Literatoak

Loidi Bizkarrondo, José Antonio

1916ko abuztuaren 22an, familia euskaldun baten barnean, Errenterian (Gipuzkoa) jaiotako farmazialari eta euskarazko literatoa. 1999ko uztailaren 9an hil zen Irunen.

Madril eta Santiago de Compostelako fakultateetan Farmazia ikasketak burutu ostean, 1942an eskuratu zuen titulua. Halaber, Madrileko Unibertsitatean Optika eta Akustika ikasketak egin zituen (1957).

Oposizio bidez Madrileko unibertsitateko Ikuskatzaile Farmazialarien multzoan sartzea lortu zuen (1960) eta, urte berean, berezko plaza lortu zuen Irunen farmazialari gisa, eta han aritu zen lanean 1943az geroztik. Urte askoan Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kide izan zen. Osasun arloko Probintziako eta Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Buruzagintzako Udal Batzordean parte hartu zuen eta, halaber, Frantziako osasun agintariekin probintzian eta nazioartean egindako bilkuretan ere izan zen. Mapa sanitario de Guipúzcoa taxutzen aritu zen eta Itsasketa agintariekin lankidetzan izan zen Txingudiko badiako osasun arazoak zirela medio.

Gipuzkoako Farmazialarien Kooperatibako lehen zuzendari-batzordeko kide eta bazkide sortzaile izan zen. Farmazialarien Elkargo Ofizialak hidrologiari buruz egindako lanagatik saria eman zion. Espainiako Farmazialarien Elkargoko Kontseilu Orokorrak ere saritu zuen honako lanei esker: Posible aprovechamiento del agua del río Bidasoa para el abastecimiento de las ciudades de Irún y Fuenterrabía, Algunos aspectos sanitarios de las ciudades de Irún y Fuenterrabía eta Caminos de Santiago de Guipúzcoa (1971), lan horiek Espainiako Farmazialarien Elkargoko Kontseilu Orokorrak argitaratu zituen Madrilen 1975ean. Euskaraz egin zuen Farmakofitonimia (1982) lanari esker Espainiako Farmazialarien Elkargo Ofizialak saria eman zion. Elkargoak antolatutako La otra farmacopea sariketan epaimahaikide izan zen. Farmazialari Titularren Asanbladatan eta urari buruzko ikerkerten mintzaldietan parte hartu zuen. Jendaurrean eman zituen hitzaldietako batzuk argitaratu egin ziren: Documentos de Investigación Hidrológica delakoan (Hidronomia del Bidasoa, Aguas superficiales y aguas residuales, Abastecimiento de agua potable). Letretako eta Artetako Farmazialarien Espainiako Elkartearen bazkide sortzaile izan zen (1975). Elkarte horrek argitaratutako Pliegos de rebotica aldizkarian kolaboratu zuen euskaraz idatzitako poemen bidez eta, era berean Acofar farmaziagintzari buruzko aldizkarian ere idatzi zuen. Eusko Jaurlaritzak antolatutako Ciclo de Educación Sanitaria delakoan parte hartu zuen eta baita Ciclo de Educación Sanitaria delakoan ere. Hala, drogei, alkoholismoari, tabakoari eta osasun-ikuskapenari buruzko hitzaldiak eman zituen. UZEIko Biologia arloan kolaboratu zuen fitonimiari buruzko datuekin eta baita Gipuzkoako Probintziako Ospitaleko Informazio Buletinean ere. Azken horretan, gai asko jorratu zituen euskaraz. Gerora Euskal-fitonimia idatzi zuen.

Iruneko ikastolaren sorreran kolaboratu zuen. Gerra zibilaren ostean ospatu zen lehenengo euskal jaialdia berak antolatu zuen Irunen (1966). 1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta Euskaltzaindiak antolatutako literatura-lehiaketa askotan epaimahaikide ere izan zen. Baiona, Arantzazu eta Bergarako bilkuretan izan zen (Hizkuntza batzordeko partaide). Euskaltzaindiaren ohorezko aipamena 1957an. Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko kide ohia; bigarren garaiko behin-behineko Batzordeko diruzain; diruzaina 1978tik 1979ra; diruzainorde 1979tik 1983ra. Euskal Idazleen Elkarteko eta Kardaberaz Bazkunako kide, Agorak antolatutako literatura-eta zientzia-lehiaketa ugaritako epaimahaikide, Kultura eta Turismo Ekintzetxea (Donostia Hiria ipuinak), Irungo Udala (Irun Hiria literatura-sariak), Hondarribiko Udala (Euskal-jaiak), Farmazialarien Elkargoa, Guifarco, Bidasoan aldizkaria, Izokien elkartea, etab. La Voz de España egunkarian toponimiari buruzko lehen idazkiak argitaratu zituen (1951). 1955ean, Amabost egun Urgain'en argitaratu zuenean bultzada nabarmena eman zion euskarazko narrazioari, izan ere, ordura arte euskaraz idatzitako lehen polizia-eleberria zen hura (inprentan 7 edizio izan dituena), gerora, 1961ean katalanerara itzuli zena, eta baita frantsesera eta gaztelaniara ere. Euskaltzaindiaren ohorezko aipamena eta arrakasta komertzial bikaina eskuratu zituen.

Bigarren edizioko hitzaurrean, E. Masek, honakoa idatzi zuen:

"Zorionekoak gara, izan ere, euskarazko polizia-eleberriak idatzi dituen lehen idazleak genero zail horretan aritzeko gaitasun ukaezina dauka. Euskara arina eta argia, estilo bizkor eta higitua -eleberri mota hauetan ezinbestekoa- eta, batez ere, irakurlea etengabeko tentsioan mantentzeko edo lerro gutxitan pertsonaiak goitik behera zehazteko trebetasuna ageri du idazleak, horren ondorioz, eleberri honek arrakasta eskuratu behar zuen ezinbestean". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Hainbat ipuin eta artikulu idatzi ditu plaza ezberdinetan: Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, Habe, La Voz de España, La Voz de Euskadi, Antzerti, Uranzu, El Bidasoa, Bidasoan, Acofar, Pliegos de Rebotica, Cuart creixent, La nova col-leccio de lletres, Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkaria , Aya, Oarso, Cuadernos de Hidrología. 1970ean Irun bere aurrerabidean lanari esker Irun Hiria Saria jaso zuen. Luis de Uranzu Kultur Taldeko bazkide sortzaile eta presidente izan zen. Bertako Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkaria buletinean kolaboratu zuen. Urdanibia Ediciones S. A. argitaletxeko bazkide sortzaile eta euskara saileko arduraduna izan zen. Halaber, Bidasoan aldizkarian ere maiztasunez kolaboratzen zuen. OMECek (Ikerketaren eta Kulturaren Munduko Erakundea) argitaratutako hiztegiaren euskarazko zatia berak idatzi zuen: hiztegia, euskal gramatikaren laburpena eta elkarrizketarako jarduerak (gaur egun inprentan). Arantzadi Zientzia Elkarteko Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa taxutzen ere kolaboratu zuen, Etnologia Mintegian. Salvador Espriuren poesia-lan osoa euskaraz ematen (itzultzen) ere kolaboratu zuen. Zunzunegui edota Guerra Garrido itzuli zituen, besteak beste. Irungo Udalare eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin Euskal-jaiak-Fiestas Euskaras (Manuel de Lekuonaren hitzaurrea duena) eta Toponimia irunesa idatzi zituen.

AAA

Hamabost egun Urgain'en eleberrian Martin Garaidi detektibeak Urgain herrian hilketa bat argitzeko pasa zituen hamabost egunak kontatzen dira. Hona istorio horren hastapena: Urgain herri txikian Egurmendi aberatsa hil eta ehorzlea haren hilotza sartzeko lekua egiten ari dela, Egurmendi zaharraren seme batekin ezkondu zen eta hogei urte lehenago hil zen emakume baten garezurrean tiro baten arrastoak ikusten ditu. Dena den, emakumea hil zenean sukarraren eraginez hil zela esan zen.

Amabost egun Urgain'en eleberriak oso harrera ona izan zuen irakurleen eta kritikaren aldetik. Koldo Mitxelenak nabarmendu zuenez Loidik oso ongi eraiki zituen pertsonaiak (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Etor, 1972). Hizkuntzari dagokionez, Gotzon Garateren arabera "hizkera herrikoi eder eta aberatsa" erabili zuen Loidik (Atzerriko eta Euskal Herriko polizia eleberria, Elkarlanean, 2000).

Ibon Sarasolak, Historia social de la literatura vasca (Akal, 1976) lanean honakoa adierazi zuen Loidiren lanari buruz:

"Hizkuntzalaritzako arazo horien aurrean Loidiren esperientzia da interes handiena duena. Herrikoitasuna izan zen arazoari irtenbidea emateko baliatu zuen aukera. Purismoa literaturako prosaren jaun eta jabe zen garai batean, Loidiren euskara herrikoi bizia zen irtenbide aurrerakoiena, dena den, ez zen behin betiko irtenbidea, izan ere, Loidik ez zuen arrunkeria-purismo dualismo faltsua gainditu, eta bere estiloari euskal kutsua eman nahian bere lana gehiegizko hizkera herrikoi eta garbiz hornitu zuen, literaturako edozien prosan soberan dagoena".

Gotzon Garateren arabera, eleberriko narratzaileak hizkuntza jasoago eta neutralago bat erabili behar zukeen, dena den, ez dago ados Sarasolarekin pertsonaien euskara aztertzerakoan, izan ere, bere iritziz "oso zaila da bertan akatsak topatzea".

Bestalde, Loidik Irun Hiria Saria eskuratu zuen saiakeraren alorrean, Irun bere aurrerabidean lanari esker. Horrez gain berak idatzi zuen Irungo Udalak argitaratutako Euskal Jaiak-Fiestas Euskaras liburua. Herriko farmazialari gisa, etxean erabiltzen zen ura aztertzeko ardura zuen eta, horren ondorioz, hidrologiari buruzko hainbat ikerketa kaleratu zituen. Era berean, Bidasoa ibaiko zonaldeko toponimiari buruzko lan bat ere idatzi zuen. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1998an ohorezko kide.

1999ko uztailaren 9an hil zen Irunen. Orduan, berak sortutako (beste batzuen artean) Luis de Uranzu kultura-elkarteko ohorezko presidente zen.

FIO