzian badago, eskaintza frantsesez idatziko da.

Horrez gain, lege-babesik eza agerikoa izan arren, badago egoera makurtzen duen beste faktore bat, hain zuzen ere, Europako Batasuneko zuzenbidea. Hainbat arteztarautan produktuen etiketak eta abarrak arautzen dira, eta derrigortasuna ezartzeko aukera Europako hizkuntza ofizialei besterik ezin zaie ezarri. Hartara, Euskal Herri osoan zaila gertatzen da euskararen derrigorrezko erabilera ezartzea.

EAE: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6/2003 Legeak, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarenak, zioen azalpenean ez ezik 4. artikuluan ere propio jasotzen ditu kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak. Hartara, aipatu Legearen VIII. kapituluak luze eta zabal jaso zituen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak, besteak beste, ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea, edota enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea.

6/2003 Legeak aitortutako eskubideen bermea garatzeari begira, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza-eskubideei buruzko uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua jarri zen indarrean. Dena den, Dekretu horrek ez zuen 6/2003 Legeak jasotzen duen eremu guztia arautzen.

Nafarroa: araudiak ez du inolako eskubiderik jasotzen kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunei dagokienez. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Legeak ez ditu hizkuntza-eskubideak aipatzen eta, beraz, Nafarroan dagoen bestelako ordenamendu juridikoari eutsi behar zaio herritarrek aitortuta izan ditzaketen eskubideak identifikatzeko.

Gizarte batean indarrean dagoen legeriak hainbat eskubide aitortzen dituen arren, ezin ondoriozta daiteke eskubide horiek osoki bermatzen direnik. Arrazoi horrengatik, besteak beste, administrazioak berak mekanismoak izaten ditu legeriak aitortutako eskubideak berma daitezela segurtatzeko. Hartara, legeriak aitortzen dituen hizkuntza-eskubideak bermatzeko ere baliagarriak dira administrazioak aurreikusten dituen mekanismoak.

Hego Euskal Herriari dagokionez, legeak aitortzen dituen eskubideen babeserako erakundeak Ombudsman delakoaren figura baliatzen dute. Horrela, Espainiako Kongresu eta Senatuak, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak hautatzen dituzten Herri-Defendatzaile edo Arartekoak ditugu.

Herritarrek legeak aitortzen dizkien hizkuntza-eskubideak Herri Administrazioaren jardunaren ondorioz urratu zaizkienean aipatu instituzioetara jo dezakete. Instituzio horiek kasua aztertu eta urraketa gertatu dela ondorioztatutakoan, berau eragin duen erakunde zein administrazioetara jotzen dute horri buruzko informazioa jasotzeko. Erantzuna aztertutakoan, Arartekoak zein herri-defendatzaileek gomendioak egiten dizkiote erakundeari. Hala ere, Arartekoak edota herri-defendatzaileak egiten dituzten gomendioak ez dira lotesleak, baina horiei erreparatzen ez badiete, propio jasotzen dute urtero parlamentuen aurrean aurkezten dituzten txostenetan.

Hizkuntza-eskubideei loturik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ELEBIDE, hizkuntza-eskubideak bermatzeko zerbitzua, abian jarri zuen 2006ko urriaren 17an. Zerbitzu horretara herritarrek legeak aitortutako hizkuntza-eskubideen urraketak helaraz ditzakete. Aipatu erakundeak gestioak egiten ditu eskubideak urratu dituzten erakundeekin.

Azkenik, aipatu behar dugu Euskalgintzako hainbat eragilek sortutako Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ere zerbitzu publiko bat jarri zuela abian 2001ean herritarren hizkuntza-eskubideen babeserako, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren Euskararen Telefonoa, hain zuzen ere. Aipatu zerbitzuak ez dio zuzenean erreparatzen indarrean dagoen legeari. Izan ere, Euskal Herri osorako egiten du lan, eta legea oinarri izango balu, hainbatetan herritarrak eskubidez gabeturik egongo lirateke. Behatokiak berezko hizkuntza-komunitateko edozein hiztunek bere lurraldean bere hizkuntza erabiltzeko duen eskubidea hartzen du oinarri eskubide-urraketei izaera emateko. Prozedurari dagokionez, Behatokiak herritarrek salatutako urraketen berri zuzena helarazten die kexak eragin dituzten erakunde, instituzio zein enpresei. Halaber, kudeatutako urraketa guztiekin hizkuntza-eskubideen egoera jasotzen duen txostena argitaratzen du urtero.