Kontzeptua

Euskal zuzenbidea

Euskal zuzenbidearen gaiari hurbilketa bat egiteko, ikuspegi ezberdinak daude. Ikuspegi bat izango litzateke euskal zuzenbidea zuzenbidearen historiatik arakatzea: euskal erakunde publikoak historikoki garatu edo azaldu zirenean, berauek sortutako zuzenbide mota Erdi Arotik hasita eta gaur egun arte, bitarteko parentesi batzuekin. Hurrengo zailtasuna "euskal" erakundeen zehazpena da: Euskal Herrian sortu den zuzenbidea akaso, baina gure lurraldeak eta gure herriak erakunde eta status zatiketa ia etengabekoa bizi izan du beti: eskualde ezberdinetako erakundeen emaitza jaso beharko zen, Batzar Orokorrak eta Aldundiak eta Nafarroako erresumako arauak (Pirineoen alde bietan). Eztabaidagarria da ia Euskalerri osoko zuzenbide batasuna inoiz gertatu ote den. Beste ikuspegi batek euskaraz egindako zuzenbidea hartuko du abiapuntu gisa bereizketaren bila abiatuz, edo agian erdal hizkuntzetan idatzitako zuzenbidezko testuetan noizbehinka azaltzen diren euskal jatorria duten hitzak. Euskara ko-ofiziala bilakatu den unea arte iturri eta material urriko ikerketa litzateke.

Zuzenbidearen antropologoak agian ofizialtasun horretatik urrundu nahian ohiturak aztertuko ditu: nolako ohiturak garatu diren Euskal Herriko eskualde ezberdinetan eta usu horiek nolako antzeko ezaugarriak dauzkaten, eta ohitura horiek legearen zuzenbidea nola zeharkatu duten: zergatik sortu ziren eta zein xede eta helbururekin azaltzen saiatuko dira. Filosofia espekulatzaileago bati edo zuzenbide naturalaren kontzepzio herrikoiari atxiki egingo zaionik ere ez da faltako, von Savignyren ildoaren jarraitzaileak kasu, herriaren zuzenbide sena postulatuz: euskal zuzenbidea sena hori litzateke, Euskal Herrian elkarbizitza sozialaren ondorioz sortu den zuzen(tz)aren eta bidezkoaren sena, askatasuna, berdintasuna, norberari dagokiona aitortzearen aldekoa; Galindezek esango zuen bezala, Batzarrak eta Baserria. Sena hau ikertzeko iturriak askotarikoak izan daitezke: ohituren atzetik dagoen ikusmoldea (Weltanschaung), ipuin, mito, ahozko literaturaren - bertsolaritzan eta kondairen narrazioak, idatzizko testuak - juridiko, erlijioso zein arruntak -, eleberriak eta bestelako iturriak semiotikatik eta hermeneutikatik aztertu, justiziaren zentzu bat eratorri asmoz, agian Justiziaren teoriaren bat bidai kide delarik. John Rawlsek bere Justiziaren Teoria Bat liburuan azterbide honen pausoak eta tresnak azaldu ditu, nahiz eta bereak ez egin (ikus klasikoak.com bilduma).

Bada azkenik zuzenbidea eta estatua parekatzen dituen ikuspegia eta honen arabera euskal zuzenbideaz mintzatzea erregio baten ekoizpen juridikoa izango da: arlo pribatuan onartuta dauden foru zuzenbideko erregelak (batez ere jaraunspenaren inguruan) edo arlo publikoan garatzen diren legezko arauak (Eusko Legebiltzarrekoak) eta errejimen bereziak, hala nola kontzertu ekonomikoaren sistemaren araberako foru arauak. Ezbaian egongo litzateke ikuspegi horretatik Nafarroako zuzenbidea euskal zuzenbide den ala ez.

Baina ziurrenik ikuspegi hauetatik ukatuko da balizko euskal zuzenbide horiek, metodo historikoa, antropologikoa, hizkuntzazkoa jarraituz identifika daitezkeenek sistema juridikorik osatzen duenik. Gehienez azpisistema bat izango litzateke euskal zuzenbidearena. Ildo horretan erraxago egiten zaigu Scots law eskoziar zuzenbideari buruz mintzatzea euskal zuzenbideari buruz baino: kontua ez da bakarrik zuzenbide arlo jakin batzuetan berezitasunak egotea, sistema juridiko oso bat dago Eskozian, bere legeekin, bere auzitegi, abokatu eta epaile propioekin, zuzenbide ikasketa bereziekin; eta, azken finean, zuzenbide autonomo bat. Hainbat arlotan Eskozian indarrean dagoen zuzenbidea Erresuma Batuko zuzenbide administratiboa da, edo konpetentzien arabera, Parlamentu britaniarrak onartutako legeak, edo Europar Batasuneko zuzenbidea (itunak eta araudiak) baina hori egun zuzenbide guztietan gertatzen da eta aniztasunaren edo dibertsitatearen galderekin lotzen da.

Ikuspegi hauek aipatu eta gero, Jesus de Galindez gogora ekartzea komeni da. Izan ere El Derecho Vasco izeneko liburuxkan (Buenos Aires, 1947) azaltzen zuenez, bi instituzio juridiko autoktonoek bereizten dute euskal zuzenbidea, zuzenbide publikoarena bata eta zuzenbide pribatukoa bestea: Batzar Orokorrak eta baserria. Beste moduan adierazita: demokrazia arlo publikoan eta familiaren zentralidadea bizitza sozialean. Beste guztia bigarren mailakoa litzateke. Eztabaidagarri izanik ere, euskal berezitasunaren laburpen gisa eta batez ere euskal zuzenbidearen inguruan egiten diren birreraikuntza historikoen adierazle gisa, iritzi egokia dela esan daiteke. Ausartuko ginateke esatera Zuzenbideak ez duela pisu berezirik izan euskal unibertsoaren imajinarioan. Zuzenbide arloan euskal juristek ekarpenik egin badute, nazioarteko zuzenbidean izan da, Francisco de Vitoriaren eskutik, edo René Cassin-en eskutik, Giza Eskubideen arloan. Berdin esan daiteke Martin Azpilikuetari buruz, de Vitoriaren garaikide zena: bere ekarpen ezagunenak kanon zuzenbidean izan zen eta ekonomiaren hastapenetan. Kontutan hartzen badugu Gaztelako koroan eta Espainiako Erret Gortean euskal idazkariek, letraduek eta izkribauek izan duten garrantzia, harritu egiten gara Euskal zuzenbidearen inguruko eskola edo mugimendurik sortu ez izana. Ezin da esan unibertsitate gabeziagatik izan denik ere. Historikoki Oñatiko Unibertsitatean zuzenbide eskolak izan ziren, eta bereziki XVII-XVIII gizaldietan. Rodrigo de Mercado Zuazola sortzailearen asmoak nolabait ustel geratu ziren beraz. Baina ezer gutxi utzi dute, dirudienez, zuzenbidearen kontzeptualizazioaren inguruan.

Deustuko Unibertsitateari buruz antzeko zerbait esan genezake: euskal zuzenbidearen ikuspegia nekez aurkituko dugu. Deustuko Unibertsitateak eragin handia izan du XX. Mendeko espainiar elite askoren formakuntzan, eta ekonomia eta zuzenbidea irakatsiak izan diren arren, badirudi pragmatismoak edo sena praktikoa nagusitu izan dela ia beti : euskal jatorriko profesionalek kutsu teorikoa edo ikertzailea baino kutsu praktikoagoa izan ohi dute, eta edozein kasutan zuzenbidea ez da izan lehenengo karrera aukera. Errepublikako salbuespen laburrak ez zuen iraunkortasunik izan, eta euskararen ofizialkidetasunak ekarritako unibertsitate euskaldunaren lehen fruituak jaso arte itxaron behar izan da. Hala ta guztiz ere, lantzen den zuzenbidea, erdal zuzenbidea, nahiz eta euskeraz landu. Lehenengo saioak ikusten dira, alta, euskal zuzenbidearen edo orokorrean zuzenbidearen inguruko gogoetak lantze bidean. Euskal zuzenbidea eta honen historia azaltzen doaz kurrikulum berrietan , eta eukal zuzenbide pribatuaren gaurkotze asmoek legezko fruituak ere eman dituzte.