Kontzeptua

Euskal zuzenbidea

Zuzenbidearen ideiaren edo kontzeptuaren inguruan hainbeste teoria dago ezen alperrikakoa bilakatzen dela dauden teoria guztiak azaltzea; are gehiago sinkretismoari bide eginez, horrelako teoria konbinatua egitea, edo amankomuneko gutxienekoa ateratzea. Zuzenbidearen ezaugarri nagusi bat araukortasuna da. Zuzenbidea ez da arau sistema bakarra, jakina; horra hor morala edo politika bera, baina zuzenbidea arau sistema bereziki instituzionaldua edo eratua da. Arau juridikoak iturri edo jatorri ezberdinetakoak izan daitezke, baina guztien atzean praktika sozial bat egongo da. MacCormick-i jarraituz zuzenbidea ordenamendu araukor instituzionala da.

Gaurregun zuzenbide iturri paradigmatikoa legea da; berau zentzu zabalenean ulertua. Arau idatzizko hauen ondoan, ez-idatzia ere badira: ohiturak -historikoki zuzenbide iturri nagusia izan dena eta hainbat zuzenbide arlotan oraindik ere garrantzi handikoak direnak- eta zuzenbidezko printzipio orokorrak, identifikazioaren aldetik zailtasun eta buruhauste handiak jartzen dizkigutenak. Identifikazioa bilakatzen da arau sistemaren edo zuzenbidearen eginkizun nagusi bat, suposatzen baitu zuzenbide bati zein arau dagozkion jakitea badugula eta arau bat baliozkoa noiz den. Arauaren baliozkotasuna eta existentzia bera antzeko arazoa da.

Baina identifikazioa eginkizun juridikoa izateaz gain, praktika soziala ere ba da, eta egintza hori ez da neutrala: juristok, irizpide jakin batzuk jarraituz arau berriak proposatuko dituzte, geroxeago araugileek formalki onartuko dituztenak. Egindako arauak sistemaren arabera sailkatzea eta finkatzea ere juriston eginkizuna da, ezagutza edo birrezagutzako irizpideak eta interpretazio teknika bereziak jarraituz. Beraz zuzenbideari juriston praktikak hein handi batean batasuna -bat izatea, eta batua izatea- ematen dio. Zuzenbidea ez dago berez sistema bezala osatuta edo eginda; praktika sozial baten ondorioz sistematizatu egiten da; baina zuzenbidea bera sistema bezala ulertu egiten da. Zuzenbidea ulertzeko praktika soziala aztertzea ezinbestekoa zaigu beraz eta euskal zuzenbidea gaurregun ezin dugu ulertu juristok daramaten praktika haintzakotu gabe.

Zuzenbidea bereizteko korronterik eraginkorrena iuspositibismoa da. Honen arabera zuzenbidea ezarritako arauak dira, beharrezko formazko prozedurak jarraituz hartu diren arauak zeinen baliozkotasunaz erabakitzeko zuzenbidezko irizpide hutsak jarraitzen diren, eta ez bestelako irizpide moralik edo politikorik. Gakoa jakina irizpideetan dago: zuzenbidearen baliozkotasuna zuzenbideak bakarrik finka dezake arau juridikoa berezi baten arabera; baina nola erabakiko dugu beste zuzenbidezko arau honen baliozkotasuna? Positibismoak beste maila edo beste eremu bateko irizpideak ukatzen ditu halanola etikarenak, edo erlijioarenak, edo politikarenak: zuzenbidea ezagutzearren edota bere arauen baliozkotasunaren inguruan erabakitzearren ez da zuzenbidetik irten behar. Beste gauza bat da zuzenbide positiboak irizpide moral edo politiko jakin batzuk espreski aipatzea bere baliozkotasunaren neurkin gisa; orduan zuzenbidezko irizpideak bilakatzen dira bereak egiten dituen sistemaren baitan: horrelakoak izaten dira konstituzioetako irizpideak, ideologikoak izanagatik ez diote juridiko izateari uzten positibismoaren ikuspegitik. Baina galdera ezinbestekoa da: zergatik jasotzen dira irizpide ideologiko horiek? Ekar ditzagun Giza Eskubideak: Estatuetako konstituzio gehienetan jasotzen dira. Batzutan zerrenda propioak egiten dituzte estatuetako konstituzioek; beste kasu batzuetan, nazioarteko aldarrikapenetatik ekartzen dira edo horien arabera interpretatzea eskatzen dute. Hori egiten denean galdera sortzen da: ezbalitu zuzenbide batek jasoko, ez balitu zuzenbide batek Giza Eskubideak formalki aitortuko, esan al daiteke hala eta guztiz ere zuzenbide badirela? Baietz erantzuten badugu, garbi dago iuspositibismoaren ikuspegietatik aldenduta ginatekela.

Aldiz, iusnaturalismo deritzo(te)n korronte(ar)en arabera derrigorrez jaso behar dira horrelako irizpide ideologikoak zuzenbide izateko: zuzenbide positibo batek ez baditu edukinezko baldintza batzuk betetzen, demagun ez baditu gutxieneko arau moral batzuk betetzen ez da baliozkoa izango; behar bada juristek eta operatzaileek orokorrean obedituko dute, baina horrek ez dio baliozkotasuna ematen: badira hainbat arau juridiko betetzen ez direnak eta baliozko izaten jarraitzen dutenak; hori ezin du positibismoak ukatu baina kuestionatu behar da orduan zergatik diren baliozko. Ius positibistak esango du balioko direla beharrezko zuzenbidezko arauen arabera onartu direlako eta ez direlako derogatuak edo beste arau batzuek inplizituko deuseztatuak izan: zuzenbidezko bildumetan aurkitzen dira ezarritako zuzenbide bezala. Iusnaturalistak esango du baliozkoak direla justuak direlako edo onak direlako; hain zuzen ere onak direlako onartu ziren, baina onartuko balira arau juridikoak moralezko eskakizunen aurka, nahiz eta beharrezko prozedurak jarraitu, indarreango arau horiek ez lirateke baliozko izanen. Zentzu honetan azaltzen dira iusnaturalismoa eta iuspositibismoa uztartzeko saioak, Ronal Dworkinen teoriak, Robert Alexyren (The Argument from Injustice: a Reply to Legal Positivism, OUP 2002) ildo berriak edo Neil MacCormick-en azkenaldiko idatziak, (Institutions of Law, Oxford 2007) lekuko, zuzenbidearen kontzeptuan bertan dago justizia bilatzearen asmoa; zuzenbideak, zuzenbide izateko, justua izateko asmoa behar du, justiziaren kontzepzio jakin baten arabera bai, baina aldarrikapen hori dakar, justu izan nahi izatearena. Lortuko du ala ez, bakoitzak bere ikuspegitik neurtuko du hori, baina justu izateko pretentsioa du. Garrantzitsua da erlatibotasun horretaz jabetzea: norberak izango ditu bere justiziaren irizpideak, edo moralezkoak, eta hain zuzen ere horregatik posible egiten da zuzenbidearen balorapen morala egitea; horrexegatik posible egiten da zzuenbideak aldarrikatzen duen eskakizuna, zuzenbidea dena eta zuzenbideak izan beharko lukeena bereiztea: zein den zuzenbideak gorpuzten duen justizia eta zein izan beharko lukeen zzuenbidearen justizia; berriro iuspositibimosaren postulatuetara goaz: zuzenbidea denaren eta zuzenbideak izan beharko lukeenaren bereizketa bortitza, iusnaturalismoa nahasteko joera dituena.

Korronte hauen aurrean errealismo juridikoak oso ikusmira ausarta eta zentzuzkoa proposatu zuen, bere problema guztiekin. Errealismoaren arrapostua zera izan da, ikus dezagun errealitatean zer jotzen den zuzenbidetzat zuzenbidearekin operatzen dutenen eskutik, eta horrek emango digu baliozkotasunaren giltza: ez da galdetzen ia arau bat zuzenbide iturrietako batean aurkitzen dugun, alegia indarrean dagoen testu juridiko batean (lege batean, araudi batean); ez da galdetzen ere ia arau juridiko batek moralaren balizko kontrolen bat gainditzen ote duen; galdetzen dena da ia praktikan arau hori jarraitzen den, ia epaileek gatazka juridikoak erabakitzeko arau hura aplikatzen duten eta zer esanahia ematen dioten. Beste guztia alferrikakoa da baliozkotasuna erabakitzeko. Jakina, horren erakargarri egiten den teoriak zailtasunak ere baditu: zergatik aplikatuko du epaile batek? Hainzuzen ere baliozko delako. Beraz epaileak aplikatzea ez dio baliozkotasuna eman arauari; egiten duena da baliozkotasuna frogatu edo demostratu. Gainera esan beharko genuke zuzenbiderik ez dagoela epaileak aplikatzen duen arte eta beraz legegileek ez dutela zuzenbiderik egiten baizik eta zuzenbide-gai diren arauak, epaileen aplikazioarekin benetako arau juridiko baliozkoak bilakatzen direnak. Edozein kasutan, irizpide errealistak asko laguntzen digu zalantzagarri diren hainbat iturrirekin eta iturri horietatik erator daitezkeen arauekin, halanola printzipioekin, interpretazioaren bidez legeetatik eratortzen diren arauekin edota ohitura juridikoarekin.

Baina ez da bakarrik aztertzea epaileek zer joko duten zuzenbidetzat, edo zeren arabera erabakiko dituzten beren gatazkak. Azken finean errealismoaren ildotik jarraituz galdera nagusia da arauek pertsonen portaerak praktikan nola gidatzen dituzten eta pertsonen arteko gatazkak zeren arabera pikatzen edo konpontzen diren; agian arau ez ofizialen arabera moldatuko dira, estatu jurisdikzioak alboratuz; eta pertsonek eta operatzaile juridikoek jurisdikzioak saihesten badituzte? Aniztasun juridikoa aztertzen dutenek esaten dutenaren arabera, ez dira urriak horrelako kasuak.