Kontzeptua

Euskaldunak Bigarren Mundu Gerran

Iparraldeko frontea erori ostean Errepublikak izandako porrotaren ondoren, milaka euskaldun erbesterako bidea hartzera behartu zituzten.

Lehenengo etapa Frantzia izan zen, errepresio frankistatik ihesean zebiltzan gainerako errepublikanoek bezala. Baina bertako harrera ez zen espero zutena izan. Frantziako gobernuak "centres d'accueil" guneak antolatu zituen, hau da, bat-batean egindako kontzentrazio esparruak, esaterako, Argéles-sur-Merrekoa, hondartzan bertan ezarria eta Senegaleko soldadu beldurgarri eta basatien zaintzapean zegoena. Bertan ia 5.000 euskaldun zeuden "Gernika-berri" izenez ezagutzen zen "herrixkan" antolatuta.

Bitartean, 1939ko martxotik aurrera, Orthezeko barrutian, Biarnon, Gurs izenez ezagutzen zen leku urrun batean kontzentrazio-esparru berri bat eraikitzen hasi ziren. Apirilean dagoeneko eraikitze-lanak amaituta zeuden. Zuberoako mugan kokatuta zegoen, Oloroe-Donamariatik 17 km ingurura. Aurki Argéletik eta beste kontzentrazio-esparru batzuetatik etorritako euskaldunak bertan bildu zituzten. 1939ko maiatzaren 10ean, guztira, 18.985 preso zeuden, eta horietatik 6.555 euskaldunak ziren.

Euskaldunak nazio gisa antolatuta zeuden eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri ziren Telesforo Monzonen eta esparru horretako kolonia euskaldunarentzako kapilau lanak egiten zituen Iñaki Azpiazu apaizaren bitartez. Berehala euskaldunak esparrutik ateratzeko plana osatu zuten, eta gerraren deklarazioa gertatu zenerako, 1939ko irailean, ia-ia euskaldunen erdiak askatu zituzten.

Defentsa Ministerioak langileak behar zituen eta Frantziako armagintzaren sektorean euskaldunen lankidetza izateko negoziazioak izan zituen Eusko Jaurlaritzak aipatu ministerioarekin. Modu horretan, euskaldun ugari hasi ziren Pariseko enpresetan lan egiten eta beste zenbait Tarbe eta Lannemezaneko armategietan edo Baionako Breguet-Latecoere hegazkin-fabriketan.

Hala ere, gobernu frankistak, Parisen bertan zegoen Lequerica enbaxadore berri eta frankista bilbotarraren eta eskuin muturreko diputatu Jean Ybarnegaray baxenabartarraren laguntza zituela, presioa egin zuen errefuxiatu errepublikanoen kontrako errepresio neurriak har zitezen eta euskaldunak ez ziren libratu. 1940ko maiatzaren 20an gobernu frantsesak Eusko Jaurlaritzaren lokalak eta LIAB (Euskaldunen Lagunen Nazioarteko Liga) itxi zituen eta Behe Pirinioetan bizi ziren euskaldunak Gurseko kontzentrazio-esparrura edo Loiratik aurrera, lurralde urrunetara, bidali zituen. Ybarnegarayk J.A. Agirre salatu zuen, esanez "alemaniarrekin lankidetza estua" zuela eta "inteligentzian" zegoela.

Urte horretako ekaina heldu orduko 800 euskaldun zeuden Gurseko esparruan. Bertan alderdi politiko euskaldun guztietako arduradunak giltzapetuta zeuden: EAJko EBBko kideak, esaterako Luis Arredondo, Luis Arregui, Andres Bereziartua; Manu Eguilleor alderdi bereko idazkaria; Jose Lecaroz El Día argitalpenaren zuzendaria; Isidoro Fagoaga tenorea; eta baita zenbait euskal komunista ere, adibidez Cecilio Arregui, Euskadiko AK-ko zuzendaria barne, Celestino Uriarte arrasatearra, etorkizunean gerrilla mugimenduko zuzendaria izango zena edo Lasarteko Victorio Vicuña, "Julio Oria" ezizenez ezaguna, erresistentzia frantsesaren heroi bilakatuko zena eta Bizkaiko inguruetako gerrillaria. Felix Liquiniano gipuzkoarra edo Vicente Moriones Belzunegui nafarra ere, anarkistak, Gursen izan ziren. Halaber, Pepe Mitxelenaren buruzagitzapean zegoen euskal "Zerbitzu sekretuaren" taldea ere bertan sartu zuten, baina Iñaki Azpiazuk Frantziako armadak Baionan zuen Deuxieme Bureau-ko ordezkari Simon kapitainarekin egindako negoziazioei esker, aurki askatu zuten eta harentzat lan egin zuen taldeak.

Preso euskaldunen egoera larria zen; izan ere, alemaniarren aurreratze geldiezina ikusita bi aukera baino ez zeuden, nazien preso bihurtzea edo frankisten esku gelditzea. Zorionez, ekainaren 21ean lehenengo preso euskaldunak aske utzi zituzten eta Venezuelarako bidea hartu zuten. Aste batean, euskaldunak giltzapetzeko erabilitako "C" uhartetxoa hutsik gelditu zen. Zaindarien nahasmen eta etsipen egoera, bertan sartuta zeuden azkeneko preso euskaldunen askatzean lagungarri gertatu zen. Batzuk Iparraldera alde egin zuten, beste zenbait Latinoamerikara joan ziren eta gutxi batzuk Londresera. Horrela hasi zen erbestean zeuden euskaldunentzat lehenengo mundu gerra eta horrekin batera, haien bizitzetako aro berri bat: batzuentzat erbestealdi luzea Amerikako zenbait herrialdetan, beste zenbaitentzat okupazio amaiezina, arriskuz eta debekuz betea, Espainiako poliziaren edo Frantzia okupatuan haiekin lankidetza estuan ziharduten nazien errepresio indarren etengabeko mehatxupean.

Nazien aurreratze oldartsuaren ondorioz atzematen zituzten erbesteratu euskaldunen multzoan Agirre lehendakaria zegoen. Lehendakaria Parisen zegoen garai hartan, eta Belgikara joatea erabaki zuen bere familiarekin biltzeko asmoz. 1940ko maiatzaren 8an abiatu zen. Bi egun geroago Hitlerrek bere eraso nagusia gauzatu zuen mendebaldeko frontean. Agirre Belgikan harrapatuta gelditu zen bere senideekin eta talde euskaldunarekin batera (guztira 46 pertsona); indar aliatuen atzera egiteari jarraitzea erabaki zuen, Frantziarako bidea hartuz. Baina, zailtasun izugarriak zeuden.

Europan eta Amerikan zeuden pertsona euskaldun ospetsuek hainbat negoziazio egin zituzten lehendakaria salbatzeko, eta bitartean, Parisen Ybarnégarayk Agirre salatu zuen naziekin lankidetzan ari zela egotzita. Agirre arrisku larrian zegoen; izan ere, naziek edozein momentutan atxilotu eta Espainia frankistara eramateko arriskua zegoen, geroago Companysekin egin zuten bezala.

Maiatzaren 21ean eta 22an talde euskalduna Dunkerkeko inguruetara iritsi zen, eta nazien tropek jadanik erabat inguratuta zeukaten gune hura. Erresuma Batura zihoan ontzian sartzea ezinezkoa zen. Egoera zail hura ikusita, ezkutuan Belgikara itzultzea erabaki zuen Agirrek, eta jesuiten komentu batean babestu zen Bruselan. Bertan sei hilabete eman zituen eta denboraldi horretan Panamako Guardia Jaen kontsularekin harremanetan jarri zen. Kontsulak naziekin harreman onak zituen eta Agirre laguntzea erabaki zuen, eta hortaz, lehendabizi agiri egokiak eman zizkion. Ondoren, Guardia Jaenek Berlinera joatea proposatu zion Jose Antoniori, alibi bati esker eta Amerikarako irteera antolatzeko aukeraren zain gelditzekotan. Hura bilatzeko Gestapori bururatuko zitzaion azkeneko lekua izango zen Berlin.

Agirrek bere identitate berria hartu zuen Panamako hiritar gisa eta Andres Alvarez Lastra izen-abizenak erabilita lau hilabete eta erdi eman zituen Alemanian. Amerikara atzerriratuak izan ziren euskaldunek burutu zituzten negoziazioei eta Berlinen zegoen Panamako enbaxadorearen laguntzeko prestutasunari esker, lehendakariak Suediara joatea lortu zuen. Bertan bi hilabete gehiago itxaron ondoren, Amerikara itsasontziz abiatzea lortu zuen eta 1941eko abuztuaren 27an lehorreratu zen Rio de Janeiron. New Yorken finkatu aurretik, bidaia bat egin zuen Latinoamerikako hainbat herrialdetan zehar agintari eta erakunde euskaldunekin harremanetan jartzeko, politika gaiak zuzentzeari berriro ekiteko eta munduko gatazkan, euskaldunek aliatuen alde egingo zuten borroka antolatzeko.

Nazien erasoa gertatu bazen ere, zenbait euskaldunek osatutako talde batek Londresera iristea lortu zuen. Horien artean hainbat pertsona ospetsu zeuden, besteak beste Manuel Irujo Errepublikako Ministroa eta EAJko EBBko zenbait kide.

Une latzak ziren; izan ere, adore eza eta ezkortasuna nagusi ziren nazien garaipen bizkorraren ondorioz. Eusko Jaurlaritza sakabanatuta zegoen eta Europan ziren erbesteko erakundeak desagertu egin ziren nazien aurreratzearen poderioz. Inork ez zekien lehendakaria non zegoen, eta bere egoerari buruzko era guztietako gezurrak zabaldu zituzten. Egoera horretan, Londresko errefuxiatuek euskal erakunde eta politikaren presentziari eutsi behar zitzaiola pentsatu zuten. Ideia horrekin sortu zen "Euzkadiko Kontseilu Nazionala" 1940ko uztailaren 11n. Kontseiluaren helburua Komunitate Euskaldun Abertzalearen zerbitzura zegoen erakunde ordezkaria izatea zen, euskaldun guztien artean lubakietan lortutako batasun eta elkartasun sentimendua babestuko zuena. Kontseilua Euskadiko gobernuko ordezkariek osatu zuten, batez ere Amerikan zeudenak: Manuel Irujo lehendakaritzaren burua zen eta Aldasoro sailburu jauna, ostera, Kontseiluko lehendakariordea. .

Atzerriko Bulegoko behin betiko idazkariordea zen Sir Alexander Cadoganen ekimenaren bitartez, De Gaulle jeneralari protokolozko bisita egin zioten, hain justu naziek, Espainia zeharkatuta, Gibraltarren lehorreratuko zirela espero zuten unean. 1940ko udazkenean "Frantziar Indar Askeekin" itun bat egiteko negoziazioei hasiera eman zien "Euzkadiko Kontseilu Nazionalak". Urte horretako azaroaren 15ean dokumentu multzo handi bateko lehenengo agiria bidali zen eta segida horrek bideratu zuen 1941eko maiatzaren 17an Frantzia Askearen Londresko bulego nagusietan ituna sinatzea, alde batetik jatorri judutarra zuen eta "Conseil de Défense de l'Empire français"-eko ordezkari zen Rene Cassin izeneko legelari baionar bikaina (De Gaulle jeneralaren ez baitzegoen) eta, beste aldetik, Euzkadiko Kontseilu Nazionaleko Londresko ordezkaria zen Jose Ignazio Lizaso jauna bildu zirelarik. Irujo Kontseilu Nazionaleko lehendakariak ekitaldira ez joatea erabaki zuen, De Gaulle ez zela joango ikusita. Itunean jasotako puntuetan euskaldunen aldeko hainbat neurri zehazten ziren; adibidez, haiek kartzela frantsesetatik askatzea, herritartasun frantsesa lortzeko erraztasunak ematea, Frantziako Indar Askeetan errekrutatuak izateko aukera, asilo-eskubidea edo inperioaren kolonietako lurraldeak ustiatzeko autoritate frantsesekin lankidetzan aritzea. Puntuetako bat Euskal Kontseilu Nazionalak "Frantzian, Espainian eta bi estatuen menpe zeuden lurralde afrikarretan informazio-agente frantsesei eman ziezaiekeen laguntzari" buruzkoa zen. Horrez gain, euskaldun eta frantsesen arteko elkarrizketei berriro ekiteko aukera zabalik utzi zuten, akta horretan zehaztutako lankidetza beste arlo batzuetara zabaltzeko helburuaz.

Berez, bi alderdiek izandako elkarrizketak eta aztertutako proiektua ez zeuden dokumentuan islatuta, eta dokumentuan jasotakoa baino zabalagoak ziren. Besteak beste, gai hauek landu ziren: Euskal Herriko autonomiaren gaia, Espainia frankista gerran sartu izanak sortutako aukerak, informazio arloan euskaldunen eta frantsesen arteko lankidetza, FIAren baitan unitate militarra osatzeko aukera, etab. 1941eko maiatzaren 30ean, De Gaullek telegrama bat bidali zion Manuel Irujori, Kontseiluko lehendakariari, bertan Ituna berretsi zuen eta komunean zuten etsaiaren kontrako borrokan eta munduko askatasun nazionalen garaipenean elkarren arteko lankidetza elementu garrantzitsua zela adierazi zuen.

Hala ere, frankisten presioek eta Francori nazien alde egiteko aitzakiak emateak britainiarrei eragiten zien beldurrak bultzatuta Atzerriko Bulego sailak euskaldunen eta frantsesen arteko harremanak eten ziren. 1941eko ekainaren 9an, Escarra komandanteak, Frantzia Askeko Atzerriko Negozioen arduradunak, Euskal Kontseilu Nazionalari ohar bat helarazi zion, eta bertan gobernu britainiarrak esandakoari jarraituta Ituna aplikatzeari utzi behar ziotela adierazi zuen. Handik gutxira, Atzerriko Bulego saila ildo berean mintzatu zen. Hala ere, Frantzia Libreko indar armatuetan unitate euskaldun autonomo bat sortzeko negoziazioek aurrera egin zuten. Frantziako Almirantegoarekin harremanetan jarri ziren eta, modu horretan, irailean lehenengo bederatzi ofizialak izendatu zituzten, eta hurrengo egunean Itsas Infanteriako Hirugarren Batailoiaren araudia idatzi zen. Kide gehienak euskaldunak ez ziren arren, "Batailoi Euskalduna" izenez ezagutzen zen. Hain zuzen, izena eman zuten 80 errekruten artean gehienek jatorri latinoamerikarra edo espainiarra zuten eta ofizial guztietatik 4 baino ez ziren euskaldunak, horien artean Antonio Gamarra, Araba Buru Batzarreko kidea. Alabaina, asmo politikoa izaera nazionala izatea zen, eta horregatik Batailoiaren bandera ikurrina zen eta Gernikako arbola Nafarroako armarriko kateetan sartuta zerabilten intsignia gisa. Era berean, Errekrutatze Junta Euskal Kontseilu Nazionalak aukeratutakoa zen.

Gerraren garapenak Franco gutxika bere aliatu naziengandik urrundu eta britainiar eta amerikarrengana gerturatzea ekarri zuen eta, horren ondorioz, gobernu britainiarrak Hirugarren Batailoia garatzea ekidin zuen eta euskaldunek eta frantsesek arlo honetan zuten lankidetzari betoa jarri zion. Modu horretan, 1942ko maiatzaren 23an, unitate militarra Auboyneau kontralmirantearen dekretuaren bitartez desegin zuten. Bestalde, 1941eko urrian, Euskal Kontseilu Nazionalak Agirre lehendakaria Amerikara iritsi zela jakin zuen eta helburu guztiak lortzeko bere zerbitzura egongo zela adostu zuten, Kontseilu bera deuseztatzea edo eraldatzea barne. 1942ko urtarrilaren 28an lehendakariak Kontseilua deuseztatzea erabaki zuen eta Euzkadiko Gobernuaren legezko ordezkaritza beregain hartu zuen. Horrenbestez, euskaldunen ordezkaritza politiko nagusia zen munduan berriro ere eta hala jakinarazi zitzaien gobernu britainiarrari eta aliatuei. Modu horretan, Londresko taldearen aroa bukatu zen; denboraldi horretan barnealdearekin edo okupatutako Frantziarekin harremanik izan ez zuen arren, Amerikarekin soilik harremanetan egon bazen ere, eta Agirre non zen ez zekien arren, euskal erakundearen presentziari eusten saiatu zen. Horrez gain, aliatuak laguntzen saiatu zen haien saio belikoetan, Espainia frankistaren kontra aliaturik egoteko unea iritsitakoan prest egoteko helburuarekin; izan ere, horrek abantailak baino ez zituen eta zalantzarik gabe, antolatutako ordezkaritza euskaldunaren indarra eta garrantzia handitzen zituen.

Euskaldunek aliatutako indarren alde egindako ekarpen garrantzitsuenetako bat Euskal "zerbitzu" sekretua zeritzonaren bitartez egin zen. Izen horrek gerrako hainbat une eta arloetan burututako jarduerak barneratzen ditu. EAJk hasieratik kontrolatu bazuen ere, zerbitzuaren antolaketa, zentzu formalean, Eusko Jaurlaritzari zegokion. Hala ere, hori ez zen jatorri ideologiko eta alderdiko iritzi desberdineko pertsonekin lankidetzan aritzeko eragozpena izan.

Erakundearen aurreneko dokumentuetan "Zerbitzu" edo "Barne Zerbitzu" izenez agertzen zen antolakundearen sorrera Gerra Zibilaren erdi-erdian bilatu behar dugu, Agirre lehendakariak Jose Mª Lasarteri agindu zionean Bilbo eta kanpoaldearen artean eta frankisten esku zegoen euskal eremuarekin kontaktua ezartzea. Zerbitzua hasieran Baionako "Mimosas" hiribilduan ezarri zuten eta Bilboko Carlton Hotelarekin irrati-telegrafia bidezko komunikazioa zuten, han baitzegoen Lehendakaritzaren egoitza. Horretarako bi itsasontzi erabili zituzten, Trintxerpe lehendabizi eta Euzkadiko Gudontzidiaren Laguntzarako Ontzitaldeko Domayo ondoren.

Geroago, frankistek okupatutako barnealdearekin etengabeko harremanak izateko beharra azaldu zen. Lasartek Santoñan gertatutakoaren berri izateko beharra zuen; izan ere, ez zuten gertakariei buruzko informazio zehatzik. Modu horretan, Bittori Echeverriarekin harremanetan jarri zen; Bittori bere kabuz eta beste baztandar batzuekin batera (besteak beste, Agustin Ariztia eta Timoteo Plazarekin) errepresio frankistatik ihesean zebiltzanei Frantziara alde egiten laguntzen zien Elizondoko (Nafarroa) emakume abertzalea zen. Bittorik primeran bete zuen bere zeregina eta bere kontaktuak zabaldu zituen herrialde osoan zehar; modu horretan, borroka antifrankistan garrantzizko zerbitzuak emango zituen erakundearen oinarriak ezarri zituen. Itziar Mugika, Delia Lauroba eta Mª Teresa Verdesek oinarri horren egitura osatzen zuten; sarea garatuz joan zen eta Espainia frankistako kartzela nahiz presondegietan zeuden preso abertzaleekin harreman jarraitua eta segurua ezartzea lortu zuten.

Erakundea sendotuta zegoela esan genezake, Luis Alava y Sautu EAJko Gasteizko Udal Batzordeko presidente ohiarekin eta Gorteetan Amurrioko barrutiaren izenean diputatu izateko izangaia zen ingeniari gasteiztar horrekin harremanetan jarri zirenean. Luis Alavak ere presoei laguntza eskaintzen ziharduen eta beraiekin harremanetan zegoen. Baionatik Bittori Echeverriak geroago "Araba sarea" izendatuko zen sarearen arduradun bilakatzeko izendapena ekarri zion. Handik gutxira presoekin lan egitetik informazio arloko jarduerara pasatu zen. Baionatik "Zerbitzuko" arduraduna Frantziako armadako ordezkariekin harremanetan jarri zen, eta barnealdeko sareak jasotzen zuen arlo militarrari buruzko informazioa emateari ekin zion. Modu horretan, "Gezi Beltzak" izenez ezagutzen ziren tropei buruzko informazio eta nazien "Kondor Legioari" zegokiona helarazi zien. Horrez gain, Pirinioetako gotorlekuen gaineko informazioa ere bildu zuen, Pasaiako eta Bilboko portuetan zegoen itsasontzien mugimenduari buruzkoa, abiazio zelaien gainekoa, armamentuari buruzkoa, etab. Frantziako armada " Euskal Barne Zerbitzuaren" bitartez 700 ohar jasotzera iritsi zen. Aldi berean, "Araba sareak" arlo politikoari eta ekonomikoari buruzko informazioa eta erlijioari, presoei ezarritako zigorrei eta errepresio frankistari zegokion informazioa igortzen zuen. Halaber, bizitzak salbatzeko asmoarekin, espedienteak desagerrarazi eta epaiak ere faltsutu zituen. Sarearen jarduera apartekoa zen eta emaitza ezin hobeak lortu zituen.

Baina 1940ko maiatzeko nazien eraso bizkorrak ustekabean harrapatu zuen Pariseko Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza, eta horren ondorioz, nazien aurrerapenetik ihes egin zuten eta "Araba sareari" buruzko dokumentazio guztia bertan utzi zuten. Dokumentazio horretan sarearen mugimendu guztiak jarrai zitezkeen zehaztasun handiz, baita sarearen barruan kide bakoitzak zuen zeregina ere. Gestapoak berehala Espainiako Poliziaren esku utzi zuen dokumentazioa eta, arretaz aztertu ondoren, ekintzetara pasa zen. Modu horretan, 1941eko abenduaren 20an Madriletik irten zen "Alderdi Politiko Sozialari" zegokion "brigadatxo" bat Elizondora iritsi zen eta Bittori Echeverria eta Agustin Ariztia atxilotu zituen. Denbora gutxian sare guztia desegin zuten. Primi Abad muskiztarra eta Juan Angel Gonzalez Sasia santurtziarra baino ez ziren libratu. Guztira 28 pertsona atxilotu zituzten, horietatik 21 gerra kontseilu batek epaitu zituen 1941eko uztailaren 2an; Kontseiluak 19 heriotza-zigor eskatu zituen. Hala ere, Justizia Militarreko Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegite bati esker, soilik Luis Alava y Sautu jaunaren heriotza zigorrari eustea lortu zuten, hura sarearen arduraduna zela jo baitzuten. Francori bihozberatasunez jokatzeko eskatu ziotenak asko izan baziren ere, Franco ez zen arabarraz errukitu eta 1943ko maiatzaren 6an, goizez, Alava fusilatu zuten, Madrilen jaio baina jatorri euskalduna zuen Andres de Asiain preso komunistarekin eskuburdinez lotuta zegoela. Ondoren, aliatuen garaipenari eta "Araba sarearen" jarduerari esker, 1946. urtean jada ez zen sareko kiderik gelditzen kartzelan. Tamalez, Luis Alavak ezin izan zuen une hori bizi. Nabarmendu behar da polizia naziak dokumentuak atzeman eta (1940ko ekainean) Espainiako Poliziari eman zizkionetik (1941eko abenduaren 20an) aurreneko atxiloketak gauzatu zituztenera arte urte eta erdi baino gehiago igaro zela.

Frantzia okupatuta zegoela, eta gerra mundu osoan zabaltzen ari zela, aldi berri bati hasiera eman zitzaion. Agirrek aliatuei Ardatzaren kontrako borrokan laguntzeko agindua eman zuen. Bestalde, barnealdeko erakundea berriz osatu eta kanpoaldearekin etengabeko harremanak ezartzeko beharra sortu zen. Ajuriagerraren konfiantzazko gizon bat, Jesus Solaun, arduratu zen barnealdean lan hori gauzatzeaz. 1940ko abuztuan Puerto Santa Mariatik irten zen zigorra aztertu ondoren. Oraindik kartzelan zen Ajuriagerrarekin harremanetan jarraitu zuen eta antolakundeko berrantolaketaren oinarriak ezarriz joan ziren. Frantziarekin harremanetan jartzea zaila zen. Ez zuen aurreneko kontaktua ezartzerik lortu 1941eko abuztuaren 15era arte. Mugan kokatutako Larrun mendiaren tontorrean bildu zen Pepe Mitxelenarekin, kanpoaldeko "Zerbitzuaren" arduradunarekin. Akizen finkatu zen eta, aldi berean, Baionan bulego bat izaten jarraitu zuen. Bestalde, Joseba Elosegik Iralaren bitartez jaso zuen aliatuen zerbitzura jartzeko Agirrek emandako agindua, eta Ajuriagerrarekin harremanetan jarri zen Donostian 1943an; horrez gain, Ajuriagerraren eta Mitxelenaren arteko posta zerbitzua mantentzeaz arduratu zen. Donostian, Elosegik Frantziako zerbitzu sekretuekin harremana zuen "Nicolas" izeneko agente frantsesaren bitartez, Frantziako Gurutze Gorriak Gipuzkoako hiriburuan zuen ordezkariak, Matteik, haien arteko kontaktua ezarri ondoren; izan ere, Matteik zerbitzu sekretuentzat lan egiten zuen eta erakunde hori benetako lana estaltzeko erabiltzen zuen. Elosegik iparamerikarrekin lotzea lortu zuen, Bilbon haientzat zuzenean lan egiten zuen "Zerbitzuko" taldearekin harremanetan jarriz. Iparramerikatik dirua jaso zuen eta Mitxelenari eman zion erakundea manten zezan. Mugan zehar diruarekin, informazioarekin, agiriekin, pertsonekin, etab. trafikatu zuten. Zerbitzu horren bitartez, Mitxelenak Normandiako kostaldeko gotorlekuen planoak eman eta hondartza horietako harearen laginak ere erakutsi zituen. Mitxelena Baionatik nahiz Akizetik lanean zela "Zerbitzu" guztien muina zen, antolakundeko hari guztiak bertatik igarotzen zirelako.

Bestalde, Bilboko taldeak norabide berean lan egiten zuen. Bertan Luis Ibarra Enziondo "Itarko" zegoen; erakundearen bitartez harekin kontaktuan jarri ziren eta Earl Fullerren agindupera igaro zen. Agente iparamerikarraren egitekoa Espainiako Gobernuak yankiek hornitutako petrolioa zertarako erabiltzen zuten kontrolatzea zen eta, aldi berean, informazio lana ere burutzen zen. Flavio Ajuriagerrak Bilbon ere egin zuen lan hasieratik, hiriburu bizkaitarreko kontsulatu britainiarra berarekin harremanetan jarri ondoren. Oraindik, 1940ko udazkenean, Burgoseko kartzelan zeukan anaiaren, hau da, Juanen oniritziarekin britainiarren zerbitzura zegoen espioitza-sarea eratzen hasi zen, Bilboko Kontsulatuko Dayer jaunarekin eta bere zerbitzariarekin, Ernesto Cassanorekin, harremanetan zegoela. Eusebio Zubillaga errenteriarra Flaviorekin lankidetzan aritu zen. Errenteriarra Gibraltarrera bidali zuten kartzelatik irtendakoan eta britainiarrei informazioa bidaltzen zien, besteak beste, frankistek Gibraltarreko Haitzaren gainean hartzen zituzten neurriei buruzkoa eta naziek egitasmo horietan zuten parte-hartzeari buruzkoa, inguruko gotorlekuei, armamentuaren kalibre eta ezaugarriei, troparen osaerari, ofizial nahiz moralari edo hornikuntzari buruzkoa, etab. 1943an lizentziatu eta Bilbora itzuli zen; bertan, Flaviorekin batera, gerra ekonomikoari zegozkion zereginei heldu zien, eta agente eta industria, enpresa, denda eta sail ofizialetako kolaboratzaileengandik informazioa jasotzen zuen lehengaiak nazien eskuetara hel zitezela ekiditeko asmoarekin. Itsasontziak zaintzen zituzten eta informazioa Londresera helarazten zen. Bereziki wolframioaren kontrabandoa zelatatzen zuten; izan ere, nazien gerra-industrian aleazio berezietarako erabiltzen zuten material estrategikoa zen eta Espainia wolframio ekoizle handia zen.

"Zerbitzuetako" beste talde batek Madrilen egiten zuen lan, baina bere funtzioak batez ere politikan eta enbaxada nahiz alderdiekin ezarritako harremanetan ardazten ziren. Hala ere, Mundu Gerraren garaian, informazio arloan ere aritu ziren, eta aliatuei Afrika iparraldean ezarritako kolonia espainiarrei buruzko datuak ematen zizkien. Joseba Rezolak antolatu zuen talde hori; besteak beste, Koldo Mitxelena, Sabin Barrena, Pello Mari Irujo eta Ander Arzelusen laguntza izan zuen, Poliziak 1946an taldea desegin zuen arte.

Latinoamerika ere "Zerbitzu" euskaldunek Ardatzaren kontra burutzen zuten jardunerako beste gune garrantzitsu bat izan zen, bertan espioi iparamerikarrekin elkarlanean aritzen baitziren. Hain justu ere, Latinoamerikako herrialde ezberdinetan bizi zen kolonia euskalduna benetan garrantzitsua zen eta Europatik ihesean iritsitako errefuxiatuekin sendotu zen. Naziek beraien sareak hedatu zituzten herrialde horietan guztietan; propaganda zabal eta eraginkorra garatzen zuten bitartean, beraien informazio-zerbitzuen egitura ezarri zuten eta baita latitude horietan jarduten ziren itsaspekoen horniketarako euskarri guneen egitura ere. Amerikara heldu zenetik lehendakaria Ipar Amerikako agintariekin harremanetan egon zen eta bere laguntza eskaini zuen herrialde horietan "zerbitzuak" antolatzeko, propaganda naziari kontra egin eta informazio arloan lurralde horietan sar ez zitezen borrokatzeko asmoz. Agirreren bidaiaz profitatuz, 1942an, eta Anton Iralaren eta erbesteratutako beste euskaldun batzuen laguntzaz, lan hori betetzeko beharrezko egitura sortu zuten.

Argentinan Antonio Otsa, Euzkadiko Gobernuaren gerra-ontzidiko intendente ohia, eta bere lagun Tiburcio Ispizua apaiz bizkaitarra ziren bandera espainiarra zuten itsasontziak zelatatzen zituztenak, batez ere Espainia frankistatik Buenos Airesera iristen ziren Ibarra eta Aznar konpainietakoak. Itsasontzi horietan, agente nazi eta frankistek platinoaren kontrabandoan ziharduten, ezinbesteko materiala baitzen gerra industriarako. Material hau Bartzelonara edo Bilbora eramaten zuten. Euskal marinelen laguntzari esker, itsasontzi horien bitartez gauzatzen zen kontrabandoa desegitea lortu zuten; izan ere, Ipar Amerikako Itsas Armadari kontrabandoaren berri eman zioten eta hark egiten zuen itsas garraioaren kontrola Trinidadeko uhartean. Argentinan zegoen talde euskaldunak hondartzak eta kostaldea gauez zelatatzeko zerbitzua ezarrita zuen, agente naziek itsaspekoetatik ezkutuan lehorrera zitezen ekiditeko. Dominikar Errepublikan, Manu de la Sota Eusebio Irujorekin eta Jesus Galindezekin harremanetan zegoen 1940ko hasieratik. Irujo eta Galindez hasiera batean nazien aurkako propagandan aritzen baziren ere, geroago informazio lanetan ibili ziren eta Argentinan Otsak egiten zuen lanaren parekoa egin zuten.

Panaman, jesuita gasteiztar ohi bat, Juan Gonzalez de Mendoza, apaiz euskaldunez osatutako talde batekin batera elkarlanean aritu zen aliatuen espioi-zerbitzuarekin.

Modu berean egin zuen lan Caracasen "Zerbitzuko" atal batek, Garate anaien zuzendaritzapean.

Kolonbian, 1942an Patxi Abrisketak eta Agirre lehendakariak elkarrizketa izan zuten herrialde horretako informazio zerbitzuko arduradunekin. Ipar Amerikarrek Bogotan zuten enbaxadan bildu ziren eta lankidetzan aritzeko akordioa adostea lortu zuten. Herrialde horretan hogei bat pertsona inplikatu ziren Ipar Amerikarren aldeko informazio lanetan. Besteak beste, herrialde horretan lanean aritu ziren Andres Perea, Alberto Fadura eta jesuitez, frantziskotarrez eta karmeldarrez osatutako euskal erlijiosoen talde bat, azkeneko horien artean aita Goiria ere bazegoen. Baina, zalantzarik gabe, Abrisketaren kolaboratzaileen artean famatuena Luis Gomez Lekube izan zen (Getxon 1902an jaioa); Gomez lehendakariaren lehengusu zena, eta gaztetan Amerikara emigratu zuena, bertan modu abenturazalean biziz eta batez ere kontrabandoan lan eginez. Bere lehengusu lehendakariarekin eta Abrisketarekin elkarrizketa bat izan ondoren aliatuei laguntzea erabaki zuen; Kolonbia eta Panamaren arteko mugan kokatutako gune menditsuak eta oihanak zelatatuko zituen, eta baita kostaldeak ere. Hainbat informazio iturriren arabera, berak emandako informazioak Ipar Amerikako ontzidiek Panamako eta Kolonbiako kostaldetan depositua betetzera zihoazen bi itsaspeko japoniar hondoratzea eragin zuen. Itsasontzi eta itsaspeko naziak hornitzen zituzten hegazkinentzako lurreratze-zelai bat aurkitzea ere lortu zuen, Chocoko inguruetan. Hala ere, bere jarduera iluna izan zen eta sortutako polemikaren ondorioz, azkenean, iparamerikarrek haren zerbitzuak eskatzeari utzi zioten. 1946an hil zuten liskar armatu baten ostean.

1943an Iparraldeko biztanleria ia ez zen 177.000 biztanlera iristen. Industrializazioa oso tamaina txikikoa zen. Nekazaritza-inguruetako gizarte guztietan bezala, bere buruari baino ez zion begiratzen, oso gutxi garatu zen eta biztanle gutxi zeuzkan; Ipar Euskal Herriak izaera kontserbadore eta tradizionalista zuen, apaizen eta haien interesen arabera guztia egin eta desegiten zuten handikien presentziak gobernatzen zuen guztia.

Zalantzarik gabe, sistema hori irudikatzen zuen pertsona Jean Ybarnegaray dugu, 1883an Uharte Garazi izeneko herrian jaioa, Donibane Garazitik gertu. Lanbidez abokatua zen, Mauleko diputatu aukeratu zuten lehendabizi 1914an eta gerra hasi zen arte etengabe hautatzen jarraitu zuten. Pelotari ohia eta Euskal Pilotaren Federazio Frantsesaren sortzailea izan zen, eta horrez gain, mugimendu faxista frantsesaren buruzagietako bat bihurtu zen. Lehendabizi Croix du Feu elkarteko kide bilakatu zen eta ondoren De la Rocque koronel aristokratak zuzendutako Parti Social Français (PSF) alderdi ultraeskuindarreko kide bihurtu zen. Gerra Zibila hasterakoan berehala eta buru-belarri jarri zen Francoren zerbitzura eta Agirre eta abertzaleen jarrera gaitzetsi zuen. Armistizioaren ondoren, Petainen gobernu kolaborazionistan parte hartu zuen; bertan zenbait hilabetez 1940ko irailera arte Familia eta Gazteen Ministerioko buru izan zen eta, ikusi dugun bezala, errefuxiatu euskaldunen jazarpenean parte hartu zuen.

Berarekin beste lagun euskaldun eta alderdikide bat eraman zuen, Jean Borotra (1898an Biarritzen jaioa), gerra aurretik Davis Kopa irabazi zuen kirolari bikaina. Borotra Petainen Familia eta Gazteen Ministerioaren baitan Heziketa Fisikoko eta Kiroletako komisario nagusi gisa egin zuen lan. Bi lagunek, kameleoien antzera, azala aldatu zuten azkeneko momentuan naziek jarraika zituztelako, baina aldaketa hori zela-eta, Askapenaren unea iritsi zenean, lankidetzan aritzeagatik zeukaten akusaziotik absolbituak izatea lortu zuten.

Taldea oso txikia eta eragin txikikoa zela uste den arren, Aita Lafitten Aintzina aldizkariaren inguruan biltzen ziren gazteak ezinbesteko erreferentzia puntua izan ziren nazien okupazio garaiko Ipar Euskal Herriaz mintzatzerakoan. Hasierako etapan, Hegoaldeko herrikideen abertzaletasunak izandako loraldiaren eraginez, Aita Lafittek ukitu euskalduna zuen mugimendu tradiziozale eta kristaua bultzatzea pentsatu zuen. Horretarako, besteak beste Dubosq, Aranart, Jaureguiberry anaiekin eta Haztoirekin sortu zuen Aintzina izeneko hilabetekaria, azalean JEL siglak jasotzen zituena. Aldizkaria ahulduz joan zen 1934tik 1937ra arte, eta urte horretan argitaratzeari utzi zioten. Bere ideologia ultrakontserbadore eta ultrakatolikoak Frantziako eskuindarrekin bat egitera bultzatu zuten, eta Ybarnegarayren aldeko boza emateko eta Fronte Popularraren kontra egiteko deialdia zabaldu zuten. Gerra Zibilean neutrala zela aditzera eman zuen eta ez zen bando baten ala bestearen alde lerrokatu. Ondoren, okupazioan zehar, ideologia petainistak aldarrikatzen zuen "eskualdekatzearen" babesean, aldizkaria berriro plazaratzeko ideia sortu zen. Modu horretan, bigarren etapari hasiera eman zitzaion; kolaboratzaile berrien ugaritasuna argitalpenaren aro berriaren bereizgarria izan zen eta norabide abertzaleago baten alde egiteko bultzatu zuten lankide berri horiek, tartean zirela Marc Legasse, Labeguerie anaiek, Pierre Larzabal, Pierre Charriton, etab. Hala ere, taldea zatituta zegoen; alde batetik Petainen pareko beste ideologia erregionalista bat zutenen aurrean ideologia abertzaleagoa zutenak zeuden, eta beste aldetik, lankidetzaren alde egiten zutenak, Lafitte, Andre Ospital edo Larzabal bezala, Erresistentziaren aldeko konpromisoa hartu zutenak. Lehenengoen artean Ustaritzeko Eugene Goyhenetche historialari gaztea zegoen, 1932an Aitzolen eskutik EAJn sartu zena eta Gerra Zibilean Eusko Jaurlaritzaren laguntza lanetako partaide izan zena. 1941eko hastapenean, alemaniarrak berarekin harremanetan jarri ziren Frantzia Okupatuko Administratzaile Militarra zen SS-etako Best doktorearen ekimenari jarraiki eta garaian nazien armadako kide zen Karl Bouda euskalariaren bitartez. Goythenetchek naziek gerra irabaziko zutela argudiatzen zuen, horregatik kontaktu horiek mantendu beharra zeuden; izan ere, euskaldunak bertan egon behar zuten garaipenaren unea iritsitakoan eta ezin zitezkeen berriro ere galtzaileen aldamenean gelditu. Adierazpen haien arabera, kontaktu horiek bizitza asko salbatzeko eta penintsulan errefuxiatutako euskaldunei laguntzeko baliatu zituen, tartean Ciaurnz doktorea bera, EBBko Presidentea (Kanbonen erbesteratuta baitzegoen eta hura kartzelatik ateratzea lortu zuen). Era berean, naziak konbentzitu zituen mugako herrietako biztanleak Alemaniara deporta ez zitzaten, muga "iragazgaitz" bihurtzeko erabakia lehenagotik hartuta bazuten ere. Askapenaren ondoren, epaitu eta lankidetzan aritzeagatik kondenatu zuten. Bere bizitza salbatzea lortu zuen EAJk eta beste zenbait agintari frantsesek egindako negoziazioei esker, baina ez zen kartzelan 37 hilabetez egotetik libratu. Aintzina "kolaborazionismo" ospearekin gelditu zen eta proiektua zenbait denboraz baliogabetu zuten, Europan naziekin lankidetzan aritu ziren mugimendu abertzale txiki guztiekin gertatu zen bezala (ikus Bretainiaren kasua).

Bestalde, gerraren hasierak milaka euskaldun mugiarazi eta fronte desberdinetara bidali zituen. "Drôle de guerre" (Txantxetako gerra) aldiko gelditasun garaiaren ostean, alemaniarrek 1940ko maiatza eta ekaina artean egindako erasoak denbora gutxian garaitu zuen Armada Frantsesa. Armadan sartu ziren milaka euskaldunen amaiera gainerako frantsesen parekoa izan zen. Atzeman eta presoen kontzentrazio-esparruetan sartu zituzten, gatibu-lanak egitera behartu zituzten eta kasu batzuetan baino ez zuten lortu ihes egitea edo etxera itzultzea, zenbaitetan abentura arriskutsuak bizi ondoren. Euskal Herriko herritarren gehiengoarentzat, gerra Alemanian preso zituzten senideak eta ahaideak izan ziren batez ere. Behe Pirinioetako departamenduari zegozkion 13.500 presoetatik, 5.000 Euskal Herrikoak ziren. Bertan ez zen borrokarik egon; izan ere, frontea urrun samar zegoen, eta hortaz, Euskal Herria 1940ko ekainaren 22an sinatutako armistizioaren klausulei jarraiki okupatu zuten. Klausula horien arabera, estatu frantsesa bi zatitan banaturik gelditu zen benetako muga gisa funtzionatzen zuen "zedarritze lerro baten bitartez": alde batean "okupatutako gunea" zegoen, okupazio tropen agindupean eta beste aldean gune ez okupatua, "gune librea" ere deitu zena, Petainen gobernu kolaborazionistaren agindupean. Euskal Herri kontinentala ere marra horren bitartez zatituta gelditu zen eta naziek arretaz zelatatu zuten lerro hura. Arnegin hasi eta Donibane Garazin gora jarraitzen zuen Donapaleura iritsi arte, eta ondoren Saliesetik irteten zen. 1940ko ekainaren 27an Baionara iritsi ziren lehenengo unitate alemaniar motordunak. Hurrengo egunetan Euskal Herriko kostaldetik zabaldu ziren eta barnealdera zuzendu ziren. Aduana alemaniarrean muga kontrolatzeko zeuden tropez eta poliziaz gain, bereziki Gestapoz gain, Iparraldean gelditzen ziren tropa naziak atseden garaian biltzen zituzten beti, horretarako frontetik aldentzen zituztelako edo berrantolaketa garaian zeuden tropak izaten zirelako. Ez ziren herrialdean luzaro egon. Hori Heer edo Lurreko Armadari zegokionez. Luftwaffea edo Aireko Armada 1940ko ekainetik ezarri zen Biarritzeko Parma aireportuan, eta bertan hegan egiten ikasteko eskola sortu zuten. Bestalde, Kriegsmarine edo Itsas Armada Euskal Herriko kostalde osoan zehar zabaldu zen. Baionan Royanen ezarritako Aginte Gorenaren agindu zuzenak jasotzen zituen aginte postua zegoen. Aginte postu horren egitekoetako bat Espainia frankistatik Baionako portura nazien gerra industriarako burdina garraiatzen zuten merkatariei eskolta ematea zen.

Baina gerra eta okupazio urte horietan Euskal Herriaren bereizgarririk nabarmenena bere egoera geopolitikoa izan zen. Izan ere, Euskal Herria bi estatuen arteko muga zen, Espainia frankista alde batetik eta okupatutako Frantzia edo Frantzia "askea" bestetik, Iparraldean hartzen zuen gunearen arabera. Gune "askea" eta okupatuaren arteko banaketa 1942ko azaroan desagertu zen, naziek Frantzia osoa indarrez hartu zutenean, baina bi estatuen arteko mugak bertan jarraitu zuen; horietako bat formalki neutrala zen, eta, era berean, hori zen nazismotik ihesean zebiltzanak derrigorrean ibili beharreko bidea aliatuekin elkartu nahi bazuten, Portugaletik edo, maizago, Gibraltarretik igarota. Horren harira, muga zeharkatzea Iparraldean nazismoaren kontrako Erresistentzia mugimenduaren jarduera garrantzitsuenetako bat izan zen. Kontrabando tradizio luzea zuten, mendiak ez ziren oso malkartsuak eta garrantzitsua zen beste giza elementu bat zegoen: gizarteak ez zuen gaitzesten. Horrek guztiak muga garaiz zeharkatzea eta arin garatzea ekarri zuen. Hasieran judutarrak, poloniarrak eta britainiarrak ziren muga euskaldunean zehar okupatutako Frantziatik ihes egiten zutenak. Geroago, Erresistentzia mugimendu guztiek, informazio zerbitzuak, militarrak etab., Argel edo Londresko agintariekin komunikatzeko edo informazioa, agenteak, armak, dirua, sabotajerako materiala, irratiak, etab. helarazteko zerbitzu egonkor eta seguruak eraikitzeko beharra izan zuten. Ezinezkoa litzateke "mugalari" lanbide arriskutsu horretan jardun ziren guztiak izendatzea edo gainetik ere aipatzea; izan ere, oso sakabanatuta zeuden eta mota askotakoak ziren. Diruagatik soilik jardun ziren pertsonak alde batera utzita, Faxismoaren kontrako espiritu batek bultzatuta jardun ziren eta adibide gisa balio dezaketen batzuk aipatuko ditugu, haien lanagatik dirua jasotzen bazuten ere, kasu askotan horretan bakarrik lan egiten zutelako. Nabarmendu beharra dago, nahiz eta Iparraldean zuten bizitza berrira egokitu (zenbaitetan gertatzen zen bezala) mugalari hauek Hego Euskal Herritik zetozela.

Kasurik ezagunenetako bat Florentino Goikoetxea hernaniarrarena dugu. Hernaniko Altzueta baserriko baserritarra zen, 1898ko martxoaren 14an jaio zen eta Gerra Zibil betean ondoko herrialdera ihes egin zuen eta geroztik Ziburun bizi izan zen. Bere kontrabando jarduerengatik muga zeharkatzen ohituta zegoen, aurki aliatuentzako lan egiten zuten muga zeharkatzeko sareen zerbitzura jarri zen, eta ia-ia lan horretan bakarrik ziharduen. "Cométe" ihes egiteko sareetako bat izan zen, batez ere hegazkinlari aliatuak mugaren beste aldera igarotzen espezializatutako II. Mundu Gerrako sarerik famatuena. Bruselan zeukan zentroaren bitartez funtzionatzen zuen, bertan Dedée ezizenez ezagutzen zen Belgikako emakume gazte langile eta dinamikoak antolakundearen oinarriak ezarri zituen 1941ean. Handik gutxira, Angelun senar-emazte belgikar batzuekin harremanetan jarri zen, De Greeftarrekin. Bikotea bertan bizi zen eta udalarekin elkarlanetan ziharduen inguruan zeuden errefuxiatu belgikarrak laguntzeko, asko baitziren. Berehala Florentino Goikoetxearekin harremanetan jarri ziren eta beraien mugalari ofizial bilakatu zen. Bere laguntzaz, Dedee Bilbora joan zen eta kontsulatu britainiarrarekin lehendabiziko aldiz harremanetan jarri ondoren, sarearen funtzionamenduari eusteko Erreginaren gobernuaren laguntza lortu zuen. Okupatutako Frantziara itzuli aurretik, Donostian Aracama senar-emazteak ezagutu zituen, hau da, Bernardo Aracama eta Antonia Sarasola; biak "Cométen" zerbitzari leial bihurtu ziren. Aracamak Donostiako Peña y Goñi kalean izen bereko garaje bat zuen eta Dedée 1943ko urtarrilaren 15ean atxilotu bazuten ere, Liberazioa heldu arte lanean jarraitu zuen elkartearentzako zerbitzu ordainezinak betez. Naziek 1944ko uztailean, Iparraldean atzera egin baino apur bat lehenago, patruila alemaniar batek Florentino barnealdeko bidaia batetik itzultzerakoan metrailatu zuten, muga igaro berri zuenean. Gestapok Florentino atxilotu eta zaurituta Baionako ospitalera eraman zuten. "Cométeko" kideek amarru bat erabilita hura askatzea lortu zuten. Handik gutxira, tropa naziek penintsulako Euskal Herritik alde egin zuten.

Baina baziren hura bezain nabarmenak izan ziren mugalariak ere. Gogora ekar dezagun laburki Dominische Etchegoyen zuberotarra, armistizioa sinatutakoan desmobilizatu zuten eta Maulera itzuli zen, eta bertan, hasieran, bat-batean muga zeharkatzen hasi zen. Britainiarrekin harremanetan jarri zen eta muga zeharkatzeko lanetan modu aktiboan lan egin zuen atxilotu zuten arte. Oranienburgeko kontzentrazio-esparrura deportatu zuten eta gerra amaitutakoan bere herrira onik itzultzea lortu zuen. Dominische bezala zuberotarrak ziren Eyheramendy anaiak, Santa Graziko Cohurt baserrikoak, eta meritu handiko lana egin zuten 1942 eta 1944 artean. 375 laguni muga zeharkatzen lagundu zieten Binbaleta eta Bellaiko bidexketatik. Gestapok Eyheramendy anaiak atxilotu zituen eta galdeketa egin zieten arren, askatu zituztenean, iheslariei muga zeharkatzen laguntzen jarraitu zuten Askapena heldu arte.

Gabiriako Agerretxemendi baserriko Rufino Jauregi gipuzkoarra bertan jaio zen 1913ko azaroaren 14an eta garaiko beste mugalari bikainetako bat izan zen. Armada frankistako desertorea zen, Frantziara ihes egin zuen eta Kanbon babestu zen. Herri horretan, beste errefuxiatu euskaldun batzuekin batera, Uraldia izeneko baserria alokatu zuen. Garai latzak ziren eta Rufino, bere diru-sarrera urriak areagotzeko, kontrabandoan aritu zen. Aurki inguruetako hotelen aginduak jaso zituen eta zenbait iheslariri Espainiara igarotzen lagundu zien. 1942ko apirilean, bi ofizial frantses harekin harremanetan jarri ziren eta une horretatik aurrera "Alsace" sarean sartu zen. Sare horrek muga igarotzeko izangai gehiago bidaltzen zizkion egunero. Hasieran bakarrik lan egiten bazuen ere, ondoren Kanboko Amestoy anaien laguntza jaso zuen. 1943tik aurrera, SOE (Special Operations Executive) britainiarraren agindupean zegoen "Buckmaster" sarean ere lanean hasi zen (Manu Robles-Aranguiz solidarioaren lagun zen Rufino Jauregi Beskoitzen zuen baserrian bizi zen, Kanbotik gertu eta berarekin harremanetan egon zen). Gestapoa Rufinoren bila ibili zenean solidarioaren etxean babestu zen denboraldi batez. Azkenean, Rufino Jauregi eta bere lagun Amestoy anaiak onik atera ziren abentura hartatik eta guztira 400 pertsona inguru lagundu zituzten muga igarotzen.

Muga zeharkatzea ez zen izaten, ordea, nazismotik ihesian zeuden iheslarien abenturaren alderik zailena. Espainian frankistan zeudela, Guardia Zibilak gehienak atxilotzen zituen eta hasieran berriz alemaniarrei ematen zizkieten. Geroago, gerrako egoera aldatu ahala, atxilotutakoak Iruñeko kartzelara eraman zituzten; bertan egoera deitoragarria zen. Ondoren, tamalez famatua zen Miranda Ebroko kontzentrazio-esparruan sartzen zituzten, eta bertan euskaldun kolonia handia zegoen. Agintari aliatuek gutxika pertsona horiek erreklamatuz eta askatuz joan ziren.

1942an Euskal Herrian eragina izan zuten aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren arlo politiko eta militarrean. Abuztutik Hitlerrek Norvegiatik Hendaiara gotorleku handiak eraikitzea erabaki zuen, kostalde atlantikoa aliatuen balizko lehorreratze batetik babesteko asmoz. Hitlerren egitasmoek bete-betean hartu zuten Euskal Herriko kostaldea eta aurki blockhaus ugari eraikitzen hasi zen. Gaur egun, oraindik ikusgai daude eta "Harresi Atlantikoa" zeritzona osatzen zuten. Bestalde, Derrigorrezko Lan Zerbitzua (STO) ezartzearen ondorioz gazteak erbesteratuak izateko mehatxu larriaren menpe zeuden, eta horrek muga zeharkatzen zuten iheslari kopurua ugaritzea ekarri zuen. 1942ko azaroan, aliatuak Afrika iparraldean lehorreratu ondoren, Hitlerrek "gune askean" indarrez sartzea erabaki zuen; beraz, Frantziako lurralde guztiak gainerako Euskal Herriarekin bat egin zuen zedarritze lerroa desagertzean. Alabaina, naziek 15 kilometroko sakonera zuen muga sortu zuten eta bertan bizi zirenak baino ezin ziren han sartu. Gunea "Pirinioetako gune erreserbatua" izenez ezagutzen zuten. Aldi berean, Euskal Herriko kostaldea neurri militarren barruan sartuta zegoen eta "kostaldeko gune debekatutzat" jo zuten. Horrek guztiak lekualdatzeak oztopatzen zituen eta igarotzeko eskaera handitu egin zen, batez ere gerrak aurrera egin ahala.

Iparraldean gerra jarduera handirik egon ez bazen ere, gerraren presentzia nabarmena zen. 1940tik erresistentzia edo protesta ekintzak izan ziren. 1942tik aurrera hegazkin bonbaketa britainiarren aire erasoak jazo ziren, eta Flakek (DCA) eraso egin eta batzuetan suntsitu ere egiten zituzten. 1944ko martxoaren 27an hegazkineria iparamerikarrak Biarritz eta Angelu bonbardatu zituen Liberator hegazkinetan, eta jomugak Parma aireportua eta trenbide geltokia ziren. Hala ere, biktima gehienak zibilak izan ziren: 90 hildako Biarritzen eta 41 Angelun. Hori izan zen Iparraldean gerra osoan izandako gertaerarik tamalgarriena.

1943an zehar, Erresistentzia mugimenduak sendotu egin ziren eta horien helburua koordinazioa eta batasuna lortzea ziren, Londrestik bultzatutako mugimendu baten bitartez. Urte horretan, Behe Pirinioetako Erresistentziako hiru taldek (Combat, Franc-Tireur eta Libération), De Gaullek zuzendutako CNR ( Conséil National de la Résistance) programaren inguruan bilduta zeuden MUR ( Mouvéments Unis de Résistence) taldearekin bat egin zuten. MURek beraien talde armatu antolatuak zituzten l'Armée Sécréte-en (AS) baitan, eta Tolosan (Okzitania) bere zentro nagusia zeukan R4k (Réglon 4) zuzentzen zuen. R4 horretan Zuberoako As taldeak sartuta zeuden, horien arduraduna De Jaureguiberry zen. Euskal Herriko kostaldean talde autonomo bat osatu zuen.

Baina, gune horretako talderik indartsuena, modu onenean antolatuta zegoena eta armamentu gehien zeukana ORA zen, (Organisation de Résistance de L'Armée). Alemaniarrek "gune askea" okupatu zutenean, Erresistentzian parte hartzea erabaki zuten militar profesionalez osatuta zegoena. ORAko bultzatzaile nagusia Pommies teniente koronela izan zen, Estatu Nagusiko ofiziala, Tolosan egoitza zeukan 17. Eskualde Militarreko Dibisiora bidali zutena.Hasiera-hasieratik armatutako talde klandestinoak antolatzen hasi zen "D" eguna antolatzeko asmoz, eta talde horiei Corps-Francs Pommies izena eman zien. Pommiesen indarrak biltzen zituzten lau taldeetatik, Benoy kapitainaren aginduetara zegoen Sud-Ouestekoak, Behe Pirinioak, Pirinio Garaiak, Landes, eta Gers-Sud hartzen zituen eta bere jurisdikzioaren barruan sartu zituen Zuberoan eta Biarnoko mugaren inguruan ziharduten talde armatuak ere. Erdibidean, informazioan lan egiten zuten Erresistentzia taldeen eta zuzeneko ekintzetan ziharduten taldeen arteko jarduera gauzatzen zuen taldea zegoen, Pierre Fort taldea, Confrérie Notre-Dame Castille izenez ere ezagutzen zena. Taldeko irudi nagusia Pierre Fort zen, 1899ko apirilaren 28an jaiotako baionarra, agente-komertzial gisa ziharduena, eraikitzeko materialen arloan. 1941ean Berge kapitainarekin harremanetan jarri zen lehendabiziko aldiz, hura lurralde frantsesera bidalitako "Frantzia Askeko" lehenengo komandokoa zen.Londrestik jasotako laguntzarekin informazio talde bat antolatu zuen, eta haien jarduera-esparrua Bordeletik Hendaiara zabaltzen zen. Londresera bidali zen hasierako txostenetako batek Baionako portuari buruzko informazio zabala jasotzen zuen. Fort taldeak sabotaje taldeei harrera egiten eta horiek babesten laguntzen zuen; adibidez, 1941ean Bordeleko itsaspekoen base alemaniarra elikatzen zuen Pessaceko zentral elektrikoa leherrarazi zuen "komandoaren" kasuan. Pierre Fort Combat gune okupatuan zeuden taldeen arduradun izendatu zuten 1942tik aurrera eta, aldi berean, De Gaullen aginduetara eta Remy koronelak zuzendutako Confrérie Notre-Dame informazio sarean sartu zen; informazio lanetan jarduteaz gain, Espainiara igarotzeko prozesuak antolatzen zituen. Geroago, gune euskalduneko AS taldeko buru izendatu zuten eta "D" eguna prestatu behar zuen Matxinada Batzorde Politikoaren arduradun ere izendatu zuten. Okupazioaren amaieran Paue eta Baionaren arteko kontaktua mantendu zuen eta lan politikoez, sabotajeez eta arma nahiz lehergaiak garraiatzeaz arduratu zen.

Bere lagun Daniel Argotek (hau ere Baionakoa), lanbidez irakaslea zena eta Biarnoko Orthezetik gertu zegoen Sallespise herrira bidali zutena, modu aktiboan hartu zuen parte guneko makiekin. 1944ko abuztuaren hasieran naziek jarritako zelata batean hil zen, Liberazioa baino apur bat lehenago. Erresistentzia talde hori, "CND- Castille", Biarnoko eskualde euskaldunean zeudenen artean aktiboenetako bat izan zen. Taldearen ezaugarri nagusietako bat, bere partaideak Biarnoko eta Euskal Herriko masoneriako partaideak izatea zen, eta izaera demokratiko eta humanista batek bultzaturik nazien kontrako borrokaren zerbitzura jarri izana.

1944ko hasieratik aurrera, ORAko ordezkariek eta Zuberoako nahiz Biarno inguruko Aseko ordezkariek zenbait batzar egin zituzten etortzear zen lehorreratzearen inguruko ekintzak koordinatzeko asmoz. Iparraldean ekintza armatua oso garrantzitsua izan ez bazen ere, bertatik, bereziki Zuberoatik, maki txiki batzuk jardun ziren, eta aipatu beharra dago, zalantzarik gabe, talderik garrantzitsuena eta aktiboena Maule eta Hôpital Saint-Blaisen inguruan, Biarnoko mugan ezarri zela. Bertan 1943an Donostiako kontsulatu britainiarrarekin harremanetan zegoen 15 pertsonaz osatutako talde txiki bat aurki zitekeen. Frantzia Askeak Madrilen zeukan egoitzako ordezkariekin ere harremanetan zeuden eta dirudienez, azken hori ORAren baitan antolatuta zegoen. Badakigu 1943ko irailean Donapaleuko ASetako talde batekin batera Gurseko kontzentrazio-esparruaren aurkako kolpea antolatu zuela eta arma ugari eskuratu zituztela. 1944an naziek Maule-Hôpital Saint-Blaiseko inguruan zenbait eraso eta zigor-operazio gauzatu zituzten, hainbat gerrillari hil eta beste zenbait pertsona preso hartuz.

Euskal Herrian borroka armatua horren mugatua izatea azal dezakeen arrazoia STOtik eta nazien jazarpenetik ihesian zeuden gazteak maki bilakatu eta Euskal Herrian, Espainiara erraz alde egiteko aukera izatea zen. Bestalde, aliatuen informazio eta espioi zerbitzuen interesek mugan lasaitasuna mantentzea gomendatzen zuten, muga zeharkatzea zaildu ez zedin.

1944ko ekainean aliatuek Normandian gauzatutako lehorreratzearen ondoren, naziak Frantzian defentsiban jarri ziren halabeharrez. 1944ko abuztuaren 15ean Proventzako hegoaldeko lurmuturrean burutu zuten bigarren lehorreratzeak hego-mendebaldeko tropen erretreta bultzatu zuen eta iparraldera jo zuten harrapatuta gelditzea ekiditeko. Abuztuko bigarren hamabostaldian naziek Pirinioetako ingurutik presaka ihes egin zuten, eta talde armatuak, bitartean, matxinada orokorrean zeudela, naziak gertutik erasotzeari ekin zioten. Zenbait soldadu-taldek Maulen eta Atharratzen jarraitu zuten. Abuztuaren 10ean, ORAko Corps-Francs Pommies taldeko makiek (Lavalou batailoiko nagusia arduraduna zela) Bildozen konboi alemaniar bati eraso egin zioten Mauletik irteterakoan. Ondoren, alemaniarrek errefortzuak jaso zituzten eta inguruko AS taldeak borrokan sartu ziren. Zenbait istiluren ostean, Atharratzeko soldadu-talde alemaniarrak amore eman zuen abuztuaren 23an. Hala ere, hori izan zen Euskal Herri kontinentaleko askapenean gertatu zen arma ekintza nagusia, eta 1944ko abuztuaren 22 eta 24 artean bukatu zen. 24an, arratsaldean, Mauletik, Nabarrengosetik, Kanbotik etab. etorritako erresistentziako kideak Baionan sartu ziren. Hala ere, Iparralde askatu bazuten ere, gerrak zortzi hilabete gehiago iraun zuen eta euskaldunek (oraingoan hego Euskal Herrikoak) parte hartu zuten, herrialdea okupatzen zuten azkeneko nazien gotorlekuak hustuz ia erabat askatuta zegoen Frantzian.

Atal hau euskaraz lantzen ari gara. Laster eskura izango duzue.