Kontzeptua

Guda Euskal Herrian

XX mendean bi mundu gerra eta gerra zibil bat biziko ditu Euskal Herriak. Hemen ere euskal presentzia maila guzietan aurkituko dugu. Euskaldunek bere ejertzito propioak osatuko dituzte bere eskubideak eta lurrak defendatzeko, baina baita ere beste nazioei laguntza eskaintzeko. XX. mendeko kanpo gerletan Euskal presentzia orain arte bezala beharturik izango bada ere, Sabino Aranarekin hasi zen elkartasun internazionalistaren ideia garatu eta gauzatu egingo da, eta Euskaldunak ideal bati jarraituz elkartasunez ariko dira hainbat gudetan.

XX. mendean euskaldunek sufritu duten gerra handiena, dudarik gabe 1936ko gerra dugu eta seguruenik bere historiako handienetakoa. Gerra totala da. Ez dira tropak soilik inplikatuak izango biztanleri guzia ukitua izango da. Biktima zibilak milaka izango dira. Gernikako bonbardaketa izango da gerra honi nazioarteko dimentsioa emango diona eta gerra honen krudeltasuna ezaugarrituko duena. Euskaldun gehienek errepublikaren alde egin zuten beren eskubideak defendatuko zituelakoan eta erbestean zegoen Euskal Gobernuak Euskal ejertzitoa osatu zuen Francoren aurka. Baina zatiketa bada hor ere. Abertzaleak alde batetik eta erreketak bestetik, bereziki Nafarroan, euskal familiak zatituko ditu. Gerra honen ondorio latzek gaur egun arte diraute.

Lehen mundu gerla traumatikoa izan zen, milioika hildako eragin zituen Europa osoan. Euskaldunak bertara joatea behartuak izan ziren eta Ipar Europako trintxeretan hil ziren armada frantziarraren pean zeuden euskaraz baizik egiten ez zuten euskaldunak. Gerra honek gainera, Frantziar zaletasuna indartzeko balio izan zuen.

Urrunago ere joan ziren euskaldunak, Frantziarekin Aljeriako independentzia gerlara edo Espainiarekin Ifniko gudura. Zirkunskripzioa beharrezkoa zenez eta Euskal Herria bi estatu horien administrazioa pean egonik, soldaduskarako urtea zuten mutilak gerra joan behar zuten.

Bigarren mundu gerlan ere, Lehen mundu gerlan bezala, euskaldunek boterean zegoen indarraren zerbitzura gudukatu behar izan zuten, baina kasu honetan, aliatuen deiari erantzunez euskaldun andanak, boluntario, indar aliatuengana jo zuen eremu okupatutik ihes eginez eta erresistentziara pasatuz. Famatua dugu Gernika batailoia Kepa Ordoki buru zuela. Guerra amaitzean De Gaulle-ek esan zion Frantziak ez zuela behin ere ahaztuko euskaldunek egindako indar eta sakrifizioa bere lurra askatzeko. Bestelako gatazketan ere Euskaldunak presente izango dira indar altxatzaileak sustengatuz, hala nola Amerika Latinan 80. Hamarkadan diktaduren aurka egondako gerrilletan.

Bigarren mundu gerratik aurrera, gerra ireki moduan ez bada ere, aipatu beharra dugu Euskal Herrian gatazka gehienen haria izan den lurraren defentsak gatazka eragiten jarraitu duela. Euskal Lurraldea, beste ezaugarriekin bada ere, beste estatu batzuen menpe dago, eta historia guzian zehar bezala, gatazka iturri izaten jarraitzen du gaur egun arte. Horren adierazle dugu ETAren sorrera frankismo erdian eta IKren sorrera 1973an Iparraldean.