Kontzeptua

Generoen arteko aldaketak jaietako janzkeretan

Jaietako janzkeraren generoen arteko aldaketa/transgresiotzat hartuko dira tradizionalki beste sexuari dagozkion arropa edo osagaiez jantzitako gizon edo emakumeen kasuak, erritozko jaietan betiere. Halako trabestismoak zeharo barneratuak eta erritualaren parte izan daitezke, edo errealitate berri baten emaitza, duela gutxi arte gizonak baino ez zeuden jai giroko erritoetan emakumeek parte hartzen dutenean sarritan gizonezkoek tradizionalki zeramatzaten janzkerak baliatzen dituzte eta.

Trabestismorik ohikoena eta onartuena inauterietan gertatzen da. Tradizionalki, gizonezkoak (inauteri gehienetan emakumeek ez zuten aktiboki parte hartzen), normalean gazteak, mozorrotu egiten ziren, eta askotan emakumez. Emetasunaren usurpazio haiek maiz emakumeak barregarri agerrarazteko egiten ziren, eduki matxista zuten kanta eta bertsoekin batera izan ohi ziren eta: birjintasun eskakizunak eta halakoak; adibidez, Garmendiak, inauteria kari, Nafarroako herrietan jasotako kopla anitzetan. Julianoren ustetan, inauterietan gizon gazteak hala agertzea gazteentzako pasabide-erritoek eta umeentzako ikasbideek zilegi egiten duten gizonezkoen gailentasuna berresteko eta emakumezkoen azpiratzeari eusteko baliabidetzat interpretatu behar da.

Genero transgresioak bat-batean asmatutako mozorroen edo tipifikatutako pertsonaien bidez agertu ohi dira. Esaterako, Zalduondon (Araba), gizon batek hezurmamitzen du "atsoa", aldi berean agure baten itxurako panpina bizkarrean daramana. Donostiako kaldereroen konpartsa batean, gizonezkoak emakumez ere mozorrotzen dira, eta emakumeek ez dituzte paper batzuetan ametitzen, ezta emakumez jantzita ere; beste konpartsa batzuek, ordea, gizonak eta emakumeak edozein paperetan onartzen dituzte. Zuberoako maskaradetan, aldiz, non tradizionalki gizonek baizik ez zuten parte hartzen, XX. mendeko 70eko hamarkadatik aitzina emakumeak "emakumezkoen" paperak (kantiniersa, anderea ...) protagonizatzen hasi ziren, harik eta azkenean guztiak protagonizatu dituzten arte. Irunen eta Donostian, "iñude eta artzaien" konpartsetan, lehenak emakume dira eta bigarrenak gizon; baina Beran, Nafarroan, paperak alderantzizkoak dira.