Kontzeptua

Euskal Kongresuak eta hezkuntza

Informazio osagarria



Eusko Ikaskuntzak bere sorrerako lehen hamarkadetan eta Euskaltzaindiak 60ko hamarkadaz geroztik egin dituzten biltzar erabakigarriei erreferentzia eginez erabili izan ohi da, batik bat, Euskal Kongresuak terminoa. Euskal Kulturaren eta Euskal Herriko hezkuntzaren historiarako esanguratsuak izan diren biltzarrak ditugu, zuzenean edo zeharka hezkuntzako arlo desberdinetan eragin izan duten erabakiak hartu izan direlako.

Elite mailako kongresutzat har ditzakegun biltzarrak dira hauek, baina, hauetaz gain, hezkuntzaren historiaren ikuspegitik garrantzi azpimarragarria izan duten beste biltzar edo topagune mota bat ere aipatu behar dugu. Eusko Ikaskuntza edota Euskaltzaindia bezalako kultur erakundeak sortu aurretik esanahi berezia hartu zuten topaketak dira, euren inguruan garaiko euskaltzale eta elite kulturala bilduko zutena, herriarengandik gertuago egon zirenak, eta festaren testuinguruan eraiki zirenak, hots, Donostiako Euskal Hitz Jostaldiak eta Gipuzkoako Euskal Jaiak. Hauek, elite mailako baino herri mailako biltzar gisa, hezkuntzaren historian zeresana izango duten Euskal Kongresuak ditugu.