Kontzeptua

Euskal Kongresuak eta hezkuntza

Eusko Ikaskuntzak euskal kulturaren historian (Estornés, 1983), eta hezkuntza sistemaren bilakaeran (Dávila, 1993) bete duen lekua eta izan duen esanahia argia da.

Bere sorreratik (1918), eta Espainiako Gerra Zibila heldu bitartean, euskal kultura eta hizkuntzaren normalkuntza helburu nagusitzat zuten intelektualak bildu zituen Eusko Ikaskuntzak, bere kongresuen bitartez. Eraman zuen aktibitatea eremu guztietara zabaltzen zelarik (hizkuntza, antropologia, zuzenbidea, etnografia, arkitektura, fisika, historia, ekonomia, arte ederrak, natur zientziak, etab.) hezkuntzaren alorrari dagokionez, azpimarratu behar da beregain hartu zuen euskal eskolaren errebindikazioa eta sustapena, baita euskarazko testuliburuen eta eskola materialaren sorkuntza. Hezkuntza eremuan, halaber, bigarren esparru inportantea Euskal Herriko Unibertsitatearen aldeko errebindikazioa izan zuen.

Gai pedagogikoekiko kezka eta interesa Oñatin 1918an egin zuen lehenengo Kongresuan argi eta garbi azaldu zuen Euskso Ikaskuntzak. Batik bat lehen hezkuntzaren egoera eta antolaketa planteatu zelarik, irakaskuntzaren gaia hizkuntzaren arazoekin lotuta eta beti ikuspegi berritzailetik hartuta aztertua izan zen. Arazoa gaztelerazko eskola zen, eta izaera desberdineko konponbideak plazaratu zituzten bertan parte hartu zuten Luis Elizalde, Eduardo Landeta, Leoncio Urabaien, Adelina Mendez, etabarrek, besteak beste: oinarrizko irakaskuntzaren antolaketa Diputazio eta udalen esku egotea, Euskal Herriko historia eta geografia irakastea, hezkuntza mailan autonomia handiagoa izatea, majisteritzako oposaketak herrialdeetako hiriburuetan ospatzea, zonaldeetako egoera linguistikoa kontuan hartuz euskara derrigorrezkoa izatea irakaskuntzan, udalek maisu-maistrak izendatzeko ahalmena edukitzea, irakaskuntzari begira euskarazko materiala sortzea, eta Euskal herriko Unibertsitatea eraikitzea.

Testuinguru horretan, baldintza politikoek ahalbidetuta eta Diputazioek zuten autonomia goseak lagunduta, bideratu ahal izan zen euskal eskolen aldeko laguntza eta euskarazko testuliburuen argitalpena. Orduan lortutako akordioak, bestalde, ondorengo Kongresuetarako errebindikazio-zutabe modura finkatu ziren.

Ildo beretik, gehiengoaren instrukzioa areagotu nahi izateak eraman zuen Kongresu oso bat lanbide heziketara begira antolatzera (1926, Gasteiz), eta kongresu erdia irakaskuntza orokorrera, 1920an Iruñean, eta 1922an Gernikan. Eusko Ikaskuntzak 1919-1924 bitartean jorratu zuen beste esparrua Euskal Herriko Unibertsitatearena izan zen. Lehenengo Kongresuan agindu zitzaiona betez, Euskal Herriko Unibertsitatearen proposamena egin zuen, ez berria ordea, Nafarroako Diputazioak 1866an proposatu zuen Universidad vasco-navarra delakoaren ildotik. Euskal Unibeertsitatea izan zitekeenaren lehenengo gauzatzea, halere, 1936an izan zen Bilbon sortutako Medikuntza Fakultatearekin. Gerrak hankaz gora bota zuelarik, 50eko hamarkadara arte itxaron beharko dugu Euskal Herriko Unibertsitatea izango dena errotzen ikusteko.

Labur bada ere, Euskal kongresuei erreferentzia egitean Euskaltzaindiak euskararen arautze bidean burutu dituen biltzarrak aipatu behar ditugu, horiek ere, zuzenean ala zeharka, eragin baitute euskarazko irakaskuntza sistemaren bilakaeran, hau ahalbidetuz eta, zergatik ez, mugatuz.

XIX. mendearen bukaeralderako euskal kultura idatziaren sustapenean murgildurik zeuden idazle, kultur talde eta euskaltzaleek, oro har, gero eta premiazkoagoa ikusten zuten euskara idatziaren inguruko araubide orokor bat erabakitzea. Premia hau are eta larriago sentituko da ekoizpen idatzia areagotuz doan heinean eta euskarazko irakaskuntza esperientziak gauzatuz joango diren heinean.

Ortografia arautu eta bateratze arazoa ardatz harturik lehenbizikoz egin zen biltzarra 1901ean Hendaian egindakoa dugu. Euskal Jaiak antolatu zirela aprobetxatuz, bertan bildu ziren euskal hizkuntza komunitatea bere osotasunean ordezkatzen zuten idazle eta euskaltzaleak, euskara idatzia zabaltzen lagunduko zuen ortografiaren batasuna finkatzea helburu zutelarik. Asmoak asmo, ordea, saiakeran besterik ez zen geratu han eztabaidatu zena. Hizkuntzaren inguruko arauen finkapenean emango zen hurrengo pausu esanguratsua ez zen 1919. urtera arte eman, Eusko Ikaskuntzaren babespean Euskaltzaindia sortu zen arte, alegia. Aurrerantzean Euskaltzaindiaren esku egongo da euskararen adierazpen ororengan eragingo duten oinarriak ezartzearen ardura.

Lehenengo momentuetako erabakiak puntualak izango dira, dela alfabeto baten proposamena (1920), dela zenbait grafemen inguruko erabilerari buruzko erabakiak (1927), etab. Baina, erabakirik sakonenak, euskal kulturaren eta euskarazko irakaskuntzaren garapenerako inflexio puntua suposatuko duten erabakirik garrantzitsuenak 1968ko Arantzazun egindako Biltzarrean hartutakoak izango dira, hots, euskararen batasunari buruzko aukera orokorra eta erabaki zehatzak. Ondorengo urteetan erabaki horiek argituz, osatuz edota zuzenduz joango dira, Euskaltzaindiak Bergaran 1978an antolatuko duen VIII. Biltzarrean estandarizaziorako lehen etapa bukatutzat eman arte (Zuazo, 1988). Aipatu Biltzarretan hizkuntzaren inguruan hartutako erabakien oinarri gainean eraiki, garatu eta zabalduko da, gaur egun arte, euskarazko irakaskuntza eta hezkuntza sistema orokorra Euskal Herrian.