Kontzeptua

Bando-Gerra

Bando-gerra aztertzen hasi aurretik ezinbestekoa da kontzeptua bera argitzea, izan ere, tradizionalki izen horren baitan barneratu izan ditugu erdi aroan zehar Euskal Herrian jazotako hainbat gatazka.

Horrela, zentzu hertsian, bando oinaztar eta ganboatarren nobleen arteko gatazkak barneratzen dira izendapen horren baitan, arrazoi nagusi batek bultzatuak: "gehiago izatekoa". Lope Garcia de Salazarren Bienandanzas e Fortunas (borrokak aztertzeko eskuragarri dugun iturri nagusia) irakurri ostean horixe da ondoriozta daitekeen lehen adiera. Dena den, interpretazioaren bilakaera ere adierazgarria izan da. Anekdotikoa baino ez den aipamen batetik (gertaera-kronika bat) leinua baten nahiz bando baten logika azaltzeraino pasa gara (Caro Baroja, 1974; Marin, 1998), hau da, funtsean ahaidetasunean edo sasi-ahaidetasunean oinarritzen zen komunitate baten logika azaltzeraino, non bortizkeria endemikoa zen (Dacosta, 2003). Beste interpretazio-ildo bat hartuta, nobleen arteko gatazkak erdi aroko errenta-krisiaren testuinguruan kokatu dira, horrenbestez, Europan hedatutako fenomeno bat litzateke. Modu horretan, gatazken tokiko interpretazioa atzean utzi eta leinuek elkarren artean lehian aritzeko zituzten arrazoiak testuinguru batean kokatzen dira (Diaz de Durana, 2004).

Azken interpretazio horrek, gainera, beste ikuspegi interesgarri bat zabaltzen du: Bando-gerrak ez lirateke soilik nobleen arteko borrokak, baizik eta jauntxoek "arruntaren" (landa-munduan edo hiribilduetan) gainean egindako presioaren ondorioak erakutsiko lizkiguke eta baita presio horretatik eratorriko liratekeen jauntxoen aurkako mugimenduak ere. Finean, nobleen arteko borrokatik gatazka sozialera igaroko ginateke.

Bando-gerra nobleen arteko gatazkatik haratagoko fenomenoa dela aintzat hartzen duen ideiari jarraiki, azken urteetan asko idatzi izan da leinu-bando eta hiribildu-ermandadeen arteko harremanari buruz. Hala, hark hiriguneetan izandako eraginaz gogoeta egiteaz gain, aintzat hartu izan da gatazka pixkanaka lurraldea sozial eta politikoki antolatzeko bi formulen arteko lehia batera bideratu izana. Formula horietako bat landa-eremuko leinuek bultzatzen zutena litzateke eta bestea hiriguneko patriziatuak defendatua. Horrek azalduko luke gatazken amaiera aldera arrazoibide nagusia ermandadeen eta ahaide nagusikoen arteko lehia izatea, are, azken horiek barneko bando-zatiketak gainditzeraino (Achon, 2006). Interpretazio horrek gatazkaren azken ondorioak azpimarratuko lituzke, hots, Lurralde Historikoak sozial eta politikoki antolatzeko modua azpimarratuko luke, eta foru-kultura zer-nola sortzen den, hain zuzen, euskal lurralde ezberdinetan ahaide nagusikoen eta ermandadeen artean gatazkak ebazteko modu berezien ondorioz.

Hala bada, nobleen arteko gatazkaren gainazalaren azpian bando-gerra horiek hartzen dituen agertokia askoz ere konplexuagoa dela aintzat hartuz, nire ustez, hiru dira aipatu gerren inguruan egun ditugun ezagutzen berri emateko azaldu beharreko itemak:

  1. Ahaide nagusikoak, leinu eta bandoen buruak, ahaidetasunean egituratutako komunitate-kontzeptu bat baitaratzen zutela eta gure lurretan jauntxoaren monopolioa zutela gurari.
  2. Bando-gerrek bilakaera izan dutela, hala, lehen fasetan jazoera isolatuak (bidelapurreria, gaizkileak, lehia partikularrak, etab.) izan ziren gatazkaren adierazle nagusiak; azkenean, ordea, jaurgoan oinarritutako estamentu bat finkatzearen alde edo aurka egoteak nahiz Lurralde Historikoa sozialki eta instituzionalki antolatzeko ikuspegi ezberdina izateak gatazka Bando eta hiribilduen arteko lehia batera eraman zuten.
  3. Gatazken amaieratik, lurralde bakoitzeko aldaera adierazgarriak aintzat hartuta, gure Lurralde Historikoen sorrera eta aro modernoan zehar izan duten garapena ulertzeko ezinbestekoak diren gakoak eratortzen direla.

Halaxe da, ulertu behar dugun lehen kontua zera da, ahaide nagusikoak, eta are garrantzia gutxiagoko beste leinu-buru batzuk, jauntxo izaera eskuratzeko saiakeraren isla direla, ahaidetasun arrazoiak eragindako gailentasun-egoera batetik abiatuta. Hori hainbat fasetan eman zen. Hala, hasieran ahaide nagusiko izatetik jauntxo izateko saiakera gauzatu zuten eta, azkenean, nobleen estamentu bat eratzeko ahalegina etorri zen.

Hasiera, bada, ahaide-talde bateko edo ahaidetasun-lotura batek batutako talde bateko "nagusia" izatea litzateke. Modu horretan, odolezko loturetatik edo hari atxikitako beste alderdi batzuetatik (sasi-ahaidetasun izendatuak) erator daitekeen nagusitasun bat lortzen da. Odolezko lotura horiek gizarte-hierarkia bat osatzeko moduko lotura pertsonalen bilbadura bat osatzen dute.

Nagusitasun hori jauntxo baten nagusitasuntzat jotzeko, lotura horiek lurraren edota hartako produktuen gaineko eskubide eta justizia agintzeko -iuris dictio- botere bilakatzea da gakoa, hots, lur horiek okupatzen zituzten gizonen gaineko botere bilakatzea. Prozesuari dagozkion xehetasunetan sartu gabe (Achon, 2006, 229. or.), ñabardurak eskatzen dituen panorama bat agertzen zaigu, izan ere, jauntxo gisa jokatzen zutenen adibide ugari izan arren, Gipuzkoan eta Bizkaian Nagusi horiek lortu zuten jauntxo izaera zuhurtziaz aipatu behar da. Zer-nolako boterea erdietsi zuten ahaide nagusi horiek? Laburbilduz, egia da mendekotasun pertsonalean oinarritutako sare egituratu bat eratu zutela, modu horretan, bandoak eta partzialtasunak antolatuz; egia da, halaber, bilbadura horretan berezko kode moral bat zegoela, "bakea", "adiskidetasuna" edo "konkordia" kontzeptuei buruzko ikuspegi oso berezia barneratzen zuena eta, non justizia pribatuak, odolaren mendekuak eta desafioak protagonismo handia zuten; azkenik, erraz froga daiteke errenta feudalari dagokionez lorpen handiak gauzatu zituztela (patronatuak, mendien, erroten edo burdinolen gaineko errentak, hamarrenak eta bestelako irabaziak). Baina, horrez gain, egia da, halaber, Gipuzkoan eta Bizkaian "jaurgorik gabeko jaunak" zirela zinez (Diaz de Durana, 2004, 131. or.), izan ere, ez zuten jabetza handirik ezta konpetentzia jurisdikziorik ere. "Enriketar mesedetako" izendatzen zirenek, aitzitik, ukan zituzten jabetza eta konpetentziak, batez ere, Arabako lurraldean.

Gatazkaren ezaugarri nabarmenetako haren bilakaera da, hots, nola aldatu ziren gatazkaren zergatiak eta protagonisten nahimenak. XV. mendean barneratu arte, nobleen arteko areriotasuna eta jaun izateko asmoa zutenek tokiko edo eskualdeko esparruan egin zituzten mugimenduak ziren gatazkaren ezaugarri behinenak, hiribildu eta bailarak bereganatzeko edo komunitate horien barnean norberaren aldeko bando eta multzoak sustatzeko ahaleginaz gain. Horren adibide ona da Lenizko haranean XIV. mendearen azken hamarkadatan Oñatiko jaunaren eta Arrasateko hiribilduaren artean sortu ziren tirabirak (Achon, 1994, 75 or. eta hurrengoak). Adibide horrek, era berean, ahaide nagusien eta hiribilduetako biztanleen nahimenak elkarren aurkakoak zirela erakusten du eta hiribilduetako biztanleak bakoitzaren ingurunean jaurgo kolektibo gisa jokatu zutela.

Hain zuzen, Gipuzkoako kasua gatazkak izan zuen bilakaeraren adibide paradigmatikoa da, non protagonistek lurraldearen baitan batzeko joera argia izan zuten. Leinu bandokideen kasuan indarrak batu zituztela esan daiteke. Horrek argi erakusten du bazutela kolektibo izaera, jaurgoan oinarritutako estamentu gisa jokatuz. Orobat, hiribilduak Ermandadetan antolatu ziren eta horrek argi erakusten du bertako patriziatua errealitatearen eskualdeko ikuspegia gainditzen hasi eta beren burua nagusien beharrik gabe babesteko gai zirenaz konturatzen hasiak zirela. Agian, horrek guztiorrek, agerian uzten zuen bandokideen kode moralaren eta hiribilduetako antolaketa korporatiboaren arteko bateraezintasuna. Hiribilduetako antolaketa auzoaren nozioan oinarritzen zen eta funtsezko funtzio ekonomikoak garatzea (batez ere, merkataritzakoa) ahalbidetuko zuen bake soziala mantendu nahi zuten.

Modu horretan, gatazkaren leitmotiv nagusia lurraldea sozialki eta instituzionalki antolatzeko bi ikuskeren arteko borroka bihurtu zen pixkanaka. Ahaide nagusiek lotura pertsonalen sare egituratu bat garatuz eraikitzen zuten antolaketa hori eta hiribilduetan barneratzen zuten hiriko bando eta multzoak eratzeari eta lurraldeko gizonengan zuten nagusitasuna aplikatzeari esker. Beren burua jatorri gisa ikusten zuten, komunitateko gainerako biztanleak adarkatuko zituen enbor modura. Horregatik, jauntxo izaera aldarrikatzen zuten erregearen aurrean bitarteko izateko gaitasuna eskatzearekin batera. Horrenbestez, hiribildu edo ermandadeei edozelako aginte-moduak emateari uko egiten zioten eta, era berean, haien izaera hiriko patrizioekin parekatuz gizartean egindako edozein alderaketa errefusatu egiten zuten (Achon 2006, 234. or.).

Eredu horren aurrean, hiribilduek bestelako eskema bat irudikatu (eta gauzatu) zuten, non kontzejuak izango ziren protagonista nagusiak tokiko eta eskualdeko espazioetan. Eskema horren hedapen gisa, hiribilduak Ermandadeetan batu ziren, modu horretan, probintziako espazioa zuzentzeko asmoz. Gainera, Batzar Nagusiei esker egitura hori instituzioetara eraman zuten eta haien konpetentziak Ordenantza-koadernotan gauzatu zituzten, gero eta zabalagoak eta zehatzagoak zirenak.

"Gauzak ikusteko modu bat izan zen gatazkaren amaiera ekarri zuena, eta ez leinu batek beste baten aurrean lortutako garaipena" (Aguinagalde, 1998, 159. or); (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).Uste dut esaldi horrek bikain islatzen duela Bando-gerren amaiera nola interpretatu behar den. Horrela bada, ez da leinu zehatz batek beste baten aurrean izandako garaipena. Berez, hainbat adibidek erakusten dutenez, guztiak (ahaide nagusiek, mendekoek, landa-leinuek, kapareek eta hiriko patriziatuek) antolakuntza berrira egokitu ziren, zuzenean Gorteetara joz nahiz probintziako lurraldean geratuz. Antolaketa berri horretan ere etxea zen zutabe nagusia, izan ere, kultura etxetiar horretan etxea goretsi egiten zen eta familia-estrategia bideratzeko gune berritzat jotzen zen. Modu horretan, "gehiago izateko" modu berri bat sortu zen.

Dena den, lurralde-mailan adierazgarriena zera izan zen, ermandadeek eta probintziako instituzioek proposatutako antolaketa korporatibo hori nagusitu egin zela probintziako gobernuan. Hala, bandoen eragina maila sinboliko batera murriztu zen, baita hiribilduen barnean ere (Achon, 2006, 234-235. or.). Antolaketa korporatibo berri horretan nagusiei jauntxo izaeraren monopolioa ukatzea izan zen elementu kultural enblematikoena. Jakina, era berean, horixe izan zen nagusien ereduarekiko bateraezintasun gehien agertzen zuen elementua eta epe luzera eragin handiena izan zuena. Aitzitik, kaparetasun kolektibo bat finkatu zen, hots, estatutu pribilegiatua lurraldean barna hedatu zen. Hala, probintziak orube nobletzat jotzen ziren eta bertatik ernamuintzen zen bertakoen askatasun izaera. Horrenbestez, bertatik ernamuintzen zen bertakoen erabilera eta usadioen arabera gobernatzeko eskubidea, koroarekiko harremanean inolako jauntxoren bitartekaritzarik gabe.

Hurrengo mendeetan ikuspegi horrekin bat zetorren bilbadura instituzionala garatu zen (tokiko korporazioak, Batzar Nagusiak, Foru Aldundiak) eta foruak sendotu ziren (tokian tokiko formalizatze-mailarekin). Foru horietan probintziako autogobernuaren edukia, jatorria eta irismena zehazten zen, autogobernu hori monarkia katolikoarekin nola uztartzen zen azalduz. Gure Lurralde Historikoak eratu ziren.

  • ACHON, Jose Angel. A voz de concejo. Linaje y corporación urbana en la constitución de la Provincia de Gipuzkoa. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1995.
  • ACHON, Jose Angel. "Los Parientes Mayores". Iura Vasconiae. Revista de Derecho Histórico y Autonómico de Vasconia, 3, 2006, 221-247 or.
  • AGUINAGALDE, Francisco Borja de. "La genealogía de los Solares y Linajes guipuzcoanos bajomedievales. Reflexiones y ejemplos". DÍAZ DE DURANA, J.R. Las luchas de bandos, op. cit., 1998, 149-206 or.
  • CARO BAROJA, Julio. "Linajes y bandos". Vasconiana. Donostia: Txertoa, 1974, 13-61 or.
  • DACOSTA, Arsenio F. Los linajes de Bizkaia en la baja edad media: poder, parentesco y conflicto. BiIbo: EHU, 2003.
  • DIAZ DE DURANA, José Ramón (argit.). Las luchas de bandos en el País Vasco: de los Parientes Mayores a la Hidalguía Universal. Guipúzcoa, de los bandos a la Provincia (siglos XIV a XVI). Bilbo: EHU, 1998.
  • DIAZ DE DURANA, Jose Ramon. La otra nobleza. Escuderos e hidalgos sin nombre y sin historia. Hidalgos e hidalguía universal en el País Vasco al final de la Edad Media (1250-1525). Bilbo: EHU, 2004.
  • GARCIA DE SALAZAR, Lope. Las Bienandanzas e Fortunas. RODRÍGUEZ HERRERO, Angel (argit.) Bilbo: Bizkaiako Foru Aldundia, 1985. 4. alea.
  • GARCIA FERNANDEZ, Ernesto. "Guerras y enfrentamientos armados: las luchas banderizas vascas". Los Ejércitos. Gasteiz: Antso Jakituna Fundazioa, 1994. 57-104 or.
  • IMIZCOZ, Jose Maria (zuz.). Redes familiares y patronazgo. Aproximación al entramado social del País Vasco y Navarra en el Antiguo Régimen (siglos XV-XIX). Bilbo: EHU, 2001.
  • LEMA, Jose Angel; FERNANDEZ DE LARREA, Jon Andoni [et al.]. Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2000.
  • LEMA, Jose Angel; FERNANDEZ DE LARREA, Jon Andoni [et al.]. El triunfo de las élites urbanas guipuzcoanas: nuevos textos para el estudio del gobierno de las villas y de la Provincia (1412-1539). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2002.
  • MARIN, José Antonio. Semejante Pariente Mayor. Parentesco, solar, comunidad y linaje en la institución de un pariente mayor en Gipuzkoa: los señores del solar de Oñaz y Loyola (siglos XIV-XVI). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1998.