Kontzeptua

Generoen arteko aldaketak jaietako janzkeretan

Ez da harrigarri aurkitzea tradizionalki emakumezkoenak izandako jantziak gizonezkoen janzkeretan zenbait dantza eta erritualetan. Baina halakoak ez dira generoen arteko aldaketatzat jo ohi; aitzitik ere: Bidasoaldeko inauterietan, eta ez soilki gaur egun ezagunenak diren Ituren eta Zubietako joaldunen artean, mutilek azpiko gonak galtzen gainetik gehitzen zizkieten beren mozorroei: familiako emakumeek edo andregaiek utzitakoak izan ohi ziren. Halaber, Mundakako (Bizkaia) inauterietako "atorrak" (gonak eta buruetan bururdi-azalak ere daramatzate) deitutako gizonezkoek familiako emakumeek egindako parpaila dotoreak erakusten dituzte. Oñatiko Korpusean, dantzari batzuek gonatxo bat daramate galtzen gainean, Europako folklorean sarritan aurkitzen den bezalaxe. Jira-birak ikusgarriago egiten dituzte. Beharbada, behialako atorra luzeen azpikoen ordezkoak dira, dantzari batzuek oraindik orain horrelakoak eramaten jarraitzen dute eta. Iztueta dantzari eta koreografoak, ezpata-dantzarien janzkeraz ari zela, ez zituen gonatxoak aipatzen, baina bai zioen: Gipuzkoako ezpata dantzari ondrosoen soñekoak, ain egokiak eta txukunak oi ziraden, non, berakin apaindurik dantzara irtetean, irudin oi zuten airean zebilzala egaztien gisa.

Kontrako kasua litzateke alardeetako eta gerora beste desfile batzuetako kantineren edo antzeko emakumezkoen txapela. Jatorriz gizonezkoena, kantineren uniformeei gehitu zitzaien Bigarren Karlistadan, eta geroago haien traje folklorikoei. XX. mendearen erdialdeaz geroztik jaiegunetan kolore zuria, gorria eta beltza herritar guztiei zabaldu zitzaizkielarik, ohikoa da Bidasoaldeko alardeen ikusle askok, emakumezkoek ere bai, txapel, lepoko zapi eta gerriko gorriak janztea, egunerokoan erabiltzen zirenean kolore ilunekoak eta gizonezkoenak izanagatik.