Kontzeptua

Euskal zuzenbidea

Euskal zuzenbideak beraz eremu juridikoaren adierazpen guztiak estaliko lituzke, Euskalerrian gertatzen diren zuzenbide adierazpenak; jurisdikzio ezberdinetan eta gizartearen azpitalde ezberdinetan, ez bakarrik zuzenbide idatzia eta ofiziala, Euskadin sortzen diren arau juridikoak, baina baita praktika juridikoa ere; ez bakarrik zuzenbide ofiziala, baina adierazpen araukor guztiak, gatazka sozialaren eta elkarbizitzaren inguruko arauak eta praktikak.

Euskalerrian zuzenbideak konplexutasuna dauka; eztabaidagarri izan daiteke zein puntutaraino den anitza; aniztasun juridikoaren definizioaren arabera izango da hori. Jatorri eta Iturrien arabera, arloen arabera, eskuduntzen arabera, praktikaren ikuspegiaren arabera, hiritarren zuzenbideari buruzko iritziak, lantalde juridikoen eraketa, azken batean, kultura juridikoa bera kontutan hartuta, oso konplexua da: ordenamendu juridiko ezberdinak baliozkoak dira aldi berean Euskal lurraldean, eskuduntzen printzipioaren arabera, bakoitzak bere aplikazio eremu eta problematika sorta propioa duena: foru zuzenbidea, euskal zuzenbide publikoa, espainiar zuzenbide administratiboa eta espainiar zuzenbide pribatua eta zuzenbide penala, europar komunitateen zuzenbidea, nazioarteko zuzenbidea. Aniztasun juridikoa baldin bada galdera juridiko baten inguruan zuzenbide batek baino gehiagok ematea, zuzenbide auzitegi ezberdinak egotea, eta erantzun horiek bateraezinak izatea, agian oso modu mugatuan bakarrik gertatzen da aniztasuna. Baina iturri ezberdinetako eta lehian dauden erantzun juridikoen identifikazio gisa, batez ere gatazken aurrean, soluziorako aukera alternatiboren bat uzten dutenak, horren arabera ulertzen bada aniztasuna, huraxe ezin uka: soft law fenomenoak, merkatarien nazioarteko ohiturazko arauak, arau sozialak, arlo askoetako buru-arauketa.

Zuzenbideak Euskalerrian duen konplexutasuna ikusita, gai edo arazo sorta bat proposa dezakegu euskal zuzenbidearen ezaugarri eta ardura berezi bezala. Again ez da izango euskal sistema juridiko osorik, bere batasuna eta autonomiarekin, baina badira kezka berezi batzuk, Euskalerrian pisu eta leku berezia hartzen dutenak, eta akaso piskanaka piskanaka euskal kutura juridikoaren azia lirateke. Ez dira euskal zuzenbidearen kezkak, baina euskal gizartearen kezkak, besteren artean, baliabide juridikoen bitartez ere argitzeko asmoa.

Hona horietako batzuk: elebitasun egoera, hizkuntza gutxiengotuen statu ofizialkidea ta zuzenbidearen errola euskerarekiko; konstituzio status baten bila egotea, egungo Espainiar konstituzio statusarekiko ernegatzea; gobernantzaren kultura administrazio maila ezberdinen arteko lankidetza beharrrezkoa egiten duena; Europa mailan erregioen errola lantzearen aldeko apostua, hirugarren status berezi baten bila abiatuz; zerga mailako subirautza sendotu eta Europar testuinguruan tinkatzeko grina;, mugazbestaldeko harremanetarako formula egokiak bilatzea euskal lurralde guztien arteko elkarlana bideratzeko asmotan eta mugaren bi aldeetan bizi diren hiritarren mesederako zerbitzuen hobekuntzari begira; kooperatibak, ekonomiako sozialeko formulak eta hauen bultzada; lan harremanen esparru baten eraikuntza; zuzenbide zibil berezien eguneratzea, kooperatiben eta ekonomia sozialeko formulen esploratzea; biolentziak eta terrorismoak sortu duen kalte soziala; terrorismoaren aurkako borrokak sortzen dituen kezkak; nazioarteko garapenerako laguntza eta elkarkidetza asmoak, etab.

Gai hauen inguruan horrelako kultura politiko, ekonomiko eta juridiko bat sortuz doa eta hauekin batera akaso praktika sozial bat ere bai, agian hemendik urte batzuren buruan euskal zuzenbidearen hastapena daukagu. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago eukal epailego propiorik gabe nekez garatuko dela horrelako kultura juridikorik agerian. Euskal botere judizialik ez dago, eta euskal epaileak Euskadin dauden epaitegi eta auzitegietan gehiengoa izan arte, soziologikoki ere nekez sortuko da horrelakorik. Abokatuok, jurista teorikook sortzen joan beharreko asmoa da euskal kultura juridikoarena, eta beraz euskal zuzenbidearena; eta ez bakarrik euskararen lekukotzagatik, baina batez ere kezka eta galdera horien guztien sentiberatasun berezia sortzen lagundu dezaketelako. Bitartean euskal zuzenbide eta euskal kultura juridiko hori sortzen laguntzeko erakunde ezberdinen - Jaurlaritzaren, Arartekoaren, Legebiltzarraren, Aldundien eta Batzarren, Unibertsitateen, Eusko Ikaskuntzaren eta antzek erakundeen, Abokatuen Kolegioen, euskal epaileen - artean Zuzenbide Akademia sortzea ez litzateke gutxi izango: historia, praktika juridikoa, garapen doktrinala, ohituraren lantzea, eskubide historikoen eguneratzea; foru zuzenbideen sistematizatze... helburu eduki zezakeena.