Kontzeptua

Euskal Herriko Historia: Erdi Aroa

Informazio osagarria


         · Euskal Herriko Historia
         · Historiaurrea
         · Antzin Aroa


         · Erdi Aroa
         · Aro Modernoa
         · Aro Garaikidea


V.mendetik aurrera, Erromako politika kolonialak porrot egin ostean, Euskal Herriko historiako garai ilunenetako bat hasi zen, arkeologiari esker argitzen ari dena. Pirinioen hegoaldean aurkitutako tradizio frantziarreko nekropoliak, baskoiek mendilerroaren bi aldeetara zuten batasuna islatzen du.

Inperio-administrazioaren aztarnen gainean monarkia berriak garatzen ari ziren garaian, botere jakin batzuk sortu ziren, eta hauek, euren proiektu politikoak sendotu zituzten, hain hedatzaileak ez izaki, aurrera egin ez zuten beste proiektu batzuen kontura. Testuinguru honetan kokatu behar dira, kronistak deskribatzen dituzten baskoien, frankoen eta bisigodoen arteko lehiak eta itunak. Borroka giro honetan, erabateko toki-agintari bilakatu ziren gerlari multzo bat sortu zen, hauek, sozialki zuten garrantzia eta euren ondasuna hilerrietan erakutsi zuten, jantzi dotoreenekin eta bere armekin hilotza lurperatuz egiten ziren hileta-erritualetan, gauzatutako eszenifikazio konplexu batzuen bitartez. VI. eta VII. mendeko baskoien gizarte-antolaketari dagokionez gauza gutxi jakin arren, nolabait, ia historiaurreko bizimodua zutela esan daiteke. Eragin kultural anitzekiko kutsakorra zen gizarte bat behatzen da eta, erreinu bisigodoen eta erreinu frankoen artean zaldiz hartuta, euskal lurraldeek bizi zuten egoera egoki aprobetxatzen asmatu zuten, gerlari-aristokrazien inguruan hierarkikoki antolatutako gizarte bat.

VII. mendean zehar Europan aldaketa garrantzitsuak eman ziren. Musulmanak penintsulara heldu eta Toledoko erreinu bisigodoa bertan behera geratu ondoren, eta frankoen erreinua sendotu ostean, talde baskoien arteko haustura ezaugarri zuen aro berri bat abiatu zen: hegoaldekoek Iruñako erreinua sortu zuten, asturiarren monarkian parte hartu zuten eta Al-Andalus marka gorena gobernatu zuten, fede musulmanari men eginez; iparraldekoak Wasconiako dukerria berrezartzeko lanean barneratu ziren, inperio karolingiarraren barnean. Aurreko mendeetan erakutsitako lotura hautsi egin zen, eta oraindik egun mantentzen diren izendapenak hartu zituzten lurralde berriak sortu ziren (Sopuerta, Karrantza, Aiara, Urduña, Bizkaia, Araba edo Berueza). Egoera geopolitiko berriaren ondorioz, hainbat familiak garrantzia hartu zuten sozialki eta Iruñako erreinua sortu zuten. Aristar dinastiak hartu zuen boterea lehendabizi, baina handik gutxira Jimena dinastiak eskuratu zuen boterea, eta dinastia horretako lehen monarkak, Antzo Gartzia Iak, 907.urtean aurrekaririk gabeko politika hedatzaile bati ekin zion. Mende bat beranduago, Antzo Gartzia IIIak, oinordekotza, itun edo gerren bitartez, euskal hizkuntza hitz egiten zuten lurralde guztiak koropean barneratzea lortu zuen, Iparraldeko Baskoniakoak barne.

Ikuspuntu sozialari dagokionez, IX. mendean hazkunde demografiko nabarmena eman zen, finkatze eta herrixka berrien agerpenean islatu zena. Hasiera batean antolakuntza autonomia zuten eta familiak euren etxe eta baratzekin bizi ziren, zerealak landatuz, larreak landuz eta basoak ustiatuz, erkidego modura aprobetxatzen zituzten berezkotzat zituzten lurrei etekina atereaz.

Azterketa gabeziaren ondorioz gauza gutxi dakigu herrixka horien morfologiari dagokionez, nahiz eta berriki, zenbait arkeologo, soroen eta biltegi txikien, etxebizitzen, lantegien edo, egurrez eraikitako eta txilar zuriz edo bestelako sasiz estalitako ukuiluen aztarnak identifikatzen ari diren. Herrixka hauetako askotan, herrixkak pilatutako ondasuna eta ekoitzitako soberakinak bertan pilatzearen ondorioz, erkidegoaren erreferente espiritual eta ekonomiko bihurtu zen eliza bat kokatzen zen, modu horretan, jauntxo ahaltsuenek aipatu ondasun eta ekoizpenak bereganatzea ekiditen zelarik.

Hala ere, familiek landutako eta sakabanatuta zeuden partzeletan ekoizpen guztia antolatzeko zailtasunak eta, oinordekotza-banaketak eraginda, nekazari asko galbidean sartu zen, hala, mendekotasun egoerara igaroz, modu horretan, jabetza guztiak, basoa ustiatzeko erkidegoko eskubideak edo elizan zegokien zatia, monasterioetara, laiko ahaltsuen eskuetara edo bizilagun aberatsen jabetzetara bideratu behar izan zituzten. Hala, 1000.urtearen bueltan, herrixken autonomia murriztu egin zen, musulmanen aurkako gerran edo erreinua administratzen eskainitako zerbitzuen ordainsari modura, erregeek emandako eskumen juridikoak eta politikoak baliatuta, nabarmentzen hasi ziren abadetza handiei eta zenbait familia nobleei errentak ordaintzera derrigorturik zeudelarik. Dena dela, lagapen hauek atzera bota zitzaketen monarkek, horrek haien aurreratzea eteten zuen, ondorioz, koroarekin hitzartutako itunean oinarritutako marko politiko berri bat ezartzeari ekin zioten. Erdiestea ez zen batere erraza izan. Gatazkak Gartzia Naxerakoaren garaian hasi ziren (1035-1053) eta 1076an jo zuten goia, baroiek, Peñalenen, euren errege Antzo IV. boteretik kendu eta beste bi hautatu zituztenean: mendebaldeko sektorekoek, Alfontso VI.a gaztelarra; eta nafarrek, Antzo Ramirez aragoarra. Iruñako erreinua deuseztatu eta urte gutxira, euskal aristokratak berriz batu ziren hura berreskuratzeko asmoz, Gartzia Ramirez (1134-1150) izendatu zutelarik. Dena den, oraingoan, errege berriak juramentua egin eta, tronua eskaini zioten nobleek ezarritako arauak errespetatu beharko zituen.

Gorte feudalaren kontratuzko monarkian oinarritutako boterea ulertzeko modu berri honek, euskal lurraldeetan, Erdi Aroan jazotako aldaketa geopolitiko etengabeak islatzen ditu. Lapurdi eta Zuberoa Akitaniako kondeei lotu zitzaizkion eta Ingalaterrako monarkiaren baitara igaro ziren. Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak, Gaztelan barneratuta ekin zioten XIII. mendeari. Azkenik, Nafarroako erreinu zaharra, dinastien arteko oinordekotzen eta nobleen arteko itunen ondorioz, Pirinioetako iparraldeko familia garrantzitsuen eskuetan geratu zen: Champaña, Evreaux eta Foix familien eskuetan, hain zuzen ere.

Jazotako aldaketa politikoak jauntxoen mesedetan izan ziren, nekazarien egoera, ordea, bi norabidetan finkatu zen. Alde batetik, jauntxoen mende geratu ziren eta zergak ordaintzera behartuta zeuden nekazariak zeuden (zentsupeko edo zergapeko nekazariak) eta, beste alde batetik, milizian parte hartzeko adina gaitasun izaki, jauntxoen mendekotasunetik ihes egin zutenak zeuden, zergak ordaindu behar izatetik libre geratu zirenak eta justizia errealaren mende geratu zirenak (kapareak). Azken hauek, XII. mendetik aurrera, batez ere, Kantabriako eta Pirinioetako haranetan indartuz joan zen talde bat eratu zuten.

IX. mendetik aurrera euskal lurraldeek jasan zuten hazkundeari esker, merkatuan barnera zitezkeen soberakinak atera ziren, hala, etekin ekonomikoa ateratzeko modu berriak zabaltzen ziren. Hala ere, hauek ezin ziren aprobetxatu bere baitan itxitako nekazal giro batean, ondorioz, monarkek eta Bizkaiko jauntxoek biztanleria jakin bati pribilegioak emateari ekin zioten, Hiri-Gutuna edo estatutu juridiko berezia emanez. Hala, 200 urteren buruan, paisaia erabat aldatu zen, urbanizatutako eta harresiz inguratutako 88 herri sortuta.

Urbanizazio prozesua XI. mende amaieran hasi zen erreinuaren erdi-erdian, bertan, Santiago bidearen babesean birsortutako bizimodu ekonomikoari esker, burgu berriak garatu ziren Donibane Garazin, Iruñan edo Lizarran. Fenomenoa berehala Araba eta Gipuzkoara hedatu zen. 1200.urtean lurralde hauek konkistatu ostean, Gaztelako monarkek fundazio-politika berdinarekin jarraitu zuten, itsasoaren alboan estrategikoki kokatutako lekuak edo, artilearen esportazio ziurtatze aldera, Gaztela Kantabriako kaiekin komunikatzen ziren bidegurutzeak lehenetsiz. Arrazoi berdinak zirela medio, XIII. mendean zehar eta baita XIV. mende zati batean ere, Bizkaiko jauntxoek euren herriak fundatu zituzten.

Hiri-nukleo berriek zituzten eskumenei esker, hainbat biztanle bertaratu ziren horietara: jauntxoen presioa bizkarretik kendu nahi zuten inguruko nekazariak; egoera ekonomikoa sendotu nahirik Pirinioez bestaldetik etorrirako artisauak eta merkatariak; euren fedea eta lanbidearekin jarraitu nahi zuten judutarrak eta, espiritualtasun modu berrietatik abiatuta, bizilagunen epela erdietsi nahi zuten erlijio-ordenak (frantziskotarrak, agustindarrak eta domingotarrak). Batzuk zein besteak, ordura arte ia garrantzirik ez zuten jardueretan murgildu ziren, artisautzarekin, burdinaren industriarekin, merkataritza-ehungintzarekin eta itsas-garraioarekin zerikusia zuten eta XIII. mendetik aurrera euskaldunak Europa guztian ezagutzea eragin zuten jardueretan.

XIII. mende amaieran hazkundeak goia jo zuen. Egoera kaltegarrian zeudenek pairatu zuten krisia, baina, aristokraziak ere jasan zuen krisiaren astindua, izan ere, herriak han-hemenka sortzen zirenez, demografiak atzeraldia bizi zuenez eta gero eta kapare gehiago zeudenez, gero eta gutxiagok zuen zerga ordaintzeko betebeharra eta, ondorioz, aristokraziaren diru-sarrerek beherakada latza jasan zuten. Egoera honi aurre egin nahirik nobleziak hainbat mekanismo abiarazi zituen: nekazarien gaineko zergak arbitrarioki areagotu zituzten, elkarren artean lehiatu ziren etekinen banaketa zela-eta, herrien gobernuan barneratu ziren eta monarkei babes eman zieten, dinastien arteko gatazketan. Guztia, XIV. eta XV. mendeetan euskal lurraldeetan jazotako bandoen arteko gerran gauzatu zen. Lurraldeka, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba izan ziren kaltetuenak. Nafarroan, agramondarren eta beaumondarren arteko borroken itzalpean ezkutatu ziren gatazkak, batzuk Juan II.aren alde azalduz eta bere semearen, Bianako Printzearen, alde agertuz besteak.

Gerra ez zen izan nobleen arteko lehia hutsa, gatazka sozialaren indarkeria nekazariengana eta herriko bizilagunengana ere iritsi zen, izan ere, bandoen edo leinu-multzoen egitura, ezkontza bidezko edo itun pertsonal edo politiko bidezko elkarketen bitartez osatzen zen. Familiaren ondasunak babesteaz eta kudeatzeaz arduratzen zen Ahaide Nagusia ordezkari zuen, arbaso batekin identifikatzen ziren, ahaidetasun erreal edo asmatutako ahaidetasun bidez batutako gizabanako multzoen bitartez osatzen ziren leinuak.

Landa-kapareak eta herriko bizilagunek, bandoen neurri arbitrarioei eta indarkeria feudalari eutsi zioten mekanismo ezberdinak baliatuz, horien artean, ordena publikoa mantentzeko eta Ahaide Nagusiaren eta bere aliatuen bidelapurreriaren aurka borrokatzeko sortu ziren Anaitasunak edo itunak nabarmendu behar dira. Hauek, eskubide foralaren aurrekari izango ziren, berezko legedi eta araudiz eta, Batzorde Orokorretan ordezkatutako gobernu-organoz hornitu ziren, zeintzuk, XV. mendeko berrabiarazte ekonomikoarekin batera, euskal lurraldeetara bakea ekartzen lagundu zuten.

  • ORELLA, J.L. (1996), Historia de Euskal Herria, Los vascos de ayer. Txalaparta argitaletxea.
  • GOYHENETCHE, M. (1999), Historia General del País Vasco, I bild. Tarttalo argitaletxea.
  • BAZÁN, I. (2002). De Tubal a Aitor. Historia de Vasconia.
  • LEMA, J.A. BARRUSO, P. koord. (2004) Historia del País vasco (Edad Media. Siglos V-XV).
  • AZKARATE. A.; GARCIA CAMINO, I. koord. (2005), Historia de Euskal Herria . De la romanización a la conquista de Navarra. 2.bild. Lur argitaletxea.