Kontzeptua

Gobernantza Euskal Herrian

Gizateriak aldaketa garrantzitsuak jasan ditu, globalizazioaren ondorioz are nabarmenagoak direnak. Hori dela eta, teorialariek politikak etorkizunean izango duen garrantziari buruzko eztabaida sakona bultzatu dute (Vallespin, 2000). Testuinguru horretan, mendez mende politikaren garapena menderatu duen lehentasunezko esparruaren geroa izan da gogoetagai kritiko sakonetako bat. Estatua.

Hala, Estatua izan da eta da egiturazko esparru gailena. Esparru horretan, politikaren barnean (ekintza kolektiboari esker) hainbat prozesu garatzen dira eta haien arabera era bateko zein besteko emaitzak izaten dira. Horren ondorioz, fenomeno politikoak jorratzerakoan hura nola gauzatzen den kontuan izateaz gain, batez ere, egiturazko esparru jakin batean sortzen diren aurretiko prozesuak hartu behar dira kontuan. Horrenbestez, politika egiturekin, prozesuekin eta emaitzekin gauzatzen da (Valles, 2000).

Tradizionalki, Estatua izan da egitura gisa ulertzen den politikaren irudikapen argiena. Eta bere eginkizuna boterearen ikuskera klasiko batekin lotu izan da, batura zero den joko gisara, izaera hierarkikoa duena eta gobernuaren kontzeptuarekin identifikatzen dena (Maynz, 1999). Dena den, horri buruzko azterketa berriagoek agerian uzten dituzte boterearen ikuskera horiek dituzten mugak, "-ren gainean" dimentsioan soilik oinarritzen baitira (bata bestearen gaineko boterea, boterea gobernu lez ulertua). Modu horretan, errealitatearen formula konplexuagoak ageri dira, boterearen ikuspuntu alternatiboak hautematen direlarik. Bereziki harremanezko ikuskera batean oinarritzen direnei dagokienez, boterea "-rentzako botere" gisa ere ulertzen duena. Ikuspegi horretatik, boterea gizarte guztian banaturik dago, nahiz eta, jakina denez, banaketa hori ez da berdintasunean oinarritutako banaketa bat.

Egiaz, eztabaida horien atzean gero eta konplexuagoa den errealitate batek sorrarazten duen zalantzari aurre egiteko beharra ezkutatzen da, izan ere, jokamolde politiko klasikoek irtenbide eraginkor gutxi samar eskaintzen dituzte. Horren ondorioz, ezinbestekoa suertatzen da kontzeptu politikoei buruzko beste gogoeta bat egitea, malgutasun eta dinamismo emanez. Hain zuzen, horrela azal daiteke gobernuaren kontzeptu klasikoaren sostengu izango den termino berri baten premia: gobernantza.

Morataren arabera (2002), badirudi argi eta garbi dagoela konplexutasuna ezaugarri duen testuinguru batetik gertuago gaudela. Konplexutasun horren eragina gizartearen errealitatean, administrazioaren errealitatean, errealitate teknikoan, merkatuen errealitatean, gizarte-balioetan eta bizi-estiloetan ere nabaritzen da. Ildo horretatik:

"instituzio formalek, esate baterako, parlamentuak edo exekutiboak gero eta zailtasun gehiago dute konplexutasun hori eraginkortasunez kudeatzeko. Badirudi instituzio demokratikoak erabakiak hartzeko erantzukizun handienaren jabe direla. Hala ere, gero eta eragin gutxiago eta zuzentzeko gaitasun gutxiago dute baliabide eta konpetentzia teknikoen gabeziak eraginda, baina baita gobernuaren agendan pilatzen diren gero eta arazo gehiagoen eraginez, esate baterako, langabezia edo gizarte-bazterketa handiagoa, zerbitzuen premia handiagoa edota teknologien berrien premia, eta osasunaren nahiz ingurumenaren kudeaketa" (Morata, 2002:1); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Gogoeta horiek egin eta 6 urtera, ziur aski, elementu gehiago sar genitzake zerrenda horretan burua gehiegi nekatu gabe: pandemiak, crack finantzarioak, ingurumenaren urritzea...

Arazo horien eraginez gizarteko sektore ugari mobilizatu egiten dira, sarritan kontrako interesak dituztenak. Horren ondorioz, erdibideko eskakizunak egiten dira eta sistema politikoari bideratutako eskakizun gehiago (inputak) sortzen dira.

Testuinguru horretan, arlo publikoa kudeatzeko moduen bilakaerari erreparatuz gero, egun Estatuko funtzio tradizionalak berregituratzeko prozesua batean murgildurik gaudela ikus daiteke. Alde batetik, irudik luke:

"aginduzko esleipena, zuzendaritza hierarkikoa eta prozesu politikoen ordez arautze modu berriak barneratu direla, negoziazioan eta koordinazioan oinarritzen direnak eta, are, baita autorregulazioan ere" (idem); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Negoziazio, koordinazio eta autorregulazio horri esker eragindako eragileen jarduketa-eremua zabaldu egin da, hala, arduradun politikoak estrategia horien barnean aldez aurretik sakabanatuta eta, are, elkarren talkan ziren baliabideak mobilizatzen saiatzen dira beste eragile publiko eta pribatu batzuengan. Testuinguru horretan:

"arlo publikoaren eta arlo pribatuaren arteko mugak gero eta lausoagoak dira eta negoziazioan eta trukean oinarritutako esparru elkarlotu ugari sortzen dira, eta esparru horietan (...) agintariek enpresari politiko gisara jarduten dute" (idem); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).