Kontzeptua

Generoen arteko aldaketak jaietako janzkeretan

Zuberoako pastoraletan, tradizionalki, gizonezkoek jokatzen zituzten paper guztiak, baita emakumezkoenak ere, harik eta XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera arian-arian emakumeek lehenik paper haiek eta gerora bestelakoak ere protagonizatu dituzten arte. Berdintsu gertatu da hango inauterietan: lehenik "maskarada gorrikoak" (jantzi dotoreko dantzari ikusgarriak), azkenik baita pertsonaia zikin, zakar, lizun, lohiek osatutako "beltzekoak" ere. Fernandez de Larrinoak aztertu du prozesu hau.

Jai giroko erritual askotan emakumeen partaidetzaren aurka azaltzeko argudiorik erabilienetako bat izan da, eta oraindik ere bada, "gizonez mozorrotuta" agertzen direnekoa. Donostiako Danborradaren kasuan, adibidez, urketarien egitekoa "sortu" zen emakumeen partaidetza bermatzeko, tradizionalki jantzita (betiere janzkeraren kontzeptu folklorikoagoan, historikoan baino), zeren eta XX.eko 70eko hamarkadan oraindik emakumeak XIX. mendeko soldaduen uniformez jantzita agertzea "gogorregi" egiten baitzitzaien gehienei, kantineraz jantzita ez bazen. Sukaldariaren jantzia berenganatzea ere poliki-poliki egin da, nahiz eta emakumezko sukaldariek eramango ez zuten arropa bakarra galtzak izan, gonaren ordez... gehienetan biak ala biak mantal handiak estalita. Haurren Danborradan, hamarkada luzetan, paper "maskulinoetara" egokitu ahala, "emetasuna" ezkutatzeko eskatzen zitzaien neskei: ilea bilduta, belarritakorik ez, makillajerik ez, eta abar.

Segur aski, XX. mendearen bigarren erdialdeaz geroztik janzkera erabat maskulinoak izandakoak, galtzak batez ere, emakumeek bere egitearekin batera, lagundu egin du janzkera tradizionaletan ere berenganatzen. Tolosan, non San Juan eguneko Alardean emakumeek 1996ko Bidasoaldeko aldarrikapen berdinzaleen aurretik parte hartzen duten, batzuek gonak eramaten dituzte.

Agian, kasu batzuetan "maskulinotasuna" arropatan baino gehiago, bestelako osagaietan zetzan; hala nola, armetan. Horrek azal dezake hein batean Irun eta Hondarribiko Alardeetan berdintasunezko partaidetzak eragin duen kontrako erreakzioa, zeren eta hamarkadak baitira emakume tradizionalista asko ikusle modura galtzak eta txaketak jantzita doazela, goian aipatutako jantziez gain, eta inork ez du inoiz argudiatu "mozorrotuta" doazela. Kantineraren soinekoa ere ez da trabestismotzat jotzen, jatorriz militarra eta beraz gizonezkoena izan arren, apika kasakak, galoiak galoi, gehiago gorrontza dirudielako, eta bonbatxozko galtzak tolesdun gona zabalak ia zeharo estaltzen dituelako.

Pertsonaia folkloriko beraren pertzepzioa ere denboran zehar alda daiteke. Kantinerarena adibide ezin hobea da, XIX. mendearen eta XX.aren lehen erdialdera arte maiz gutxietsia izatetik bigarren erdialdean gero eta ospe gehiago izatera eta batik bat 1996az geroztik gorazarrea egin arte, behintzat emakumeen partaidetza berdintasunezkoari uko egiten diotenen aldetik. Hondarribian (Gipuzkoa), "soineko erabat militarrez" ongi jantzitako suzko armadun emakumezkoen konpainiak, zaldizkoak eta guzti, dokumentatuta daude, 1701ean Felipe V.a erregeri omen egiteko eta 1745ean Maria Teresa Antonia infantari agur egiteko. Kontuan hartuta orduan alarde hitza gehienbat uniformerik gabe eta zaldizkorik gabe gizonezko herritarren derrigorrezko arma-erakustaldiak izendatzeko zela, ohorezko desfile haiek gehiago dirudite ekitaldi folklorikoak ezen ez militar hutsak. Emakumeek uniformedun armadetan parte hartzen ez zuten garaian "soineko erabat militarra" zertan zen jakin gabe ere, interesgarria da aztertzea nolako pertzepzio aldaketa eman den emakumezkoen konpainia haien inguruan. Lehenago "bitxia" (Arizmendi: 1976) zena, 1996az geroztik hain da onartezina da ezen halako dokumentazioa izan zenik ere ukatu eta datu haiek gezurtzat hartzen baitira.

Genero kontuaren mamia, bada, ez datza janzkeraren egokitasunari buruzko eztabaidetan, ekitaldian bertan, edo bertako egitekoan baizik; alegia, gizonezkoei edota emakumezkoei ote dagokien. Emakumeen partaidetza Baztango mutil-dantzan adibide ona da. Dena den, Legazpiko ezpata-dantzan edo Eibarko soka-dantzan emakumeek emakumezkoen janzkera tradizionalarekin egin izanak, beharbada, lagundu du onespen orokorra jasotzen. Egia esan, kasu berbera da Baztango beste mutil-dantza batena, hots, sagar dantzarena, hamarkada asko baitira emakumezkoek dantzatu ohi dutela, agian mugimendu delikatuak eta eskaintzazkoak dituelako, errepertorio bereko beste mutil-dantzek ez bezala. Emakumezkoen partaidetzak oztoporik bilatu ez duen tokietan; aitzitik ere, gainbehera edo sektore batzuek kuestionatuta zeuden ekitaldietan, Antzuolako Mairuaren Alardearenean adibidez, janzkera ez da genero-irizpide tradizionalen arabera planteatu.